GAUR8

Corcuerak duela 35 urte aurreratu zuen ‘Mozal Legea’

1991ko urriaren 10ean onartu zen ‘Corcuera Legea’ edo ‘Ateko ostikoaren legea’ bezala ezagutu den ‘Mozal Legearen’ (2015) aurrekaria. Bi arauek izen berdina dute ofizialki, Herritarren Segurtasunerako Legea, baina 1991koari aurki bilatuko zitzaion izen herrikoiagoa; hau da, Corcuera ministroarena.

Jose Luis Corcuera Ibarrola artistarekin, 2006an Portugaleten egin zen museoaren irekiera ekitaldian.
Jose Luis Corcuera Ibarrola artistarekin, 2006an Portugaleten egin zen museoaren irekiera ekitaldian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Duela 35 urte, Felipe Gonzalez Estatuko presidentea zen. Barne-ministroa, Jose Luis Corcuera portugaldarra, Labe Garaietako langile ohia eta gerra zikinean egindako paperetik ordaindu ez duen pertsonaia.

1991ko urriaren 10ean, Kongresura eraman zuen Gobernuak ‘Corcuera Legea’ eta, talde ezberdinek aurkeztutako sei osoko zuzenketak atzera bota zituztenean, aurrera jo zuen. Horrela hasi zuen bere kronika ‘Egin’ -en Alberto Cruz, Madrilgo korrespontsalak: «Eztabaida amorratuan, eskuin eta ezker entzundako irain eta deskalifikazioen artean, Gobernuak bere Herritarren Segurtasunerako Lege proiektua inposatu zuen...»

PSOEri babestu zieten EAJk eta CiUk, eta azkenean araua baliozkotuko zuten, doikuntza batzuekin. Baina ez zuten funtsezkoena ukitu: alde batetik 20.2 artikulua, zehazten zuena Poliziak atxilotu eta komisaldegira eraman zezakeela identifikatzeari uko egiten zionari; bestetik, 21.2 artikulua, kasu jakin batzuetan agindu judizialik gabe etxeetan sartzeko ahalmena ematen zuena (hortik dator «ateko ostikada»).

21.2 artikulua Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu zuen bi urte geroago, Corcueraren dimisioa bideratuz. Lehenengoak gaur arte iraungo zuen bizirik.

Kongresuan, PPk neurrion aurka jo zuen, baina gero Mariano Rajoyren ‘Mozal Legearekin’ Corcuerak irekitako bideaz baliatuko zen eskuina.