Herri txikiak etxebizitzaren arazo handiari aurre egiten
Herritarren etxebizitzarekiko ezinegona oso gertu sentitzen dute herri txikietako udalek, baina etxebizitza politika orokorrak haien errealitatetik oso urrun geratzen dira askotan. Zer egin horren aurrean? Soraluze eta Orexako kasuak aztertu dituzte udako ikastaroetan.

Irailaren 2an ospatu zen Donostiako Miramar jauregian “Etxebizitza eta herri txikiak: erronkak, politikak eta esperientzia berritzaileak” udako ikastaroa. Goizeko saioan hainbat hitzartze izan ziren, batez ere erakunde publikoetatik bideratzen diren etxebizitza politikak azaltzeko. Kataluniako eta Ipar Euskal Herriko errealitatea, bertako ordezkarien ahotik, etxe-kooperatiben aukera edota etxe hutsen aktibazioa izan ziren hizpide bazkalaurretik.
Arratsaldeko saioan, aldiz, bi kasu konkretu hobeto ezagutzeko aukera izan zen “Etxebizitza politika ezbaian herri txikien ikuspegitik: erronkak eta aukerak” izeneko mahai inguruan. Unai Larreategi, Soraluzeko alkateak, eta Eneko Maioz, Orexako alkate ohiak, bi herri horietan bizi duten egoera eta egiten ari diren lanketa azaldu zuten, ohiko etxebizitza politikek dituzten mugak agerian utziz.
Unai Larreategi izan zen hitza hartzen lehena, eta Soraluzen bizi duten egoera berezia deskribatu zuen. «Pentsatzen dut ez dela Gipuzkoaz hitz egiten denean buruan izan dezakegun ideia horretan sartzen. Baremo askotan oso azpitik dagoen herri bat da. Gipuzkoako langabezia tasa altuena duen herria da, Gipuzkoan etxebizitzari dagokionez metro karratua merkeen dagoen herria... Pobrezia, errentak... Zerrenda horietako ia denetan Top3an egongo gara. Hortik abiatuta hausnarketa batzuk konpartitu nahiko nituzke», abiatu zuen hitzartzea.
«Bere garaian, Soraluze gune industrial potentea izan zen, duela hamarkada dezentez ari naiz, Eibar bera izan zen bezalaxe. Inguruko herri batzuk izaera horri nahiko ongi eutsi diote, Debagoienean kooperatibekin adibidez, Elgoibar-Deba inguruan ere badute oraindik makina-erreminta industria potente bat... Gurean ere oraindik geratzen da zerbait, baina ez dauka zerikusirik duela ehun urte izan zenarekin», aitortu zuen Larreategik.
Eta, noski, gainbehera industrial horrek isla du etxebizitza arloan. «Ibilbide horretan eraldaketa sozial handiak izan dira, eta, urbanismora etorrita, ikusten da garai bateko etxebizitzak ez direla erakargarriak gaur egun bertan bizitzeko. Orduan langileak nonbait sartzeko beharrari erantzuten zion urbanismoak, etxeak egin eta egin, langile horiei erantzun bat emateko, baina etxebizitza horiek ez dira erakargarriak. Baina beste errekurtsorik ez daukan pertsonak bertan amaitzen du».

Zenbakien bidez egoera hobeto ulertzeko pare bat grafiko erakutsi zituen alkateak, esaterako, etxebizitza parkearen hazkuntzarena. «Soraluzen azken 12-13 urteetan etxebizitza parkea ez da handitu. Ez da egin promozio berririk. 2008ko krisialdian gauza erabat gelditu zen, eta geroztik ez da etxebizitza berririk eraiki. Ez pribatu, ez publiko, ez ezer. Bitartean, EAEko kopurua %7,5 handitu da batez beste».
Beste aldagai esanguratsu bat irisgarritasunarena da. «Etxe zaharrak dira, hala moduz egindakoak. Gipuzkoa-EAEn irisgarritasuna bermatuta duten etxeak %70 inguru badira, Soraluzen %40ra ez dira iristen. Horrek ere arazoak dakartza, gizartea zahartzen ari den heinean. Etxebizitza horiek pertsona batzuei bizitza duina eskaintzeko aukerarik ez dute».
Eta gabezia horiek laburbiltzen dituen baremo nagusia prezioa da. «Soraluzen 1.200 euroan dago metro karratua batez beste. Gipuzkoan 4.000 euroan. Ia lau aldiz garestiagoa. Etxebizitza asko zaharrak dira, degradatuak, eta horietan leku bat topatzen dute kanpotik errekurtso gutxirekin datozen pertsonek, eskuragarriagoa den leku bat beste batzuekin konparatuz».
ETXEAK ERABERRITZEKO ZAILTASUNA
Egoerari irtenbide bat emateko burura datorren lehen ideia etxebizitza horiek berritu eta birgaitzearena da. Baina, alkateak kontatu zuenez, oso zaila da etxejabeak horretan sartzea. «60.000 edo 70.000 euroko balioa duen etxebizitza batean igogailua jartzea asko kostatzen da proportzioan. Ingurutik pasa bazarete konturatuko zineten Soraluzeko eraikin batzuk nahiko deigarriak direla, alde batean bost pisu eta bestean hamar, sekulako aldapan egina dagoelako. Horrelako egoeretan, etxeak berak balio duena baino gehiago gastatu behar duzu erreforman. Hor bizi den jendeak ez dauka errekurtsorik lan horiek egin ahal izateko. Beste leku batzuetan, etxeak 300.000 euroko balioa baldin badauka, irisgarritasuna hobetzen 30.000-40.000 euro ‘inbertitzeari’ logika ekonomiko bat topatu ahal diozu. Baina aipatu ditudan beste kasu horietan, ohiko laguntza lineek ez dute balio, Etxebide eta abarrak. Zuk jarri behar duzun zati hori ez daukazulako».
Horren aurrean, jabe askok nahiago dute etxea lehenbailehen saldu, eta azkenaldian joera kezkagarri bat ikusten ari direla salatu zuen Larreategik. «Egoeraz ez dira kanpotik datozen horiek bakarrik jabetu, baizik eta bertako askok, inolako eskrupulurik gabe, espekulatzeko aukera ikusi dute. Azken bizpahiru urte hauetan Soraluzen etxebizitzak erosten hasi dira, berdin du zein egoere-tan dauden. Norbera biziko ez litzatekeen etxeak erosten dituzte 30.000 edo 40.000 euroan gero 750 edo 800 euroko errentan alokatzeko ia konponketarik egin gabe», arbuiatu zuen.
«Denbora gutxian pasa da. Nik hiru urte daramatzat alkatetzan eta sartu nintzenean erroldarako egiten diren sinadura horietan ikusten nituen 350-400 euroko alokairuak, eta hiru urteren barruan pasa gara 750-800 euroko alokairuak edukitzera. Eta ez pentsa sekulako etxeak direnik; gehienetan norbera biziko ez litzatekeen etxeez ari gara. Gelaka funtzionatzen ere hasi dira, eta 400 euroren bueltan ibil daitezke, pisu batekin 1.600 euro ateratzen saiatzeko. Etxe handi baten kasu konkretuan, 70.000 euroan erosi zena, hilabetean 1.600 euro ematen ari zen. Eskrupulurik gabeko inbertsoreak dira», gehitu zuen.

Horregatik, alokairuen topeaz horrenbeste hitz egiten den garaiotan, Larreategik beste kontrol mota batzuk jartzearen beharra nabarmendu zuen. «Uste dut uneren batean zorrotzagoak izaten hasi beharko dugula legeekin. Adibide berera noa: 40.000 euroko balioa duen etxebizitza batean zilegi da hilabeteko alokairua 800 euro kobratzea? Alegia, etxebizitza batean egindako inbertsioa lau urtetan amortizatzea bidezkoa da? Hori legedian ere ezarri beharko litzateke, orain zona tentsionatuekin gertatzen den moduan: ‘etxebizitza baten alokairuak ezingo du balio katastrala hamar urtean amortizatzeko behar duen kopurutik igo’, adibide moduan diot. Ez dakit zehazki nola egin daitekeen, baina alokairuen tope horretan badago zer gehiago pentsatu», planteatu zuen.
Eta alternatiba izan litekeen alokairu sozialak ere baditu gabeziak Soraluzekoa bezalako errealitate batean, herriko gazteei irtenbide bat emateko tresnarik egokiena ez delako ziur asko. «Soraluzen bankuak hipoteka ematen dion edozein pertsonak, hileko 300 bat euroan hipoteka bat dauka. Eta familia batek 2.000 euroko sarrerak baditu, alokairu sozialera ez da joango. Alegia, gutxieneko hori badaukazu, merkeago ateratzen da bigarren eskuko etxe bat erostea alokairu sozialean egotea baino. Erakargarria izango da soilik errekurtsorik ez duen jendearentzat».
Horregatik, eta gainbehera demografikoari aurre egiteko -5.800 biztanle 70eko hamarkadan, 2000. urtean 4.200 eta 2023an 3.700- bestelako eskaintza baten beharra ere defendatu zuen. «Etxebizitza babestu eta tasatuak ere atera ditugu, baina ez ezer pribatizatu nahi dugulako, baizik eta ikusten zelako horrela jende batek erosiko lukeela etxe bat Soraluzen, gazte batzuen kasuan herrian geratzeko aukera izango litzatekeela, bestela kanpora joatea pentsatuko lukeen jendea».
LAU IDEIA HAUSNARKETARAKO
Esperientzia horretatik, Unai Larreategik lau ideia bota zituen hausnarketa pizteko. Aurrenekoa: udalek dituzten mugak herriko etxebizitza arazoei aurre egiteko. «Etxebizitza politikak, lurralde antolaketak eta abarrak dauden bezala jarraitzen duten bitartean gu kondenatuta egongo gara gauden dinamikan jarraitzera. Edo aldatzen dira politika horiek edo guk jarraitu beharko dugu gure herritarrei ahalik eta bizitza duinena bermatzen, baina jakinda zein den gure etorkizuna».
Bigarrena: laguntza orokorrek leku bakoitzean sor dezaketen eragin desberdina. «Debaterako gai bezala uzten dut, ea irizpide berdinek balio dezaketen alokairu sozialeko etxe bat banatzeko Soraluzen edo Donostian. Eta Donostia bezala esan dezaket Zarautz edo Hondarribia, non alokairuak, baldin badaude, erabat disparatuta dauden. Eta orduan alokairu sozial bat aukera on bat izan daiteke bertako gazteentzat. 600 euroko alokairu batek oso eragin desberdina izango du Soraluzen edo Donostian, eta ez dakit kontziente garen horretaz legeak erabakitzen direnean».
Hirugarrena: segregazio territoriala. «‘Segregazio’ terminoa askotan erabiltzen dugu, irakaskuntza munduan oso ohikoa da adibidez, erraz ulertzen dugu terminoa. Ba uste dut une honetan gertatzen ari dela Gipuzkoan bertan. Askotan entzuten da Gipuzkoa lurralde orekatua dela. Bagara neurri batean, baina ikusi da jarri ditudan grafikoetan tarteak nola doazen handitzen. Nondik dator Gipuzkoako kostaldean dagoen problematika? Gazteek ez dute etxebizitzarik aurkitzen eta kanpora joan beharra daukate, baina hori zergatik da? Kanpotik etorri direlako. Baina ez naiz atzerritarrez ari. Barne migrazioa ere kontuan hartu behar da. Soraluzen bertan ikusten dugu. Bertako jende asko atera da kanpora ustez zerbait hobearen bila. Eta horrek eragin bat dauka. Gu joaten bagara Debara edo Zumaiara eta bertako etxeak erosi, bertakoek ez dute edukiko».
Eta laugarrena: oreka soziala. «Nahi dugu Gipuzkoa sozialki orekatu bat? Zer aldatu beharko litzateke horretarako? Lehen galdera erantzun behar da aurrena. Zeren norbaitek esan dezake: ‘aizu, eraldaketa soziala gerta dadila beste leku batean eta ni nagoen bezala geratuko naiz’. Baina benetan oreka nahi badugu, Soraluzetik begiratuta, iruditzen zait etxebizitza politikak askoz hobeto bideratuko liratekeela, helburu argi bat izango luketelako. Ez bakarrik jendeari bizitoki bat eskaintzea, baizik eta bizitoki horrek lau paretez aparte askoz gehiago esan nahi duelako. Herri bat, komunitate bat edo dena delakoa».
OREXA, KOOPERATIBEN ESPERIENTZIATIK
Herri txikiez ari bagara, Orexak ere badu zeresana, ez baita alferrik biztanle gutxien dituen Gipuzkoako herria. Kasu honetan, kooperatibak sortzeko izan duten tradizioari jarraitzea erabaki dute etxebizitza arloan ere, eta herrian egiten ari diren lanketa azaldu zuen Eneko Mayoz alkate ohiak.
«Orexak 105 biztanle dauzka, horietatik 35 dira 35 urtetik beherakoak, gazteak esan liteke, edo behintzat etxebizitza premia izan dezaketenak. Eta hor erronka potentea ikusten dugu. 2013an herri-proiektu bat lantzen hasi ginen. Iruditzen zitzaigun ezin genuela lau urtero gurpil bati bueltaka ibili eta logika bat eman behar geniola, ikusten genuelako gazte asko zeudela, garai hartan nerabeak asko, baina erronka hori bazetorrela eta nolabait txukundu egin behar genuela Udaletik egiten genuen lanketa. ‘Orexa Bizirik’ izeneko herri-proiektua egin genuen, eta helburu nagusi bat jarri genuen: gazteak herrian geratzea. Ikusi genuen herrian jada bagenituela kooperatiba batzuk, bazegoela aktibitate bat, herrigintza hori egiten zuena, eta hori sustatzeak izan behar zuela helburua», ekin zion azalpenari Mayozek.

«Lehen ildo nagusia Oihan Txiki kooperatiba izan zen. Oihan Txiki kooperatibak gaztak egiten ditu, 1991n sortu zen, eta Udala kooperatiba horretako bazkide izan da sorreratik. Hori ere bada Orexako berezitasun bat. Nik beti esaten dut gure ‘Orexa Bizirik’ hor hasi zela, nahiz eta izena gero jarri genion. Herri proiektu bat izan zen, Udalak sustatu zuena herriko gazteei lanpostuak eskaini ahal izateko, eta baita inguruarekiko eta naturarekiko lotura hori mantentzeko ere», jarraitu zuen.
«Azken urteetan kooperatiben logika horri heldu diogu. Beste bat sortu dugu ostatua kudeatzeko. Hor ere aldaketa batzuk egin ditugu: bertako produktuen aldeko apustu bat, bertako gaztari balioa emateko ekimen bat, urte asko dendarik gabe egon ostean denda bat ireki zen... Zerbitzu aldetik aldaketa handia egon da, bisitarien aldetik ere harrera oso ona izaten ari da. Oihan Txikiren duela ia 40 urteko logika hori apur bat eguneratzen joan gara».
«Gure gaira etorrita, etxebizitzaren gaiak ere agian antzeko formula bat behar zuela pentsatu genuen», azaldu zuen Mayozek. «Ikerketa horretan guztian aurkitu ginen etxebizitza kooperatiben aukerarekin eta pentsatu genuen hori interesgarria zela guretzat. Gure logikan ongi enkajatzen zuela. Kataluniako ereduak ikusten hasi ginen, baina eredu hori oso lotuta dago etxebizitza sozialei eta gure errealitatea pixka bat desberdina da. Hemen bilatzen duguna ez da bakarrik etxebizitza sozial bat, baizik eta zerbait orokorragoa. Orexan bizitzeko berme bat».
Horrela esanda erraza dirudi, baina denbora asko eman dute formula desberdinak aztertzen, ustez egokiena topatu arte. «Guk 30 urteko planteamendu bat egin dugu, hamar urtero promozio bat egiteko, hiru promozio 30 urteko epe horretan. Saiatu behar dugu datozen gazte horiei guztiei formula antzeko batekin erantzuten. Kalkuluak atera genituen eta gutxi gorabehera planteamendua da, asko laburtuz eta tekniko jarri gabe, bizilagunaren eta Udalaren artean etxea erdi bana ordaintzea. Logika zein da: Udala ez da ari bizilagunari etxe erdia ordaintzen, baizik eta ordaintzen ari da etxebizitza hori Orexarena eta orexarrena izatea. Eta etxebizitza horrek Orexan bizi nahi duen bati zerbitzua ematen jarraitzea. Proposamena da erabilera cesión de uso edo lagapenean izatea. Bizitza guztia bertan bizitzeko aukera izatea. Eta seme-alabei uzteko aukera ere bai. Baina zerbitzu ikuspegi batetik eta ez herentzia edo ondasun ikuspuntu batetik. Iruditzen zitzaigun jabetzaren kulturatik gertuen egon zitekeen aukera zela, baina, aldi berean, Udalak edo herriak egiten duen inbertsio hori ez da inoiz galtzen. Hamar etxebizitza egiten badira, horiek beti Orexarenak izango dira».
Herri txiki batentzat kopuru handiak dira, baina baita arazo handi bati txikitik erantzuteko modu bat ere, Mayozek aldarrikatu zuen moduan. «Promozio bakoitzak 30 urteko zorpetze bat dakar. Batuta, Orexa 100 urterako ari gara zorpetzen. Ez da edozein gauza. Garbi eduki behar da hau dela lehentasuna, eta horrek dakar beste gauza batzuk ez direla izango lehentasun. Erabaki estrategikoa da. Horren kontzientzia hartzea eta arazo horren logikan pentsatzea garrantzitsua da. Zeren askotan jarrera izan daiteke: ‘arazoa hain da handia, guk ezin dugula ezer egin’. Ba ez, guk gure txikitasunetik soluzio bat planteatu nahi dugu. Gure txikitasunean, demostratu nahi dugu gauzak beste modu batera egin daitezkeela».


