Klima politiken aurkako laugarren narratiba
Gizarte globalizatuak ekosistemekin duen lehiatik aldendu eta haiekin sinbiosian -elkar zaintzen- bizitzeak klima eta natura larrialdia leuntzen lagunduko digu, aldaketetara hobeto egokituz: erregai fosilak ordezkatuz, energia gutxiago eta garbiago erabiliz, edota zabor plastikoa eta fauna bereizi gabe hiltzen duten pestizidak alternatiba burutsuekin murriztuz, adibidez.
Baina oreka hori lortzeko politiken aurkako posizioak indartsuak eta iraunkorrak dira, nahiz eta haien narratibak eraldatuz doazen. Aurkakotasun hori adierazten dutenak eskuin muturrekoak, kontserbadoreak, indibidualistak edo neoliberalak izan ohi dira. Hainbat izen har ditzakete. Ez dira berdin-berdinak, baina ezaugarri bat dute amankomunean: aldaketen aurrean egokitzeko duten erresistentzia. Berdin dio zein aldaketa den: emakumeek eskubideak lortzea, kultura desberdinetako bizilagunak etortzea, edo uraren kultura berria hedatzea.
Politika horien aurkarien narratibek hiru forma hartu dituzte 1990eko hamarkadatik hona. Narratiba bakoitzak aurrekoa ordezkatu du gehienbat, pertsona gutxi batzuek hasierako argudioak defendatzen tematuta jarraitzen duten arren. Klimaren gaiarekin irudikatuko ditut hemen.
Lehen narratiba: «Klima aldaketarik ez dago». Halakorik ez dela gertatzen ari. Muturreko eguraldi gertaerak betidanik gertatu direla. Posizio horri eustea nolabait posible zen 2000ko hamarkadaren hasierara arte, Mediterraneotik iparraldera dauden herrialdeetan ez baitzen aldaketa horrenbeste nabaritzen egunerokoan. Baina aldaketak gero eta ageriagoak direnez, klimaren aldaketa ezin da ukatu.
Orduan bigarren narratiba etorri zen: «Klima aldaketa ez da gizakion errua». Klima betidanik aldatu izan dela esanez, argudio pseudo-esoteriko edo pseudo-zientifikoekin defendatzen saiatu ziren batzuk. Kimika atmosferikoaren azterketak eta neurketek argi utzi dute narratiba horrek ez duela funtsik. Klima aldaketa naturala badago, bai, baina abiadura honekin eta isurtzen diren berotegi efektuko gasen kantitateak kontuan izanda, gizakiaren jarduerak eragindakoa dela garbi dago. Argudio horrek ez zuen asko iraun, nahiz eta eskuin muturreko motorrek oraindik ere horri heltzen dioten, desesperazioan edo anabasa sortu nahian.
Hirugarren narratiba azken bost-hamar urteetan indartu da, gehiegizko kostu ekonomikoarena: «Klima aldaketa arintzeko politikak garestiegiak dira». Gehiengoa ados dago, orain bai, klima aldatzen ari dela eta gizakiaren jarduerak eragindakoa dela. Baina hirugarren narratiba horren arabera, berotegi efektuko gasen isuriak murrizteko inbertsioa jasanezina da. Klima larrialdiak berak dakartzan kostuen aurrean beste aldera begiratzen du narratiba horrek. Ondorioz, sistema ekonomiko nagusia, metatze kapitalistarena, kontserbatu nahian, ez ditu kontuan hartzen planetarentzako eta pertsonentzako kostuak. Beste kalte guztiei ez ikusia eginda, bai, argudia daiteke garestiegiak direla klima eta natura politikak.
Baina klima larrialdiaren kostuak handitzen ikusi ahala (beroaldiekin, lehorteekin, uholdeekin eta abarrekin), hirugarren narratiba hori ere indargabetuko da. Gehienentzat argi geratuko da etxeko teilatua garaiz konpontzea merkeagoa zela (dela), itoginen ondorioz eroritako etxea berreraikitzea baino. Dirua egon, badago. Akaso ez da ongi banatzen edo bideratzen. Pentsa zenbaterainokoa den gastu militarra gaur egun; materialak, mikrotxipak eta energia xahutu eta suntsitzeko, gizon batzuen handinahi mugagabea asetzen saiatzeko besterik ez.
Garestiaren narratiba indargabetzen denean, zein izango da laugarren narratiba? Izan, izango da; natura politiken aurkaritza ez baita hutsalduko. Zein izango den asmatzera ausartzen naiz. Honelakoa izan daiteke: «Ingurumen arloetan lan egiten duzuenok bazenekiten klima aldaketa goiz arintzea merkeagoa zela, larrialdiaren kostuei aurre egitea baino; beraz, zergatik ez zenuten ezer egin?». Ogibide berdeen porrota argudiatuko dute, ingurumen arloetan lan egiten dugunon errua dela esanez. «Ez zenuten nahikoa egin, ez zenuten jakin nola konpondu». Ingeniaritza arazo bat balitz bezala. Zubi bat eraikitzen saiatu eta funtsezko akats baten ondorioz lortu ez balitz bezala. Fundamentuz lan egin ez bagenu bezala. Agian zuk beste ideiak dituzu eta gogoz entzungo nituzke. Argudio horien aurrean zer esan pentsatzen hasi beharko dugu. •

«Gaur egun bezeroetako askok ez dute enpatiarik lanean dagoen jendearekiko»
«Cringe»-a eman gabe
Ohea egitearena

Portugaleteko txakolina; herri ekimen batetik munduko hiri mahastien mapara

