12 AVR. 2025 - 00:00h Maurice Ravel, konpositore euskalduna, jaioterriaz eta Boleroez harago 1875ean jaio zen Maurice Ravel Ziburun. Oihartzun handiko konpositorea izan zen, mundu osoan sonatua, baina beti izan zituen presente bere sustraiak, eta bere konposizio askotan sumatzen zen euskal kantugintzaren arrastoa. Maurice Ravel, konpositore ziburutarra; Parisen hazia eta, ondoren, mundu osoan konposatzen ibilia. (WIKIMEDIA) Iraitz Mateo Maurice Ravel entzunda, hainbat kontzeptu bururatu ohi zaizkigu. Boleroak izango dira ezagunenak akaso, bakarren batek Ziburun jaio zela izango du gogoan, Parisen oihartzun handiko orkestra zuzendaria izango zela esango dute musikazaleenek, Ziburuko bere jaiotetxean museo bat dagoela, Baionako kontserbatorioaren izena dela, Donibane Lohizunen udan egiten den Maurice Ravel festibala beste batzuek, Aita Donostiarekin egon izan zela eta «aberkide» gisa izendatzen zuela ere kontu sonatua izan zen, Sol Maiorreko kontzertua... Baina jende solteak soltean dakizkigun horiek ez dira ez istorio isolatuak, ez eta anekdotikoak ere, maiz hala iritsi baldin bazaizkigu ere. Ravelen sustraiak uste baino errotuagoak zeuden, eta euskaldun egiten zuena ez zen Ziburun jaiotze hutsa. Itxaso Sainz (Leioa, 1992) pianoko ikasketak bukatzear zen Bartzelonan Ravelen «euskal arimarekin» topo egin zuenean. «Ikasketak bukatzeko, Gradu Amaierako Lana egiteaz gain, errezital bat egin behar genuen. Errezitalean Ravelen “Miroirs” jo behar nuen, eta ikerketa lana ere uztartzea pentsatzen nuen, baina Ravelen inguruan, orokorrean». Liburutegi batera jo zuen konpositorearen bizitzaz zerbait jakin guran, eta “A Ravle reader: Correspondence, articles, interviews” Arbie Orensteinen liburuan euskarazko esaldi batzuk topatu zituen zenbait pasartetan. Bat bereziki gogoan iltzatuta geratu zitzaion: «Saspi ehun muchu gushieri…». Atzera jo dugu, ordea, Ravelen bizitzan gutun horiek ulertzeko. 1875ean jaio zen Ziburun, Kaskaroten alaba zuen ama, Marie Deluart, aita, berriz, genevarra zen, Joseph Ravel, ingeniaria. Madrilen elkar ezagutu, Ziburun bizi, eta Maurice jaio eta hilabete gutxira jo zuten Parisera. Hala ere, amak euskal kantugintza eta euskara transmititu zizkion Mauriceri, horrela ikasi zituen hainbat eta hainbat kantu tradizional. AMARENGANDIK JASOA Sainzek kontatzen du, amak jakintza hori transmititzeaz gain, amaren izeba Gaxuxa ere oso garrantzitsua izan zela konpositorearen bizitzan. Izan ere, Parisera joan ohi zen amari laguntzera, eta beraien artean euskaraz hitz egiten zuten. «Erik Satie musikari frantses ospetsuak kontatu izan du Mauriceren etxera joaterakoan euskaraz entzuten zituela Marie eta Gaxuxa, eta txundituta geratu ohi zirela», azaltzen du ikertzaileak. Beraz, euskaraz egiten al zuen Ravel musikariak? «Grabaziorik ez dugu», erantzuten du atsekabeturik Sainzek, baina gutun dezentetan esaldi solteak daudenez, bazekiela ondorioztatu daitekeela. Gutun eta biografiatik abiatuta, musikari ziburutarraren inguruan ikertzen jarraitu zuen Sainzek. Hasierako lotura lausoagoetatik, gero eta indar handiagoa hartu zuen Ravelen euskalduntasunak, eta horixe izan zen ikerketaren ondorioa ere: «Ravel eta Euskal Herriaren arteko lotura nabaria da bere musikan, eta bere ibilbidean oso garrantzitsua izan zen euskal kultura eta jendea». Donibane Lohizune omen zen musikari gaztea «inspiratzeko» leku aproposena, bertan igarotzen omen zituen oporraldiak, eta bertako musikariekin ere kostalde horretan egin ohi zituen hitzorduak. Lurrari zion atxikimendua benetan zen berezia, bere biografoen esanetan. JAIOTETXETIK MUSIKARA Sainzek, ordea, bere musikaren ezaugarritzean sakondu nahi zuen. «Ravelek esaten zuen euskaldunontzat kantua eta dantza ogiaren parekoak zirela, eta horregatik berak ere berebiziko garrantzia ematen zion. Ravelen musikaren ezaugarria bada dantza eta musika tradizionala oso ondo barneratzea. Ez bakarrik euskal musika, oso kultura ezberdinetako musikaren ezaugarriak oso ongi xurgatzen zituen, eta gero bere erara barneratu, eta bere modura transmititzen zituen obra horietan». Ravelen bustoa Ziburun, bere jaioterrian. (Patxi BELTZAIZ) Bada sekula argia ikusi ez zuen pieza bat, “Zazpiak bat” izena zuena, zirriborroan behintzat; topatutako partituren arabera, rapsodia bat zen piano eta orkestrarako. Nahiz eta ondoren rapsodia horretako zenbait zati Sol Maiorreko kontzerturako erabiliko zituen, bere horretan ez da sekula argitaratu. Eta partituren zirriborroak bilduma pribatu baten eskuetan daudenez, Sainzek ezin ikusi eta zabaltzearen pena ere badu. PIEZA BAKOITZEAN, HAMAIKA Zein zantzu ditu, ordea, argitaratu gabeko “Zazpiak bat” rapsodiak? 1910. urtean abiatu zuen Ravelek proiektua, eta kontuan hartu beharrekoa da piezari izenburua ematen dion esamoldea garaian Donibane Lohizunen puri-purian zegoen aldarria zela. Musikariak Nafarroa, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko bidaia bat egin zuen, eta, bere hainbat biografiak jasotzen dutenez, «txundituta» geratu zen Euskal Herriko parajeekin. Zergatik ez zuen amaitu? Lehen Mundu Gerra hasi zelako. Gainera, esan beharra dago Ravelek soldadu joan nahi zuela, baina bere gorputzaren eta osasunaren eraginez ez ziotela joaten utzi. Hala ere, anbulantzietako gidari gisa ibili zen. “Zazpiak bat” pieza xehatzen hasiz gero, nabarmen ikusi daitezke euskal musikaren ezaugarriak. Pifanoaren (flauta txiki jakin bat) soinuarekin hasten da pieza eta, Sainzek ikertu duenaren arabera, azaltzen du «argi eta garbi» txistuaren soinua simulatzen duen musika tresna dela. Piezak hiru mugimendu nagusi dauzka. Lehenengoa fandango baten antzekoa da, eta hirugarren zatia Mauleko jai herrikoetan inspiratuta omen dago; pianojotzaileak azaltzen du nola 6/8ko konpasak dituen zati horrek, eta horixe da, hain zuzen ere, fandangoaren ezaugarria, konpas irregular horiek izatea. Oso ezaguna egin den “Bolero” piezaren atzean ere badago istorio polit bat; izan ere, hasiera batean “Fandango” zuen izena pieza horrek. Ida Rubinstein dantzari errusiarraren enkargua jaso zuen Ravelek, «konposa zezala izaera espainiardun ballet bat». Enkargua jaso eta ezin melodia topatu ibili zen hilabete batzuez, Ziburuko hondartzan, beste behin ere inspiratzea lortu zuen arte. “Fandango” izena zuen hasieran piezak, dantzariarekin adostutako erritmoen arabera halakoa izan behar zelako, eta horrek are nabarmenagoa egin zuen txistuaren eta danbolinaren erreferentzia. Ravelek txirula eta danborra sartu zituenean konposizioan. Itxaso Sainz, Musikeneko irakaslea eta Ravelen inguruko ikerketa egin zuena. (Gorka RUBIO / FOKU) Bada euskal kantugintzarekin zuzenean lotzen den beste ezaugarri bat ere Ravelen musikan: “Zortzikoa”. Konpositore ziburutarrak idatzi zuen “Hirukoa” aztertuz gero, bertsolaritzan erabili ohi den Zortziko txikiaren silaba-egitura duela ohartu gaitezke: konpas bakoitzaren melodiaren zazpi notak, teorian, puntu bakoitzaren lehen zazpi silabei dagozkie, eta errepikatzen diren zortzi konpasak, zortzikoaren ahapaldiko zortzi lerroei dagozkie. Ondorioz, euskal kulturaren arlo ezberdinak ezagutu eta ikasi zituela ondorioztatu du ikertzaileak. EUSKALDUNA, KOSMOPOLITA Hala ere, mundu osoko orotariko zantzuak dira Ravelen musikagintzan topa daitezkeenak: «Ravelek aitortu zion Aita Donostiari berak ez zuela ikusten posible musika tradizionala bere horretan obra handien barnean sartzea. Eta niretzat hori da miresgarriena, ez zituela kantuak hartu eta zuzenean eramaten, baizik eta musika bakoitza ulertzen zuen eta erabiltzen zuen, baina melodia propioak eraikiz». Eta Sainzek adibide bat jartzen du: Ravelen “Hirukoa” “Izar Ederra” abestiarekin konparatzeko proposamena egiten du, «giro melodikoaren antzekotasunak» harrapatzeko. Eta horrelako jokoak beste tradizio batzuetako musikarekin ere egiten ditu: flamenkoa, greziar musika, jazza, bluesa... «Oso musikari kosmopolita» zen ikertzailearen arabera; bere «xurgatzeko tekniken eraginez», herrialde ezberdinetako musikaren arrastoak suma daitezke bere lanetan. «Ez zuen inoiz erabili aurretik zegoen formula folklorikorik Ravelek, bere oroitzapen eta bizipenetatik abiatuta, euskal kulturaren funtsa bereganatu zuen, euskal kulturaren berezko elementu eta ezaugarriak xurgatzeko prozedura baten bidez, bere obrara transferitu zituelako», jasotzen du bizkaitarraren ikerketak. Egiteko manera zorrotza zuen ziburutarrak: «Beti xehetasunei begira zegoen, perfekzioa bilatzen zuen eta nahiko motel konposatzen zuela esan dezakegu, ez ditu obra gehiegi beste konpositoreekin konparatuz, baina xehetasunetara joaten zen eta bere partituretan hori oso nabarmena da». Parisen zebilela, bertako zein mundutik iritsitako konpositore askorekin izan zuen harremana, eta guztiek nabarmentzen dute Ravelek jaioterriarekiko zuen miresmena eta maitasuna, «bere euskal jatorriak eta bere bizitza osoan errealitate kultural horrekin izan zuen harremanak presentzia eztabaidaezina dute bere sorkuntza artistikoan», jasotzen du Parisko kontserbatorioak. Jose Antonio Zulaika “Aita Donostiarekin” harremana izan zuen, asko miresten baitzuen Ravelek donostiarra, eta behin baino gehiagotan bisitatu zuen Donostian bertan zein ipar Euskal Herrian. Iruñeko kaputxinoen artxibo historikoko probintzialean badago argazki berezi bat, lau euskal musikari eta konpositore garrantzitsu agertzen dira bertan. Argazkia Lekarozko ikastetxean egina da, Nafarroan, 1927ko uztailaren 31n. Egun hartan, Ziburuko konpositoreak bisita egin zien Lekarozen kaputxinoen ordenako bere lagun Aita Donostiari eta Casto Inza Deierriko musikologoari. Bisita hartan, Alejandro Maria Olazaran eta Jose Maria Usandizaga ere izan ziren Ravelekin, ziburutarrak “Sonatina” konposizioa jo zuen beraientzat. Ravelen omenezko plaza. (Patxi BELTZAIZ) Sainzek gogoratu du historikoki harreman estua izan zuela Euskal Herriarekin. Izan ere, egun Donostiako Hamabostaldia bihurtu den ekimenean, 1932an, omenaldi bat egin zioten, eta Orfeoi Donostiarrak bere obra bat abestu zuen; Bilboko Filarmonikaren elkartean ere egon zen, eta Euskadiko Orkestrak ere azken urteetan bere musika grabatu du. SUSTRAIAK ZEIN LOREAK Euskal Herriko sustraiak, harremanak, ezaugarriak eta joera musikalak izaki, Sainzen iritziz «ezer gutxi» dakigu bertakook Ravelen inguruan, halere. «Uste dut gehiago esperimentatzea falta zaigula, euskal interpretazioaren ikuspegitik esperimentatzea, hain zuzen ere, eta ez ikuspegi klasiko batetik bakarrik», gaineratu du. Ipar Euskal Herrian sona handia duen arren, Hego Euskal Herrian oraindik ere ez dela oso ezaguna kontatu digu, eta akaso, Ravelen inguruko lanak euskaratzea izan daitekeela ezagutarazteko bide bat (ia denak frantsesez daude). Euskal Herri osora bere figura zabalduz, zirriborroetan geratu zen “Zazpiak bat” hark zentzua hartu lezake.