
Gaur 15 urte, euskaraz egin zituen lehen hitzak Glenn Closek Donostia saria jaso zuenean: «Gabon, pozten nau Donostian egoteak», esan zuen zehazki aktore, ekoizle eta gidoilari estatubatuarrak (Connecticut, 1947). Esker oneko hitzak baino ez zituen izan bere ibilbidean lagundu zioten guztientzat Kursaalen egindako galan, eta onartu zuen, sari asko jaso bazituen ere, hauxe zela bere ibilbide profesional osoa aitortzen zuen lehena.
Glenn Close autoz iritsi zen alfonbra gorrira, eta bertan zale ugari zituen zain, Kursaaleko inguruetan haizeak gogor jotzen zuen arren. Bisoi koloreko soineko luze batez eta larruzko estola batez jantzirik, autografoak sinatu eta bere jarraitzaileei eskua eman zien. Kursaaleko publikoak zutik hartu zuen, aktorea hunkitu zuen txalo zaparrada luze batekin.
Zinemaldian, saria jasotzeaz gain, ‘Albert Nobbs’ filmea aurkeztera zetorren. Rodrigo Garciak zuzendu zuen filmearen protagonista zen, gidoian parte hartzeaz eta ekoizteaz gain. Kursaalaren barnean Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria zuen zain. Atzera begira egin duenean, eta bera aitortu zuenez, Donostia saria hura berezia oso izan zen berarentzat, Zinemaldiaren zuzendaritzara iritsi berria zelako.
2022an epaimahaiaren buru behar zuen izan Glenn Closek, baina familiaren arazo bategatik bertan behera utzi behar izan zuen.
Ostiral honetan bertan hasiko den 74. Zinemaldiaren edizioa Rebordinosen azkena izango da, erretiroa hartuko baitu. Eta azaroan Glenn Closek berak Hollywoodeko Ohorezko saria jasoko du.

