Garazi Goia
Idazlea

Egia desestaltzen

Russell Brand bortxaketa eta eraso sexualengatik zigortu dute.
Russell Brand bortxaketa eta eraso sexualengatik zigortu dute. (James MANNING / PA WIRE)

Aste honetan, Russell Brand umorista eta aktoreari hamar urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra ezarri diote, 2004 eta 2009 artean lau emakumeri egindako bortxaketa batengatik eta hiru sexu-erasorengatik. 2000ko hamarkadaren hasieran egin zen Brand ospetsu Erresuma Batuan lehenengo eta Hollywooden segidan, telebistako hainbat saioren eta umorista lanei esker. Estilo probokatzailea eta sexu-umore esplizitua erabiltzen zituen, promiskuitatea normalizatu nahian eta intentzionalki muga guztiekin jolasean beti. 2000ko hamarkadan bere ibilbidearen gailurrean zegoenean rock-and-roll estiloko dandy pertsonaia deigarri bat sortu zuen. Eta, komunikabideen eta telebista industrian zuen botereaz baliatu zen emakumeei behin eta berriz abusuak egiteko. Azkenean, ausardia izugarria erakutsi duten emakumeei esker biluztu dute munstroa.

Aste honetan bertan, David Walliams -Britainia Handiko telebistako aurpegi ezagunenetako bat eta haurrentzako liburuen idazle salduenetako bat- hainbat emakumek salatu dute, bere boterea eta ospea erabilita emakume gazteak eta nerabeak sexu harremanetara behartzeagatik. Walliamsen kasuan, agerian geratu da ohikoa zela -eta, tamalez, oraindik ere horrela dela- konfidentzialtasun-akordioen erabilera komunikabideen industrian. Neskek eta emakumeek akordio horiek sinatzen zituzten Walliamsen agindupean, eta horrek poliziarengana joatea debekatu ez ezik, familiarekin, lagunekin edo edozeinekin hitz egitea ere galarazten zien. Bizitza osorako traumatizatu zitzaketen bizipenak jasan zituztenei jokabide horiek salatzea eragozten zien kontratu horrek; are gehiago, gertatutakoa gainditzen saiatzeko inolako laguntzarik jasotzea ere aktiboki debekatzen zitzaien. Finean, pertsona baten suntsiketa fisiko eta psikologikoa da.

Monica Terribas kazetari katalanak zuzendutako “El buen espíritu” (HBO Max) telesaila ikusi dut azken egunetan. Iaz, “El minuto heroico” lanean emakumeen bizipenak jaso ondoren, oraingo lanean gizonek Opus Dei erakundearen barruan duten lekua ikertu du.

Hamalau gizonen testigantzak ardatz hartuta, erakundeko barne funtzionamenduak ezartzen duen kontrol sistemikoa azaleratzen du maisutasunez Monica Terribasek: inposatutako obedientzia itsua, ondasun ekonomikoen kontrola eta intimitatearen zaintza zorrotza. Gizonezkoek bi aurpegi dituzte egitura hierarkiko horretan: biktima dira, batetik, eta egituraren betearazle, bestetik, laguntza-sare sozial eta ekonomikoen bidez erakundearen boterea betikotzen baitute. Hainbat herrialde eta belaunalditako gizonezkoak elkartzeak agerian utzi du portaera-eredu berbera errepikatzen dela modu kontsistente batean.

Botereak ematen duen indarrean baliatutako abusuen eta presio-psikologikoaren aurrean ahots berriak behar ditugu, pausu txikiak emanez, urteetan pilatzen joan diren biktima guztiei justizia egiteko. •