GAUR8

Nagib Mahfuz egiptoar idazlearen ahotsa gaur 20 urte itzali zen

2006ko abuztuaren 30ean hil zen, 95 urterekin, Nagib Mahfuz egiptoar idazlea. 1988an Nobel saria irabazi zuen –sari hori eskuratu duen lehenengo arabierazko egilea izan zen– eta 1994an bere liburuak blasfemariak omen zirelako gizon batek sastakatu zuen. Geroztik osasuna nabarmen narriatuta zuen.

Idazlearen irudia, Nobel saria eman ziotenean.
Idazlearen irudia, Nobel saria eman ziotenean. (WIKIPEDIA COMMONS)

Gaur 20 urte hil zen Kairon Nagib Mahfuz (Kairo, 1911ko abenduaren 11 – Kairo, 2006ko abuztuaren 30a) idazle egiptoar oparoa.

Filosofia ikasketak egin zituen arren, administrazio egiptoarrean funtzionario izan zen. Baina, batez ere, unibertso literario propio baten egilea izan zen. Unibertsitatean ikasketak burutzen zituen bitartean arabiar literatura irakurri eta ikertzeari ekin zion. 30eko hamarkadaren bukaeran kontakizunak eta eleberri historikoak idazten hasi zen, Tebaseko bataila kasu.

Pixkanaka gai historikoetatik aldendu eta jite sozialeko liburuak idazten hasi zen, 50eko hamarkadan ‘Kairoko trilogia’ famatua argitaratu zuen arte.

Nobela eta ipuin ugariren egilea dugu eta prosa arabiar modernoaren aitatzat hartu izan da. 34 eleberri, 350 istorio labur baino gehiago, dozenaka pelikula gidoi eta bost antzezlan plazaratu baitzituen. 1956 eta 1957 artean idatzitako ‘Kairoko trilogia’ delakoan (‘Jauregiko paseoa’, ‘Desiraren jauregia’ eta ‘Azukrearen kalea’), bere hiriaren gaur egungo ikuspegia islatu zuen.

Mahfuzen lanik ezagunena ‘Mirarien kalezuloa’ (1947) da, 1994an zinemaratua. Euskarara ekarri zuen Patxi Zubizarretak.

Zoritxarrez, beste liburu batek ere oihartzun handia lortu zuen, baina ez irizpide literarioengatik: ‘Auzoko seme-alabak’ (1959). Biraoaz akusatuta, haren aurkako fatwa aldarrikatu zuten islamdar agintari batzuek. 1994an, 82 urte zituela, idazlearen kontrako atentatua egin zuten, eta larriki zauritu. Bizitzako azken urteetan, beste pertsona batek idazten zizkion berak sortutako artikuluak.