GAUR8

Lo-lehiaketa bitxia egin dute Japonian, atseden gutxi hartzen duen herrialdean

Japonian gutxi egiten denez lo, koltxoi enpresa batek lo-lehiaketa antolatu du Tokion, 12.500 euroko sariarekin. Ekimen bitxi honek herrialdeko egiturazko lo-gabezia kronikoa eta lan-jardunaldi luzeen errealitate gordina argitara eman ditu berriro.

Japonia lo gutxien egiten duen herrialdeen artean kokatzen da. Lo-falta hori eremu lehiakorrera pasatu dute orain, koltxoi enpresa baten eskutik. Loaren kalitatea neurtzen duten gailuetara konektatuta, 2,22 yeneko –12.500 euro inguru– saria lor zezaketen parte hartzaileek Tokion ospatu zen txapelketa batean. 

Txapelketaren atzean dagoen errealitatea ez da nolanahikoa. Lankidetza eta Garapen Ekonomikorako Antolakundearen (OCDE) 2021eko azken datuen arabera, japoniarrek, batez beste, 7 ordu eta 24 minutu besterik ez dute egiten lo egunean; erakundeko kide diren herrialde guztien arteko markarik baxuena da hori. Adituek azpimarratu dutenez, egiturazko lo-gabezia horren arrazoi nagusiak hiru dira: lan-jardunaldi luzeak, joan-etorrietan galtzen den denbora eskerga eta gaueko aisialdi nahiz ekonomia indartsua.

«Japonia lo-faltak jotako herrialdea da, eta bertako jendea oso langilea da. Loa oso kontu pertsonala da. Etxera zoazenean, inork ez zaitu zelatatzen; zuk zeuk erabakitzen duzu lo egin ala ez. Eta japoniarrek joera dute pentsatzeko: 'Beste guztiek hori egiten badute, guk ere egin beharko genuke'. Hori dela eta, horrelako ekitaldi bat antolatuz, jendea elkarrekin lo egitera bultza dezakegula uste dut, eta, azken finean, loaren garrantziaz kontzientzia piztu», azaldu zuen Riichiro Nakama, Koala koltxoi enpresako sormen-zuzendariak.

Suimiik (ezizena, ez du bere benetako izena esan nahi izan) irabazi du lo-lehiaketa. Bakarrik bizitzera joan nahi du eta sariaren dirua etxez aldatzeko gastuetarako erabiliko duela aitortu zuen, baita «printzesa batena» bezalakoa den ohe bat erosteko ere. 

Chisato Hondak ez zuen lehiaketan podiuma egin, baina parte hartzea soilik sari txiki bat izan zen berarentzat: «Izugarria, begi-keinu batean igaro da. Pixka bat gehiago lo egin nahi nuen. Harrigarria, loaldi ona izan da. Benetan, lehiaketa zoriontsua izan da», zioen aho zabalka.