Oinutsik
Kirolzalea bazara, agian irakurriko zenuen larunbat honetan GAUR8n sartu dugun arraunari buruzko erreportajea, AZTIk Donostiako Udalarentzat Kontxako estropadei begira garatutako arrisku indizearen ingurukoa. Gaiari buruz idazteko gogoa uztailaren 25ean piztu zen, Euskotren Ligaren antolatzailea den Traineru Kluben Elkarteak (TKE) Donostiako Fabrika Banderan eman zuen itxura penagarria ikusita. Argi geratzen denez, TKEk ez dauka urrutira joan beharrik irtenbide bila.
Hala ere, ez nuke sarritan egin ohi dugun akatsean erori nahi: bertakoa desastre hutsa eta urrutikoa bikaina dela pentsatzea. Abuztuan, opor egun batzuk baliatuz, Pirinioetako Font Romeu eski estaziora joan ginen Vueltako hirugarren etaparen amaiera ikustera. Ezegonkortasun handiko egunak ziren, eta abuztuaren 24 hartarako, helmuga puntuan aurreikuspenak oso argiak ziren ia astebete lehenagotik: eguraldia nabarmen okertuko zen eguerditik aurrera eta ekaitz arriskua oso handia zen. Guk, adibidez, beherago autotik gertu gelditzea erabaki genuen, babesgune bat izateko.
Bada, halaxe gertatu zen. Goiza eguzkipean 25-30 gradutan igaro ostean, 15.00ak aldera euri apur bat hasi zuen, 16.00ak aldera zaparrada galanta zen, eta 17.00ak inguruan sekulako txingorrada bota zuen eta tenperaturak 5-6 gradutara jaitsi ziren. Etapa bertan behera gelditu zen eta zeresan handia eman zuten txirrindularien irudiek, errepide bazterreko aterpeetan nola edo hala sartzen. Pentsatzen dut Vueltako antolatzaile dirudunek guk bezalaxe begiratuko zietela aurreikuspenei, baina ez ziren gai izan erabaki bat hartzeko: etaparen ordutegia edo ibilbidea apur bat moldatzea nahikoa zen, esaterako.
“Beste lekuetan ere zakurra oinutsik”, esan ohi da halakoetan. Zakurrak bakarrik ez, beste asko ere ikusi genituen txingor gainean oinutsik korrika. •



