«Po-po, po-po, po-po!»

Manoloren ikasle izan ginen gaur egun irakasle garenak, gutako asko gainera, oharkabean. Imanol Urbieta, Manolo, ez baitzen pertsona bat guretzat, ez zen ukitu genezakeen amantala. Betaurrekodun astoa, mendiko tximeleta, bi belarri entzuteko, trula-trulalai korro alai-alaia, Martuteneko trena, zaldi pintto baten gainean zihoan Mac Mikel, indio txikia, zintzilik zegoen sagarra, Jon Braun edota ranroberra. Zenbat urte pasatu diren gu ume ginenetik; hamar bete dira astelehen honetan, ordea, haizearen herrira joan zinenetik.
TXIKI-TXIKI, TXIKIA
Haurrek haur izaten jarraitzen dute, belaunaldi hau ere aurrekoen desberdina da, denak aldatzen jarraitzen duela ez da aldatu. Goizean leihotik begiratu eta «klin-klan» abesten dugu euri tantak leihoan behera ikusten ditugunean eta gero, «korro, korro, korroan» jesartzen gara berriro, jolasean eta kantuan. Jolastuz ikasi ondoren, «jan, jan, jan eta jan, sagarra sartu dugu ahoan» hamaiketako osasuntsuaz gozatuz eta jolastokira goaz. «Kua-kua, poliki-poliki goaz» pasabideetatik ahateñoak bezala jantokitik gelara bidean, «lotan nago begiak itxita, rin eta rin ezin lorik egin!» abesten diogu logurari. Aitona-amonei bisita egiten diegu zahar egoitzara eta abestu, denbora-pasak egin eta mahai jokoetan jolasten gara elkarrekin. Eskolak haur askoren aterpe eta babesleku izaten jarraitzen du, denok ez daukagu etxe bat gurea, otordu orotan ahora eramatekoa, egunero aldatzeko arropa, behar adina arreta eta kalitatezkoa… horregatik ederra da eskolan andereño, maisu, hezitzaile, zaintzaile, garbitzaile, atezain eta guztiek batera egiten duten lana. Etxean jarraipena eskatzen duena eta askotan posible ez den arren, eskola orduetan haurren begiak magiak eta ilusioz betetzen dituena.
OIHU BAT ENTZUN DA!
Kezkatzen gaituenik ere badago, ez pentsa. Esku jolasak, sekretuen koadernoak eta harrapaketa jolasak gero eta gutxiago ikusten ditugu. Askotan esaten da etorkizunera joateko iraganari begiratu behar diogula eta kasu honetan, iraganak baditu nahi dugun etorkizunari heltzeko zenbait ideia. Berreskuratu nahiko genuke elkarrekin abesteko ohitura, sei urtetik gora ditugunean ere, «tipi-tipi tap, ibili-ibilian ikurrinak airean» mendira igo eta kultura propioa duen herri baten parte sentitzea. Kanpotik gero eta askotarikoagoak garelako, baina denok nahi dugulako munduan leku bat. Berreskuratu nahi ditugu klarionez betetako parkeetako lurrak, begietara begirako elkarrizketak eta askotan, guraso eta senideekin pantailarik gabeko planak, haiek ere begiratzen digutelako askotan kamera baten bitartez, unea bizi eta gozatu ordez. Haurtzaroa laburtzen ari dela dirudi, esku eta begietatik pantailara ihes egiten digula, horrek xurgatu egingo balu bezala. Ez baita hezitzaile, ez bada hezitzaile baten eskuetan; ezta jolas ere, ez bada heldu baten begiradapean eta, noski, adin batetik aurrera eta neurriz. Baina heldu asko ere bagara pantailari begira orduek ihes egiten digutenak. Akaso guk ere berreskuratu beharko genituzke erantzun zuzenik gabeko eztabaidak eta adimen naturalaren esku utzi, karta eta mahai jokoetan aritu mahai inguruan eta gure haurrei begiratzea, dena argazki eta bideoan jasotzeko beharrik gabe. Eredu izanik, beste esparru guztietan bezala.
GEROA GUREA DA
Hamar urte hezkuntzak erreferente handi bati agur esan ziola, baina ez da egun bakar bat ere igaro bere abestiren bat kantatu ez dugula. Aurrera goaz, Manolo; bideak koskak, zuloak eta aldapak ditu, baina gu ibiltzen-ibiltzen ari gara gure herriko bideetan, hor gabiltza ametsetan. Uztaia gero eta estuagoa egin nahi digutenei, barruan preso gera gaitezen, elkartuta eta kantu bat ahoan erantzuten jarraituko dugu, lurretik zerura altxatuz. Mundua itsusi dago, ez dugu ukatuko, aurrerapenek aurrea hartu digute eta ez gara behar bezalako erabilera ematen ari. Batzuetan ahaztu egiten zaigu denok gaudela ikasteko adinean eta «behin betiko, behin betiko ez dugu etsiko» , erronka zahar eta berrien aurrean geure burua muturreraino estutu gabe. Txori sentitzen gara haurrak jolasean eta kantuan ikasten eta gozatzen ikustean, sentsazio hori ederra da eta beti izango da. Gainera, erreferente berriak ere ekarri dizkigute garai berriek, “ranroberraren” gidari gazte eta indarrez beteak. Bolanteari eutsi eta “irripideetan” barrena jarraituko dugu haurrekin eta haurrentzat, kantu bat ahoan eta gitarra eskuetan amets fabrikatzaile izaten, zuri (oharkabean) ikasi bezala. «Po-po, po-po, po-po!», aurrera goaz! •




