Ukrainako Armadak Errusiaren aurkako bi eraso burutu ditu azken egunetan, bere mugetatik milaka kilometrora. ‘Sparta II’ zama-ontzi errusiarra Ukrainako drone batek jo zuen pasa den asteburuan, sutea eraginez ontzian nazioarteko uretan nabigatzen ari zela, Finlandiako golkoaren ekialdeko zatian. Pasa den igandean, sutea kontrolatzea lortu ondoren, ontzia Errusiako uretara eraman zuten.
Aldi berean, Kaliningraden, Lituania eta Polonia artean dagoen Errusiako barrendegian, aire erasoen aurkako sirenak entzun ahal izan ziren «Lituaniatik hurbiltzen ari zen objektu susmagarri bat» detektatu ostean, eskualdeko gobernuaren arabera. Lituaniako Gobernuak berehala ukatu zuen eraso horretan parte hartu zuenik, baina ez zuen ukatu ezta ere, Ukraina zegoenik horren atzean.
Finlandiako golkoa funtsezko itsas bidea da Errusiarentzat, San Petersburgo Itsaso Baltikoarekin eta zehatzago Kaliningradeko portuarekin lotzen baitu, NATOko kide diren estatuez inguratuta. Barrendegi hori oso zaurgarria da edozein erasoren aurrean, baina baita mehatxu handi bat ere, misil balistikoz josita baitago, Europako Erdialdetik oso gertu.
Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak publikoki salatu duenez, halako eraso terroristek «joera arriskutsua» ekar dezakete Baltikoan eta eskualdeko gobernuei eskatu die erabil dezatela beraien eragina Kievengan, alde guztientzako kaltegarria litzatekeen tentsioaren gorakada ekiditeko.
Azken egunetako erasorik deigarriena ordea, Errusia eta Ukrainako mugetatik oso urrun emango zen, Libiako kostaldean Bengasiko portuan. Ukrainako Segurtasun Zerbitzuak eta Ukrainako Itsas Armadak zuzendutako eraso batean ‘Merkury’ korbeta errusiarra eta ‘MV Angara’ zamaontzia eraso zituzten itsas drone bidez.
Volodymyr Zelensky Ukrainako presidenteak euren gain hartu du erasoa, beste estatu burujabe baten barneko mugetan izan bada ere, eta Errusiari argi utzi dio bere interesak kolpatzeko gaitasuna dutela «Siberiako Mendebaldetik», «Mediterraneoko erdialderaino».
Hori bai, jarraian, populazioari babesteko eskatu dio, ziurtzat jotzen baitu Ukrainako gobernuak errusiarren erantzun gogor bat etorriko dela. Izan ere, Ukrainako Armadak bere mugetatik kanpo kolpatzen duen gaitasun hori ez du erakutsi, bere aire espazioa babesteko garaian eta gero eta babesgabeago dago Errusiaren bonbardaketen aurrean.

