GAUR8

‘Basauri: antzinako’ liburua opari Basauriko liburutegietan, haien eguna ospatzeko

Roman Garciaren ‘Basauri: antzinako’ liburua banatuko dute doan herriko liburutegietan, bihar (urriak 24) ospatzen den Liburutegiaren Eguna ospatzeko. Udalak Garciaren familiaren dohaintza eskertu du eta lanak kultura memorian duen garrantzia azpimarratu du. 

‘Basauri: anztinako’ liburua banatuko dute Basauriko liburutegietan.
‘Basauri: anztinako’ liburua banatuko dute Basauriko liburutegietan. (Basauriko Udala)

Gaurtik aurrera, Basauriko liburutegietan Roman Garciaren ‘Basauri antzinako’ liburua banatuko dute erabiltzaileen artean, urriaren 24an ospatzen den Liburutegiaren Egunarekin bat eginez.

Liburuak doan emango dituze aleak agortu arte, eta liburuarekin batera Liburutegiaren Eguna ospatzeko, liburu markatzaile bat ere emango da, aurreratutakoaren arabera.

Udal iturriek nabarmendu dute ekimena egilearen familiaren eskuzabaltasunari esker sortu dela: «Izan ere, familiak liburuaren aleak dohaintzan eman ditu, lana ahalik eta basauriar gehienengana iristeko eta herriko historiaren ezagutza eta interesa bizirik mantentzen laguntzeko asmoz».

Urriaren 24ko ospakizunaren atarian, azaldu dute, era berean, data «aukera paregabea dela irakurzaletasuna sustatzeko, kultura herritarrengana hurbiltzeko eta liburutegi publikoek topagune, ezagutza iturri eta tokiko memoria transmititzeko gune gisa betetzen duten eginkizuna aldarrikatzeko».

Udalak, gainera, Roman Garciaren familiak izandako keinua eskertu du, egindako dohaintzagatik eta lan honek herriko kultura memoriaren arloan duen garrantziagatik. 

Basaurin, 1920an jaioa, Roman Garcia historialaria hiriko seme kutuna izendatu zuten, eta haren omenez busto bat jarri zuten Ibaiganeko Kultur Etxean.