
Jean Dubuffet-ek pintura ikasi zuen Parisen, baina tarteka utzi egin zuen, familiak zuen ardoen negozioan aritzeko. Izan ere, 40 urte bete zituen arte ez zuen bakarkako erakusketarik egin.
Bigarren Mundu Gerraren amaieran, bere margolanak ikusgai jartzen hasi zen. «Lan haiek aurre egiten zieten garai hartan sakon-sakon errotuta zeuden balio estetikoei, izan ere, artistak arbuiatu egiten zituen egokitasunaren eta edertasun klasikoaren printzipioak, baita trebetasun teknikorako pretentsio oro ere», aipatu zuen Bilboko Guggenheim Museoak 2022an eskaini zion erakusketa handiak.
Dubuffetek oharkabean doazen eguneroko gauzetan jartzen zuen arreta; bere lanetan material gordinak baliatzen eta gai arruntak jorratzen zituen, eta zerabilen estiloak uko egiten zion heziketa akademikoaren edozein kanpo-zantzuri.
Psikiatren lana ezagutu zuenean eta, arte-terapiekin txundituta, art brut gisa ezagutzen den korrontea sortu zuen; hau da, arau estetikoetatik kanpo lan egiten duten ez-profesionalek sortutako arte korrontea da, kezka intelektualetatik libre. Buruko gaixoek, kultura primitiboek edo haurrek sortu dezakete mota honetako artea.
Dubuffetek etengabe jardun zuen arte-sorkuntzari heltzeko zuen modua berrasmatzen. Teknika eta estrategia ugari esploratu zituen konposizioaren arloan; bere irudimenean zeuden askotariko gaiak jorratu nahi zituen, eta askatasunez mugitzen zen figurazioaren eta abstrakzioaren artean.
‘L’Hourloupe’ zikloarekin Dubuffetek hiztegi bat ezarri zuen, fantasiazko unibertso hedakor bat sortzeko eta esploratzeko aukera ematen ziona, adierazpide bisual bakarrean bateratua. Era berean, gai epistemologikoetan eta fenomenologikoetan sakontzeko aukera eman zion, eta horretan jardun zuen bere ibilbidearen amaierara arte.


