
Ez ezazue sarrerarik bilatu, aspaldi denak saldu zirelako. Irailaren 11 eta 12an Silvio Rodriguez Bilbora itzuliko da, aurtengo irailean eta urrian emango dituen bederatzi kontzertuez osatutako estatu mailako bira baten barruan.
Hitzordua Euskalduna jauregian izango da. Eta guk irailean ere, baina duela 20 urte, egin zigun bisita ekarri nahi izan dugu gogora. BECen irailaren 2an jo zuelako eta gero, 4an, Baluarten eta 7an, Kursaalen.
«Fidelekin etapa bat amaituko da, baina, iraultza egiazkoa bada, jarraitu du» esan zuen Silviok Kursaalen eman zuen prentsaurrekoan, hurrengo egunean GARAn irakurri genuen legez. ‘Erase que se era’ disko bikoitza aurkeztu zuen bira horretan; gehienak kanta berriak ziren, bi izan ezik:
«Azkenaldian Cheri buruzko astakeriak entzun ditut: hiltzailea izan zela, homosexualak hil zituela... Jainkotzat hartzen ez dudan arren, aparteko gizona iruditzen zait. Horregatik erreskatatu dut ‘Fusil contra fusil’ kanta, adierazi nahi nuelako zer esan nahi izan duen eta zer izan zen nire belaunaldiarentzat. Erabateko iraultzaile konprometitua izan behar duen arketipoa zen».
Kubako troba berriaren ikurra, Pablo Milanesekin batera, Silvio Rodriguez gure bizitzaren soinu banda bihurtu da. Horren adierazle, Jon Maiarekin egin zuen kolaborazioa: ‘Nostalgia’ euskaraz kantatu zuenean.
Egingo digun bisita berri honetan ‘Quería Saber’ (2024) ekarriko du besapean.


