Hil ala (hobe) bizi
Aurreko zutabea idatzi nuenetik mendeak pasatu direla iruditzen zait. Ez da gutxiagorako ere: espainiar Estatuan hamaika leherketa eta lurrikara sozial eta politiko gertatu dira azken aste hauetan; frantziar Estatua, berriz, suak hartuta dago hau idazten ari naizen bitartean. Europan ere asko dira protesta sozialak bizitzen ari diren herrialdeak. Hain azkar gertatzen da dena, ezen batzuetan ulertzea ere zaila suertatzen den.
Horien guztien oihartzunek beren isla propioa dute Euskal Herrian.
Hemen ere etxebizitzaren gaia indarrez sartu zen hedabideen eta titularren lehen lerroetan. Madrilen gertatutako etxegabetze batek eragin zuen mugimendua, baina aurretik ere bazen, esanen nuke, jende askoren eta askoren eguneroko hizpide. Nork ez du ondokoarekin etxebizitzari lotutako arazoez hitz egin azken hilabete eta urteetan? Nori ez zaio egokitu, zuzenean edo zeharka, bizi nahi duen etxearen inguruko buruhausterik? Inork gutxik egin diezaioke halako arazo sozial bati entzungor: pobrezia eragin dezakeen faktoreen artean podiumean gora egiten joan da etxebizitzaren gaia. Izan ere, prezioen gorakadarekin batera, etxebizitza duin bat lortzeko ordaindu beharreko prezioak muga guztiak hautsi ditu. Dagoeneko, soldata ez da aski, gehiegitan, modu duinean bizi ahal izateko. Oinarrizko beharrak bermatu ahal izateko, kontaezinak dira jende gehiegik (beti gehiegi den arren) egin behar dituen ahaleginak. Beste modu batera esanda, pobrezia eta gizarte arrakala beti dira handiak, beti dira gaitzesgarriak, beti dira gehiegizkoak, baina, gainera, orain gora egiten ari dira pobrezia tasa eta gizarte desparekotasunak. Konpondu beharreko kontua da, bizitza duinaren gutxienekoa: lo egiteko sabai bat behar dugu (etxebizitza eskubidea izatea, ez espekulaziorako tresna), gaixotzen ez gaituen lana behar dugu (soldata eta baldintza duinak dituena), itoko ez gaituen egunerokoa behar dugu. Horretarako eta askoz gehiagorako da ezinbestekoa azaroaren 11n kaleak hartuko dituen greba orokorra.
Eta lurrikara batek beste bat dakarrenez, hauteskunde orokorrak izanen dira azaroaren 29an. Badugu zer esan eta zer egin. Izan ere, ultraeskuina askoz gehiago bada ere, desberdintasuna markatzen du espainiar Estatuko Gobernuaren ministerioak haren esku egotea edo ez. Jende asko eta askoren egunerokoa mugatu, baldintzatu eta okertu dezake; gehiegitan gure pribilegioetatik egiten diogu uko partida hori jokatzeari, eta ez zaigu hainbeste kostatzen. Ez da beldurra -soilik- mugitzen nauena: uste dut biziraupenera jolastu baino, hobe dugula herri eta jendarte bezala eskubideetan eta askatasunean aurrerapausoak ematea. Etorkizuna ez dut defentsa posizioetan bakarrik ikusi nahi, horregatik da ezinbestekoa eraikitzea, defendatu ahal izateko. Defendatzea, eraiki ahal izateko.
Guztiok egin dezakegu zerbait, beti egin daiteke zerbait. Eraiki dezagun harresia, egin diezaiegun munstroei aurre, eta bete ditzagun gure agendak mundua pixka bat hobea egiteko planekin. Noizbait norbaitek eskertuko digu ahalegina egin izana.
Politika publikoak eta kale mobilizazioak, protestak eta neurriak. Guztia beharko dugu politikan oinarrizkoa den zerbait mugiarazteko: indar harremanak aldatzea, baita partidaren norabidea ere. Batzuentzat hil ala biziko kontua da.
(Zorionak eta urte askotarako, GAUR8! Larunbatetako gosariak hobeak dira zuekin, eta herri hau ederragoa. Mila esker euskarazko asteroko opari eder hau sortzeagatik). •
Prostata

«Finalaurrekoen bi itzuli daudenez, batean ganbarakoak egongo dira eta bestean ez»

«Ez dizuet Euskal Herri aske bat utzi, baina Euskal Herri bat utzi dizuet»

Euskararen inguruko gogoetak: hiru begirada eguneroko esperientziatik

