Gaur 8

Mende erdia Arkatzen Gau tragikotik, Argentinak ahaztu ez duen data

1976ko irailaren 16ko gauean eta ondorengo egunetan, La Plata Hiriko Bigarren Hezkuntzako ikasle talde bat atxilotu zuten Poliziako kideek. Bigarren Mailako Ikasleen Batasuneko eta Guevarista Gaztediko militanteak ziren. 16-18 urte zituzten eta nerabe haietako sei oraindik desagertuta daude. 

‘La noche de los lápices’ (1986 filmearen kartela.
‘La noche de los lápices’ (1986 filmearen kartela. (FILMIN)

Irailaren 16an, Bigarren Mailako Ikasleen Eskubideen Eguna ospatzen dute Argentinan, azken diktadura militarrean desagertutako ikasleen omenez. Data lazgarria baita, gogoratu behar dena berriz errepika ez dadin.

1976ko irailaren 16ko gauean eta ondorengo egunetan, Buenos Aires Probintziako Poliziako kideek La Platako Bigarren Hezkuntzako ikasleen aurkako operazio bat egin zuten. 16-18 urte zituzten ikasleak atxilotu zituzten.

Nerabe haietako sei –Claudia Falcone (16 urte), Francisco Lopez Muntaner (16), Maria Clara Ciocchini (18), Horacio Ungaro (17), Daniel Racero (18) eta Claudio de Acha (18)– oraindik desagertuta daude. Beren etxeetatik atera eta Pozo de Arana izenez ezagutzen den atxilotze zentro klandestinora eraman zituzten eta handik Pozo de Banfieldera. Han desagertu zen beraien arrastoa.  

Talde horietako lauk bizirautea lortu zuten, horien artean, Pablo Diaz. Diaz gurean egon da behin baino gehiagotan. Gernikan, Gernika Gogoratuzek gonbidatuta, bertako bonbardaketaren urteurrenean, edo iaz, Bilbon argentinarren sare batek memoriari buruz antolatu zituen jardunaldi batzuetan. 

Diezek ez du ahanzturan utzi nahi gertatu zena. Bere lekukotasunean oinarritzen da batez ere 1986an Hector Oliveriak filmatu zuen ‘La noche de los lápices’ filmea. Urte bete lehenago, 1985eko maiatzaren 9an, Argentinako Batzar Militarren Epaiketan testigantza eman zuen.