Erika Lagoma
Bertsolaria

Pelikulak

Aldiak eta aroak bizi ditugu eta, batzuk, urtero jaiotzen eta hiltzen dira. Irailaren 18tik 26ra izan da Donostia Zinemaldia, 74.enez. 47 herrialdetako 263 film, eta hamaika pelikula. Kursaaleko eta Victoria Eugenia antzokiko alfonbra gorrietan, Patricia Lopez Arnaiz, Orlando Bloom, Marion Cotillard, Penelope Cruz, Ricardo Darin, Itziar Ituño, Jeremy Irons, Jose Ramon Soroiz… Eta Plaza Berrikoan KASeko (Kaleko Afari Solidarioak) Ainara, Mari Pili, Juani, Edurne eta bertze hainbat kide. Filmaketa batean glamour handikoak dira erosketak egiteko orgatxoak eta, eguneroko Donostian, giza duintasunaren aldeko arma bat.

Ricardo Darinek begiratzen gaitu SSIFF 74ko kartel nagusitik. Begirada sarkor hori ez zaio ari ortzi mugari arreta jartzen. Zuzenki begiratzen dio, beharbada, aurrez aurre duen Zaintzaldiko kartelari. Ile xerlo bat ezkerreko matela gurutzatzen eta begi nekatu bi. Emakume aurpegi hori izan daiteke Gipuzkoan, pribatizatutako zahar etxeetan, gogoz kontra jardun murriztuan lanean ari den edonorena, urtean 10.000 euroko soldata arrakala jasaten duenarena...

263 film horietatik 26 proiektatu dira euskaraz, %9,89. Film luzeak -“Iñurri itsuak”, “Hamalau gau”, “Irailak”, “Gaubela”...-, laburrak eta telebistarako ekoizpenak dira. Sail Ofizialean lehiatzen diren hamazazpi filmetatik bat bera ere ez da euskaraz sortua. Sail Ofizialaren barruan, Koldo Almandozen “Azken agurra” lana ageri da, baina lehiaz kanpo. 2025ean 1.200 film estreinatu ziren EAEko zinemetan; euskaraz 22, %2 eskas, inoiz baino gehiago. Nafarroan 600 bat filmetik, sei izan ziren euskaraz. Iparraldean ere sei bat; halaxe topatu dut. Ez dakit zeinek tiratzen dion zeini. Zinemaldiak euskal ekoizpenen aldeko apustu ausart bat egingo balu, urtean zehar euskaraz sortutako film gehiago ekarriko lituzke kartelerara? Edo zinemetan euskarak duen presentzia ahulak baldintzatzen du Zinemaldian euskarak duen lekua? Almandozen beraren hitz hauek utzi nahi ditut hemen: «Esaten dugunaren eta egiten dugunaren artean tarte handia dago, hasi zinemagileongandik eta buka Eusko Jaurlaritzako azken puntan. Hemen jendeak Goya sariak nahi ditu, eta Feroz sarietan arrakasta izan. Eta baleko ikusten dut, baina ez da nire zirkuitua».

Artistek, oro har, sortzen digute lilura bat, gustuko ez baditugu ere, kuriositatea behintzat bai. Baina zinemak badu, edo erantsi diote, ustezko glamour hori, itsutu ere egin gaitzakeena. Ez dakit hainbeste den lan artistikoagatik edo guk ere alfonbra gorrietan egon nahi dugulako, dotore jantzi eta ongi makilatuta azaldu, argal, tonifikatu, hortz zuri-zurien jabe. Gizonezko futbolariekin ere pasatzen da antzeko zerbait. Badakit obrarena eta artistaren, eta artistarena eta obrarena, baina zer edo zer iraultzen zait estomakaren ahoan Johnny Deep, Brad Pitt edo Woody Allen Donostian, gure herrian, zirrikiturik gabe laudatuak direnean. Epaitegiek eurena egin dute, baina ahizpa, nik sinesten zaitut.

Bitartean, Werner Herzogek erran digu: «Harro nago hemen egoteaz, Euskal Herriaren ondoan; aspalditik datozen kultura eta hizkuntza dituena, indoeuroparrak Europara iritsi aurretik ere solastatzen zena. Ez dakit euskaraz, baina entzuten ditut bertsolariak eta komunitate bat osatzen dutela sentitzen dut, eta ni komunitate horren parte naizela. Sari hau poeten, bertsolarien herri batek eman dit». Zinemaldia hasi eta hurrengo egunean hasi da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Hazparnen. Bertsolariok eta parte batean bertsozalea den herri honek topo egingo dugu lau urtean behin pizten den sumendi honetan, dardara honetan, urtean zehar edozein herriko plaza, taberna, antzoki edo kaleetan egiten dugun bezala; gonbidatuta zaude, Werner! •