Gaur 8

Lehen ‘otso bakartiak’ hamabost pertsona hil zituen Austingo Unibertsitatean

60 urte bete dira gaur Texasko unibertsitateko sarraskitik. Estatu Batuetako ‘otso bakarti’ baten lehen tiroketa masiboa gertatu zen Austin hirian, 1966ko abuztuaren 1ean. Charles Whitmanek, arazo psikologikoak zituen 25 urteko marine ohiak, 15 pertsona hil eta beste 31 zauritu zituen. 

Dorre honetatik egin zuen tiro Charles Whitmanek.
Dorre honetatik egin zuen tiro Charles Whitmanek. (WIKIPEDIA COMMONS)

Eguerdiko 12.00ak izateko minutu batzuk falta ziren 1966ko abuztuaren 1 hartan. Bat-batean, Ameriketako Estatu Batuetako Texasko Unibertsitatearen udako lasaitasuna eten zuen tiro baten hotsak. Gero beste bat eta beste bat... horrela, ordu eta erdiz, Charles Whitmanek, frankotiratzaile gisa entrenatuta zegoen ingeniaritza-ikasle batek, unibertsitateko erlojuaren dorre ikonikoaren aurretik ikusten zuen guztia metrailatu zuen.

Unibertsitatera iritsi baino lehen, Whitmanek sastakadaz hil zituen bere ama eta emaztea. Guztira 17 hildako eta 30 zauritu eragin zituen.

Austingo Polizia Departamentuko bi ofizialek erasoa hasi eta 96 minutura, gutxi gorabehera, hil zuten dorrean babestuta –28 solairura igo zen– eta suzko arma ugariez hornituta zegoen Whitman.

Lehen aldia izan zen Estatu Batuetako hedabideetan ‘tiroketa masiboa’ esamoldea erabili zela campus batean gertatukoa aipatzean. Mota honetako sarraskien fenomenoaren hastapena izan zen, gaur egun zoritxarrez hain ohikoa dena.

Ironia hutsa dirudi, baina paradoxa bat eman zen 2016. urtean. Abuztuak 1ean, egun horretan bertan, sartu baitzen indarrean Texasko lege eztabaidagarri bat: unibertsitate-campus publikoetan suzko armak eramateko baimena eman zuen legea, alegia.