Juantxo Egaña
Argazkilaria

Alegiako Intxausti familiaren funtsa

(RICARDO INTXAUSTI LARRAÑAGA. GIPUZKOAKO ARTXIBO OROKORRA)

Gipuzkoako Artxibo Orokorrak Alegiako Intxausti familiaren funtsa gordetzen du, duela gutxi dohaintzan emandakoa eta Tolosaldeko mende bat inguruko argazkiak biltzen dituena. Ricardo Intxausti Larrañaga (1895-1971) Legorretako Udalean idazkari izan zen 1924tik 1936ra arte, eta, 1936ko Gerraren ondoren, Alegiako Udaleko idazkari gisa hilabete batzuk eman ondoren, kargutik kendu eta kartzelan sartu zuten zenbait hilabetez. Urte askoan, bere jarduera profesionala herri eta baserrietan zehar bizikletaz egindako joan-etorriekin uztartu zuen, jaien, espazioen eta tokiko jardueren argazkiak egiteko. Gainera, eskualdeko irudi historikoak jaso zituen, hala nola sidekarra zuen motozikleta bateko bi mikeleteena (ziurrenik Ameriketako Estatu Batuetako Indian Chief bat), Gipuzkoako Foru Aldundiak 1920ko hamarkadaren erdialdean trafikoa kontrolatzeko sortutako sail motorizatukoa. Itziar Intxausti Arregi alabari egindako elkarrizketa batean, amak, Manuela Arregik, eta anai-arrebek prozesu osoan laguntzen ziotela adierazi zuen: batzuetan, irteeretara berekin joanda laguntzaile gisa, eta, beste batzuetan, errebelatze prozesuan. Askotan, bazkaria edo afaria prestatzen zen bitartean, etxeko sukaldean egiten zen errebelatua. 1940ko hamarkadaren amaieran, German Intxausti Arregi semeak (1926-2004) bere gain hartu zuen negozioa. Hamarkada askotan, German inguruko udalerri guztietan ibili zen txistua lagun zuela, nortasun agirietarako erretratuak eta familia ugarien argazkiak egiten, baita ezteietako, jaunartzeetako eta herrietako jaietako argazkiak ere. Funtsak Ricardoren 2.160 beira negatibo eta Germanen 150.000 film negatibo biltzen ditu.