Gaur 8

Louis Delgrès, esklabotzari aurre egiteko Napoleonen aurka matxinatu zen militar mulatoa

Parisko Panteoiak gordetzen ditu Rousseau, Voltaire, Monnet, Victor Hugo, Zola edo Curie senar-emazteen gorpuzkiak. Plaka bat ere aurkitu daiteke han, ‘Gora askatasuna’ esaldiarekin eta Louis Delgrèsen gogoan. Militar mulato iraultzaile honen gorputza ez dago han. Gaur 260 urte jaio zen Martinikan.

Louis Delgrèsen oroigarria Petit-Bourg-en.
Louis Delgrèsen oroigarria Petit-Bourg-en. (WIKIPEDIA COMMONS)

1766ko abuztuaren 2an jaio zen Louis Delgrès (Saint-Pierre, Martinika, 1766ko abuztuaren 2a - Matouba, Guadalupe, 1802ko maiatzaren 28a) militar mulatoa eta esklabotzaren aurkako matxinada gidatu zuena. Bere jatorria guztiz argi ez dagoen arren, badirudi Elisabeth Morin izeneko mulata baten eta Louis Delgrès kreole zuriaren semea zela.

Irakurtzen, idazten eta kalkuluak egiten bazekien eta, 17 urte betetzean, bertako milizia kolonialean sartu zen. Laster sarjentu mailara igo zen oso testuinguru berezian, 1789an iraultza lehertu baitzen metropolian eta Asanblada Nazional Konstituziogile berriak Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideen Aldarrikapena aldarrikatu zutelako.

Militar bezala gaitasun handia erakutsi zuen. Britainiarrek Antilla Frantsesak okupatu nahi zituzten eta horren aurkako borroketan hartu zuen parte. Preso harrapatu zuten pare bat aldiz eta, 1796an, Guadalupera itzultzea lortu zuen. Urte horretan bertan Napoleon Bonapartek boterea eskuratu zuen eta hartu zuen neurrietako bat esklabotza berrezartzea izan zen.

Hau indarrean jartzeko Antoine Richepanse jeneralaren agindupean zegoen espedizio militarra bidali zuen Karibera. Tropen iritsierak Delgrès bezalako iraultzaile eta esklaboak legetik kanpo utzi zituen. 1802ko maiatzaren 10ean, «l'Univers entier, le dernier cri de l’innocence et du désespoir’»(Unibertso osoari, inozentzia eta etsipen oihua) aldarrikapen ospetsua bota zuen Delgrèsen. 

Setiatuak,1802ko maiatzaren 28an, Guadalupeko Matouba Saint-Clauden eta haren jarraitzaileekin batera, eztanda handi batez haien buruez beste egin zuten.