Maddi Txintxurreta
Kazetaria / Periodista

Amorrua adieraztea

Ed Sheeran, betiko garai onenak. Antza, gaurko munduan, genozidio baten aurka lerratzeak kalte egin diezaioke nazioarteko artista baten irudiari, eta hobe ez bustitzea, azkenean merezita blai bukatu badu ere. Uste genuen klima larrialdiak ekarriko zuela munduaren amaiera, baina adimen artifizialak akabatuko omen gaitu gu guztiok, eta imajinatzen ditut -duela astebete orriotan Mikel Urdangarin kazetariak gogora ekarri zuena berreskuratuz- robot israeldarren su automatikoa ezagutu duten haur palestinarrak galdezka: «Nortzuk zarete zuek guztiok?».

Pasa den asteko ARGIA aldizkariaren azalak bikain jaso du mundu aldrebes honen paradoxetako bat: maiatzaren 13an Loiuko aireportuan egindako argazkia zekarren; ertzainak ageri dira, zutik, lurrean dauden Global Sumud Flotillako euskal delegazioko kideak gogoz jipoitzen; eta agenteek egun hartan sufritu zituzten ustezko lesioak seinalatzen ditu; sorbaldako mina, lepoko mina...

Gogoan izango duzue Ertzaintzako agenteen portaera justifikatu zuela Bingen Zupiria Lakuako Segurtasuneko sailburuak, eta polizien kontrako indarkeria salatu. Esan zuen hamalau agente zauritu zituztela egun horretan eta zortzik desgaitasunagatiko baja hartu behar izan zutela. ARGIAk agente horien lesioen partea jasotzen duen mediku txostena eskuratu eta zabaldu du, eta horren arabera, aireportuan oldartutako ertzain bati berari ere ez zioten unean bertan tratamendurik aplikatu agertu zituzten «kontusioak», «bihurrituak» edo bestelako «minak» tratatzeko. Flotillako kideetako bat, aldiz, arrastaka eraman zuten Deustuko osasun zentrora, eta handik Basurtuko ospitalera.

Kuriosoa da. Sareetan eta komunikabideetan aise zabaldu zen Flotillako kideen kontrako polizia bortizkeria argi eta garbi erakusten zuen bideoa, argazkietan erakutsi zituzten poliziek eragindako orbainak, eta Zupiriak Ed Sheeranek bezala kantatu behar izan zuen: «Sentitzen dugu gertatutakoa; ez zuen gertatu behar». Hala ere, jarraian polizien indarkeria justifikatu zuen esanez lesio horiek «indarkeriazko ekintzei aurre egiteko indar publikoa erabiltzeko beharraren ondorio» izan zirela, «kasu batzuetan, Ertzaintzako kideei zuzendutako erasoekin». Politikari bati eska dakiokeen gutxienekoa da herritarrak tontotzat ez hartzea, baina, antza, Zupiriak nahiago izan zuen erridikulua egin, «ETA» esan eta auzia poliziaren kontrako gorrotoaren markoan kokatu. Orain, ausartzen da eskatzera jendeak sinets diezaion Karmengo jaietako polizia kargan zauritutako bakarrak agenteak izan zirela. Ez zekiat, Rick…

Duela asteburu bi Donostiako Boga Boga Festibalean deskubritu nuen Remei de Ca la Fresca taldeari esker ezagutu nuen Rafeef Ziadah-ren poema bat, Kataluniako taldeak “Tots els tons de la ràbia” izenburuarekin kantura ekarri duena. Libanoko Jisr al-Basha errefuxiatu eremuan jaio eta hazi zen Ziadah, eta palestinarrak ditu gurasoak, 1948ko Nakbari biziraundakoak. Toronton doktoretza ikasketak egiten ari zela, emakume palestinar batek soldadu israeldarren aurrean izandako esperientzia sinbolikoki irudikatzen zuen manifestazio batean parte hartzen zuen bitartean, ikasle sionista batek oihu egin zion: «Haur terroristak izan aurretik bortxatua izatea merezi duzu».

«Emakume arabiar beltza naiz eta amorruaren tonu guztiekin jaiotzen gara», jasotzen du eraso horren harira Ziadahk idatzitako poemak. Agian poema horretan dago mundu aldrebes honetako ifrentzuari dagokion erantzunaren gakoa: amorrua. Zeren, pena inmobilista denez, amorrua lehenestea, antolatzea eta erabiltzea ezinbestekoa da; amorrua adieraztea ere bai, beraz, har dezala arnas Zupiriak, behingoagatik arrazoia izango duelako: mundu guztiak gorroto du Polizia. •