Gorka Julio
Euskal Herria Digitaleko kidea

Turismo bideratua, erauzitako lurraldea

Turista bat Donostian. Plataformek botere izugarria daukate turismoa bideratzeko.
Turista bat Donostian. Plataformek botere izugarria daukate turismoa bideratzeko. (Jon URBE | FOKU)

Lekeitioko hotel erreserba bakoitzak, Getariako erretegi bati buruzko iruzkin bakoitzak edota Donibane Lohizunera iristeko kalkulatutako ibilbide bakoitzak balioa sortzen du. Turista ez da lurraldera iristen, haren errepresentazio plataformizatura baizik. Bisitaria bitartekari gutxi batzuen eskuetatik pasatzen da, eta haiek erabaki dute zer existitzen den, zer den ikusgai, zerk merezi duen eta zerk ez.

Plataformek ez dute errealitatea islatzen, errealitatea bera ekoitzi eta modulatu egiten dute. Guk denok doan sortzen dugun informazioaren jabe diren horiek gai dira, informazio bektoreak kontrolatuz, gure esperientziak modulatzeko. Turismoaren egungo formen dinamika harrapariak ezinbestean igarotzen dira geruza digital horretatik.

Booking edo Airbnb gisako ostatu plataformek %15-25eko komisioak kobratzen dituzte erreserba bakoitzeko, eta diru hori zuzenean ateratzen da lurraldetik, Amsterdamera edo San Frantziskora. Diruaz gain, okupazio datuak, eskariaren mapa eta prezioen bilakaera: sektorearen erradiografia osoa plataformen esku dago, eta ez sektore publikoaren edo hemengo erakundeen esku.

Google Maps da botererik ikusezinena: hark erabakitzen du zein saltoki existitzen den, hark ordenatzen du hiri espazioa, eta hark bideratzen du jendetza puntu berberetara. “Gaztelugatxe efektua” deitu geniezaioke, algoritmoak leku bera gomendatze horri.

TripAdvisorreko eta Googleko iruzkinen puntuazioak erabaki dezake, iritzi agregazioen algoritmo itxi baten bidez, Gasteizko jatetxe batek bizirik iraungo duen ala ez. Ospearen gobernantza pribatizatu egin da, finean. Nork erabakitzen du zer den onena? Zenbat balio du bost izarreko iruzkin batek, iruzkin faltsuen merkatu gris oso bat dagoenean?

Esperientziak ere plataformizatzen ari dira, GetYourGuide eta Civitatis dira bi adibide. Kultura bera ere plataformizatzen ari da -bisita gidatuak, dastaketak, itsasontzi irteerak-, eta horiek ere %20-30eko komisioak kobratzen dituzte tokiko kultur lanaren gainean. Turismo gidariek eta kultur elkarteek sortutako balioaren zati handi bat bitartekariarentzat geratzen da berriro ere.

Fenomeno hori urte osoan gertatzen den arren, udan bereziki indartzen da. Eta, paradoxikoki, uda da azpiegitura horiek mantentzeko ahalegin handiena eskatzen duen garaia. Pentsa dezagun udako egun arrunt batean: hondartzako argazkiak igo, mapak kontsultatu, musika entzun, telesail bat ikusi streaming bidez, aire girotuaren termostatoa aplikaziotik aldatu. Klima larrialdiak eta digitalizazioak aldi berean jotzen dute atea, eta biek baliabide berberak eskatzen dituzte: ura eta energia.

Euskal Herrira ere iritsi da eztabaida -edo ozenago iritsi beharko luke?-, turismoarena iritsi den moduan. Datu zentroen proiektuak mahai gainean daude Araban, Nafarroan eta inguruko beste lurralde batzuetan, kasu batzuetan trantsizio digitalaren eta digitalizazio berdearen izenean gainera. Kontua ez da digitalizazioaren aurka egitea, baizik eta digitalizazioaren kostuak nork ordaintzen eta gobernatzen dituen galdetzea. Gehienetan bertakoen izerdia kanpokoentzako balio bihurtzen da.

Tabakalerak “Bidaia ezerezera: turismoa, industria eta arte garaikidea” saioa eskaini zuen “Orotariko ekologia bat” zikloaren barruan. Yaiza Hernandez Velazquez eta Matilde Cordoba Azcarate ikertzaileek industria horien eta egungo krisi ekologikoaren arteko elkarguneak aztertu zituzten, turismoaren hedapen neurrigabeak ingurune fisikoan zein kulturalean uzten duen arrastoari erreparatuz. Cordoba Azcaratek lurraldea harrapatzen duen erauzketa jarduera gisa ikertu du turismoa, eta eskema berak balio digu plataforma horiek egiten dutena ulertzeko.

Ilustrazioa: YERAY GASCON

MARRUMAREN DESBIDERAKETA, ANEKDOTA BAT BAINO GEHIAGO

Aipatu dugun guztiaren adibide bat baino gehiago da Donostiako Marruma herriko tabernan gertatutakoa. Gero eta turista kuadrilla gehiago ikusten dira azkenaldian, Google Maps eskuan, noraezean Marrumara iritsi nahirik. Inoiz halako toki batera iritsiko ez ziren bisitariak dira, eta hara zergatik iritsi diren; puntuazio batengatik. Tabernak 4,9ko balorazioa du Googlen, eta puntuazio hori ez da marketin kanpaina baten emaitza, gatazka baten ondorioa baizik.

Tabernak Palestinarekiko elkartasuna erakutsi zuen, eta, horren harira, koordinatutako eraso bat jaso zuen Google Mapsen. Turista israeldar batzuk nota txarrak jartzen hasi ziren, tabernaren ospe digitala hondoratzeko. Auzoak, ordea, erantzun kolektiboa eman zion erasoari, eta bide beretik iruzkin onak uzten hasi zen, bata bestearen atzetik. Erasoak hondoratu nahi zuen taberna Google Mapsen gailurrera igo zen. Eta orain, algoritmoak gidatuta, Palestinaren aldeko herriko taberna batera sartzen dira mundu osoko turistak, 4,9 izar horien bila.

Anekdota bat baino gehiago da, hirian nola mugiarazten gaituen eta gure ibilbideak nork diseinatzen dituen pentsatzeko balio baitu. Horretaz pentsatzeko tresna zaharrak baditugu, eta merezi du horietako batzuk berreskuratzea: psikogeografia, deriba eta desbideraketa.

Psikogeografia 1950eko hamarkadan sortu zen, Parisen, Guy Deborden inguruan -lehenik Internazional Letristan, gero Internazional Situazionistan-. Definizioa erreza da: ingurune geografikoak, kontzienteki antolatua izan zein ez, gizabanakoen emozioetan eta jokabidean duen eragina aztertzen du. Alegia, kale batek zergatik erakartzen gaituen eta beste batek zergatik uxatzen gaituen; plaza batek zergatik gonbidatzen gaituen gelditzera eta etorbide batek zergatik pasatzera. Situazionisten tesia zen hiria ez dela neutroa: giro bakoitzak bere korronteak ditu, bere erakartze eta uxatze indarrak, eta indar horiek norbaitek diseinatzen ditu, gehienetan merkataritzaren eta kontrolaren mesedetan.

Korronte horiek aztertzeko metodoa da deriba. Plangintzarik gabeko ibilaldia da, baina ez edonolakoa. Parte hartzaileek beren eguneroko arrazoiak alde batera uzten dituzte -lana, etxea, ohiko ibilbideak-, eta hiriari berari uzten diote eramaten, giroaren erakarpenei jarraituz. Ez da paseoa, ez da turismoa: esperimentu bat da, hiria nola bizi dugun azaleratzeko. Bazuten beste kontzeptu bat ere, gerora ospetsu egin dena: détournement, desbideratzea; hau da, sistemaren beraren elementuak hartu eta sistemaren beraren aurka erabiltzea.

Itzul gaitezen orain Marrumara, eta irakur dezagun anekdota kontzeptu horiekin. Google Maps da gaur egungo psikogeografia, pribatizatua. Aplikazioak erabakitzen du hiriaren erakarpen mapa: zer ikusten den eta zer ez, nora joaten den jendetza eta zein kale gelditzen den hutsik. Situazionistek aztertu nahi zituzten korronteak orain algoritmo batek sortzen ditu, eta algoritmoaren irizpideak ez dira auzoarenak: klikak dira, iruzkinak dira, izarrak. Hiria nota bihurtu da.

Nota txarren erasoa, hain zuzen, psikogeografia horren armak erabiltzea da: taberna mapatik ezabatzea, fisikoki ukitu gabe. Auzoaren erantzuna, aldiz, desbideratze garbia izan zen: sistemaren tresna bera hartu -iruzkinen makineria- eta alderantzikatzea. Erasoaren energia erabili zuten taberna mapan kokatzeko.

Eta noraezean dabiltzan turistak? Alderantzizko deriba baten protagonistak dira. Deriban, hiriari uzten diozu eramaten, korronte ezkutuei jarraituz; turista horiek, berriz, algoritmoari uzten diote eramaten. Eta algoritmoak, aldi berean eta nahi gabe, situazionistek amestutako egoera sortu du: beren buruko mapatik guztiz kanpo dagoen leku batera eraman ditu, Palestinaren aldeko herriko taberna batera. Han, nahi ala ez nahi, beste hiri bat aurkitu dute, bisitarientzat prestatu gabeko hiria.

Baina istripuek ezin dute metodoa ordezkatu. Marrumakoa salbuespena da; arauak dio algoritmoak beti puntu berberetara garamatzala. Horregatik, uda honetarako proposamen xume bat: egin deriba bat. Utzi telefonoa poltsikoan, atera ebaluazio sistemarik gabeko hirira, eta segi zeure senari, ez izarrei. Galdu zaitez auzo batean, sartu, tabernarik dotoreenean beharrean, deigarrien egiten zaizun horretan, galdetu bertakoei.

Deriba, gaur, ez da esperimentu poetiko hutsa, turismo plataformizatuari ihes egiteko praktikarik merkeena da. Ez du aplikaziorik behar, ez da erreserbarik egin behar eta ez du komisiorik. Eta, nork daki, algoritmoak oraindik aurkitu ez duen zerbait topatuko duzu beharbada.