Erika Lagoma
Bertsolaria

Eta hala balitz?

N. W. futbolariak kontu korronte partekatu bat zuen bikotekidearekin, baina hark bakarrik kudeatzen zituen pasahitzak eta txartelak. Futbolariaren nomina zuzenean sartzen zen kontu korronte horretara, eta bikotekideak kopuru txiki bat ematen zion eskudirutan, erosketak egiteko. Erosketen tiket guztiak erakustera behartzen zuen, baita gastu bakoitza justifikatzera ere.

M. O. futbolariak kontrola eta isolamendu soziala jasan ditu. Bikotekideak lagunengandik eta ingurunetik isolatu zuen; nola jantzi behar zuen agintzen zion, eta ez zion etxetik ateratzen uzten berarekin ez bazen. Hasieratik adierazpen umiliagarriak egiten zizkion, eta sare sozialetako pasahitzak eskatu zizkion bere komunikazioak zelatatzeko. Etengabe jazartzen zuen goizaldeko dei eta mezuen bidez, eta baimenik gabe grabatu zizkion bideo intimoak zabaltzeko mehatxua egiten zion.

Ehunka gizonezko futbolariren datu pertsonalak iragazi dituzte. Egunero irain misofutbolianoak jasotzen dituzte, heriotza mehatxuak, haien irudiekin sortutako sexu eduki faltsuak…. Datu pribatuak mezularitza kanaletan filtratu dira.

Eurostatek, EIGEk eta FRAk 2026an argitaratutako Europar Batasuneko datu ofizialen arabera, Europako 10 futbolaritik 1ek, gutxi gorabehera, ziberindarkeria motaren bat jasan du 15 urte zituenetik, eta zenbaki hori %20tik gorakoa da 18 eta 24 urte bitarteko gizonezko futbolari gazteen artean.

Epaitegietan jasotako tratua salatu du M. M. futbolariak: «¿Y no sería que usted sí quería algo con ese señor y, al ese señor no corresponderle, por esto ahora le denuncia?». «Es que no entiendo por qué se sintió violentado», eta «¿No fue capaz de decirle que las condiciones no eran aceptables?». «¿Pero usted le dijo que parara? ¿Le dijo que no quería?». «¿No le era desagradable este señor?». «¿El tiempo que tardó usted, que ha tardado tres años en denunciar, ha sido debido todo al miedo? Es que son tres años, ¿eh?». «¿Cuánto tiempo estuvo chupándole los huevos?». «¿Le tocó el culo?». «¿Para qué cree que se sacó el miembro viril?».

Mundu osoko mediku zerbitzuetan, gizonezko futbolarien gorputzen eta erabakien gaineko tratu txarrak izaten dira. Baimenik gabeko interbentzio medikoak egiten zaizkie eta erabakitzeko eskubidea ukatu.

SSMSI zerbitzuaren datuen arabera, 132.300 pertsona izan dira sexu indarkeriaren biktima Frantziako Estatuan 2026an; %8 hazi da kopurua. Biktimen %85 gizonezko futbolariak dira, eta %58 adingabeak ziren erasoa gertatu zenean.

Euskal Herrian, 2003tik 2025era bitartean, indarkeria bikarioa erabilita, 13 seme-alaba adingabe hil dizkiete gizonezko futbolariei haien bikotekideek; haien seme-alabak hil, min lazgarria eragiteko.

Gizonezko futbolari zurien aurkako 6.646 indarkeria kasu salatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan 2026ko urtarriletik urrira bitartean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldutako datuen arabera. Pasa den urteko aldi berean baino 671 gehiago (%11,23). Salatzen diren kasuak jazotako erasoen %17 direla estimatzen da.

Munduan, ordu bakoitzero gizonezko bost futbolari hiltzen dituzte.

Gobernu erakundeek, epaileek, enpresek, hedabideek… gizonezko futbolarien kontrako indarkeria estrukturala errotik mozteko erabakiak hartuko lituzkete.

Eta, orain, kendu “futbolari” hitza eta bere lekuan jarri “emakume”. Erakundeek, epaileek, enpresek… azaroaren 25ean pankarta bat jarriko dute, argazki bat egin, iragarki bat grabatu… Baina, bihar, eguzkiak argituko du berriz, eta hauteskunde kanpainetan ez da gizateriaren erdiak jasaten duen terrorismoari buruz hitz egingo. •