10 MAI 2025 - 00:00h Zaska Sarea, zurrumurruei aitzin egin espiritu kritikoz eta instituzioen eskutik Gorroto diskurtsoak eta zurrumurruak areagotzen ari dira egunerokotasunean. Horiei aurre egiteko, lanketa pertsonal bat egitea proposatzen du Nafarroako Zaska Sareak, gauden lekuan kontzienteago izateko eta hortik ardura hartzeko. Baina erantzukizunik handiena instituzioena dela azpimarratzen du. Zaska sarearen ekintza nagusia formazio saioak eskaintzea da. Ikastetxeetan, udaletxeetan, gaztelekuetan zein liburutegietan ibiltzen dira. Iruñeko Udaltzaingoari ere eman diote formazioa. (ZASKA SAREA) Maider Iantzi Zurrumurru bat ez da edozein informazio. Zurrumurru bat da estereotipo bat edo aurreiritzi bat daraman informazio bat. Pertsona guztiok daukagu sinesmen sistema bat; jaioak garen lekuak, gure generoak edota klase sozialak mundua modu batean ikustea eragiten digu. Eta horrek estereotipo eta pentsamendu batzuk izatea dakar. Adibidez, klase sozial altukoa banaiz eta kalean norbait eskatzen ikusten badut, gatazka sortuko zait eta horrek emozio bat emanen dit. Halakoek mugitu egiten gaituzte eta gure ekintzak diskriminatzaileak izatea ala ez izatea eragiten dute. Zaska sareko Xabier Jauregik azaldu digunez, zurrumurruak gure egunerokotasunean dauden informazio horiek dira; gure sinesmen sistemaren arabera, leku batera edo bertzera eramanen ditugu. Egunero sare sozialak jarraitzen baditugu, informazioa jasoko dugu, baina gure sinesmen sistemaren arabera, erran dezakegu: «Egia da, horrela da». Eta agian ez dugu harremanik izan zurrumurruan aipatzen diren pertsonekin. Horregatik da hain garrantzitsua espiritu kritikoa piztea. Zaska sarearen helburua hori da. Horretarako, lanketa pertsonal bat proposatzen dute, gauden lekuan kontzienteago izan gaitezen: gure erlazioetan, lan eremuetan, udaletxeetan, kuadrillan zein familian. TALDEEKIN BATERA Jendeak sarea ezagutzea nahi dute. «Gure formazioak bisitatzen ditugun taldeekin sortzen ditugu. Erriberara joan izan gara, politikariekin eta poliziekin ere aritu gara, eta bakoitzak ikuspuntu ezberdina dauka. Hortik ikasten dugu eta gure formazioak begirada horiekin eraikitzen ditugu. Jendarteari esan nahi diogu hemen gaudela. Urte hauetan guztietan formazio asko egin ditugu, eta denekin egin ditugu, ez da gure gauza bakarrik», adierazi du Jauregik. Nafarroako 31 entitatek eta norbanakok osatzen dute Zaska. Tartean dira Iruñeko eta Burlatako udalak, Sakanako Mankomunitatea, SOS Arrazakeria, Sei elkartea, CEAR eta Gurutze Gorria. Sarea pertsona guztiei irekia dago. Formazioak ematen dituztenean, beti luzatzen dute bat egiteko gonbidapena. Hala azaldu du kideak funtzionamendua: «Hilean behin osoko bilkura egiten dugu. Bertan parte hartzen dute nahi duten sarekideek eta bertan hartzen ditugu erabaki orokorrak. Horrez gain, bi talde daude, bat komunikaziokoa eta bestea formazioena». FORMAZIO SAIOAK Gaur egun, Zaska sarearen ekintza nagusia formazio saioak eskaintzea da. Ikastetxeetan, ikasleekin, irakasleekin eta guraso elkarteekin aritzen dira. Udaletxeetara ere joaten dira, politikariak, langileak zein gizarte zerbitzuak trebatzera. Iruñeko Udaltzaingoari ere eman diote formazioa. Liburutegietan egin izan dituzte saioak, herriko jende guztiari irekiak, baita gaztelekuetan ere. «Ahal dugun talde edo leku gehienetara iristen saiatzen gara. Helburu berbera dugu denekin: espiritu kritikoa piztea. Aldatzen dena begirada da. Taldearen begiradaren arabera kokatzen dugu formazioa», agertu du Jauregik. Saioen hasieran, jendeak erremintak galdegiten dizkie sarri, eta Zaskakoek beti erantzuten dute lehendabizi lanketa pertsonal bat egin behar dela tresnak hartzeko. «Kontuan izan behar dugu, zurrumurru bati kontra egin behar diogunean, gatazka batean sartuko garela, eta lanketa pertsonal hori egina ez badugu, irabaztera joango gara ematen ditugun erremintekin». «Bai-ez, bai-ez» gatazka amaigabe batean sar gaitezke, eta anitzez haserreago eta urrunago buka dezakegu. Egoera horietarako gako batzuk ematen dituzte formazioetan, bertze era batera hurbiltzen saiatzeko. «Jakin behar dugu pertsona guztiok daukagula sinesmen sistema bat, eta ez dugu erabaki. Baina goazen horretaz kontziente izatera, ardura hartzeko». Zurrumurru arrazista, xenofobo, aporofobo, lodifobo zein matxistak normalizatu egin dira. (Priscilla DU PREEZ | UNPLASH) LANKETA PERTSONALA Lanketa pertsonalean, gatazka bat zer den, nola sar gaitezkeen gatazka batera edota kudeatzeko zer modu desberdin dauden ikasten dute. Bertzetik, estereotipo, aurreiritzi eta zurrumurruak jorratzen dituzte, baita horiekin lotuta sor daitezkeen ekintza diskriminatzaileak ere. Mugimenduzko dinamiken bidez, pribilegioez aritzen dira, zer pribilegio dauzkagun eta horiekin nola eta nondik komunikatzen garen jabetzeko. Eta txoke kulturalari ere heltzen diote, praktikak eginez, halako egoerarik gertatzen zaigunean gauzak bertze modu batean egiteko. Bigarren atal batean, gorroto diskurtsoen aurkako narratiba alternatiboak eta kontranarratibak eraikitzen dituzte. Lehenbiziko formakuntza hau egiteko gutxienez lau ordu behar direla gomendatzen dute. Hala ere, taldeen beharretara egokitzen dira. Ikastetxeetan, adibidez, ikasle batzuei lau orduko saioak ez zaizkie hainbertze iristen. Hortaz, ordu eta erdi edo bi orduko pilulak eskaintzen dizkiete. Gertatu izan zaie talde bati 12-14 orduko saioa ematea ere, praktikak eginez. INSTITUZIOEN APUSTUA Lanketa pertsonala dago alde batetik, eta bertzetik, instituzioen ardura. «Erakundeek beren barne lanketa egin behar dute, ezin delako gertatu instituzio batek zurrumurru bat ateratzea edo politika diskriminatzaile bat egitea. Funtzionario batek ezin du hasi kolektibo batzuen kontra zerbait esaten. Hor egitura batzuk egon beharko lirateke, ‘kontuz, hau hemen ezin da egin’ ohartaraziko luketenak», azpimarratu du Jauregik. «Zaska sarean 2016an hasi ginen lanean, eta ikusten dugu gutxinaka-gutxinaka instituzioak honen aldeko apustua egiten ari direla. Hasieran ez geneukan hitzarmenik eta orain Nafarroako Gobernuarekin daukagu. Hainbat udalek ere deitzen digute. Gehiago ezagutarazten ari gara eta jendeak beharra ere sumatzen du, jendartean zurrumurruak areagotzen ari direla ikusten duelako eta zerbait egin nahi duelako horiei aurre egiteko», baloratu du kideak. Ildo beretik, hedabideek ere funtsezko papera dutela eta filtroak sortu behar dituztela nabarmendu du: «Hau ezin da esan, ez da egia. Orokortasun bat ere ez da egia; pertsonak orokortasun bat baino gehiago gara eta orokortasunak eragiten digu pertsona ikustea ekintza bat bezala, eta ekintza bat baino gehiago gara». Astero agertzen da, adibidez, delitu bat egin dutenen jatorria, edo norbait “migratzailea” edo “etorkina” dela erraten da. «Migratzaile bat da mugimenduan dagoen pertsona bat. Jada iritsi bazara, ez zaude mugimenduan. Eta ez zara migratzaile jaiotzen», ohartarazi du. «Jakin beharko dugu gure herriak eta herrialdeak anitzak direla. Baina lekua eta pribilegioak uzteko kontu bat ere bada». Ohiko zurrumurru bat «dirulaguntza gehienak kanpotarrek jasotzen dituzte» dioena da. Pasatzen ahal zaigu horri datuekin aurre egiten saiatu eta ez konbentzitzea. «Datuek ez dute ezertarako balio. Edo balio dute jada enpatia pixka bat hartu duzunean. Baina zurrumurru horri dagokionez, zergatik ez dituzte laguntzak jasoko? Dirulaguntzak beharra duten pertsonentzat dira. Ikusi beharko dugu gizarte honetan zergatik txiroen bizi direnak kolektibo hauek diren eta barne hausnarketa bat egin beharko dugu. Bestetik, ‘lana kentzen digute’ esaten da, baina pertsona bat lanean ari denean, ez ditu laguntzak jasotzen. Orduan, kontuz: pagaburu bat sortzen ari gara zurrumurru desberdinekin». «Gainera, ‘ez dute zergarik ordaintzen’. Baina ogi bat erosten badut zerga sortzen ari naiz. Eta laguntzek ere ekonomia sortzen dute. ‘Kanpotarrak’ diogu, baina nor da kanpotarra?». Jauregiren arabera, ez dugu fokua arazoan jartzen: agian gizarte bezala ez gara gauzak ongi egiten ari». Gaineratu duenez, pertsona guztiok behar dugu talde baten parte izatea. «Askotan, talde baten parte izateko, gure ekintzak beste batzuen kontra egiten dira. Oso era sotilean izan daiteke. Barre batzuen bidez, esaterako. Horrek, talde baten parte bagara, hor finkatzen gaitu, talde horren egiteko modua delako. Talde horrek zurrumurruak eta gorroto diskurtsoak egonkortzen ditu». Elon Muskek egindako keinu naziaren ondotik, eskola batzuetatik deitu zieten sarekoei, haur eta gaztetxoak keinu hori egiten hasi zirela-eta. «Arlo komunitarioan lan egiten duzun pertsona bat bazara, espiritu kritikoa duena, badakizu nondik nora doazen gauzak, baina badago jendea ez dakiena. Nerabeak beren bidea bilatzen ari dira eta halako gauzak agertzen badira, kontuz ibili behar da. Edo pertsona heldu bat banaiz, etxetik asko ateratzen ez naizena, kontuz, alde batera edo bestera joan naitekeelako. Keinu naziarekin gertatu dena ez da gauza orokor bat izan, eta ez da horrela hartu behar, baina egia da horrek inpaktu bat daukala eta norbaiti ailegatzen zaiola», adierazi du Jauregik. Zaska Sareak parte hartu izan duen beste ekitaldi bat. (ZASKA) ABIAPUNTUA Orokorrean, formakuntza ematen dutenean, ordu gehiago behar dituztela aipatzen diete partaideek. Abiapuntua dela eta jarraitu nahiko luketela. Hain dira sakonak, adibidez, matxismoaren eta arrazakeriaren sustraiak... «Beldurra ere handia da, eta ezjakintasuna. Horregatik, hau guztia kokatzea lagungarria da pertsonentzat eta taldeentzat. Agian ohartzen gara gauzak egiteko beste era batzuk daudela edo zerbait ez genuela kontuan izan». Lantalde batean halako formakuntza bat egiteak talde horretan gai honetaz mintzatzen ari direla erran nahi du. Jauregik agertu duenez, aurrekari bat jartzen du eta garrantzitsua da poliki-poliki lanketa hauek egiten joatea. LEKU SEGURU BAT Saioak leku seguru bat sortzen saiatuz hasten dituzte beti. «Sortzen dugunean, asko hitz egiten da eta jendeak buruan dauzkan gauza asko esaten ditu. Batzuetan esaten duzu: ‘Uau!’. Baina hori guztia botatzea ongi dago. Harremantzen zara eta ikusten duzu badaudela beste pertsona batzuk zu bezala pentsatzen dutenak. ‘Ez nago bakarrik honetan’, sentitzen ahal duzu». Zurrumurruei kontra egiteko modurik onena harremantzea dela aldarrikatu ohi du Zaska sareak. «Desberdintasunarekin eta beldurra ematen digunarekin harremantzen garenean, ezagutu egiten dugu eta gure estereotipo eta aurreiritziak aldatu egiten dira. Bestela orokortze bat egiten dugu. Orokortze horrek pertsona deshumanizatzen du eta diskriminazioak sor daitezke». Taldeetan aniztasuna egotea bilatu behar dugula defendatu du Zaskako lagunak. Udalekin lan egiten dutenean, erraterako, halako eremuak sortu behar direla erraten diete, bertzeekin harremantzeko. «Batzuetan oso politak izaten dira gure formakuntzetan aniztasun handia dagoenean sortzen diren eztabaidak. ‘Hau ez nuen ikusten, ze pribilegioduna naiz’, esan dezake norbaitek», kontatu du. Izan ere, harremantzen hasten zarenean ohartzen zara ikusten ez zenituen errealitateez, eta bertzearen lekuan jartzen zara. NOR DA PAGABURUA? Jauregik uste du gorroto diskurtsoak eta zurrumurruak beti daudela hor eta bilatzen direnak pagaburuak direla. «Hori da kontua: nor da orain pagaburua? Zein interesengatik? Gure egunerokotasunean une batzuetan areagotzen dira; hauteskundeen aurretik, edo momentu kritiko batzuetan, interesengatik. Gure gizartea momentu zaurgarri batean dagoenean ere bai». Berriki izan dugun itzalaldia jarri du adibide gisa. «Gertatu orduko hasi ziren hau edo bestea izan zela esanez. Nola jokatzen duten ‘fake news’-ek eta sare sozialek...». Egunotan, Zaska sarekoak Burlatako Udalarekin eta Gaztegunearekin ari dira lanean. «Zurrumurruen formakuntza bat emateko eskatu ziguten. Horrekin gidoi bat sortzeko eta Burlatako Antzerki Eskolarekin bideo bat grabatzeko asmoa dute». Bertzetik, Iruñeko Iturramako Institutuko ikasleei eman zieten formazioa joan den astean, eta aitzinerago irakasleei emanen diete. «Jendea pixkanaka kontzientzia hartzen ari da, eta hori positiboa da», baloratu du Zaska sareko lagunak.