GAUR8

Arropa zintzilik


Sanferminetako arropa zuria eta gorria etxeko balkoian zintzilik. Hiru solairuko etxeko fatxadan, hiru balkoietan mezu bera: jaietan gaude. Zoragarria iruditu zait 2025eko Iruñeko sanferminak iragartzen dituen kartela, Sandra Nadal Vitalen lana.

Jaiak bai, zaintza ere bai. Niretzat zintzilikatutako arropak horixe iradokitzen duelako, jaian dabilenak baduela non hartu aterpe oinak nekatzen direnean, ahotsa urratzen denean, jendetasunak gain hartzen dionean. Era berean, jaia auzoarena, herriarena, dela kontatzen didate zintzilikatutako arropek; iruindarrek egiten dituztela sanferminak.

Etxe parean zintzilikatutako arropak bizitza kontatzen du, etxe horretan bizi direnen bizitza. Ostiraletan langileen buzo horiak zabaltzen dituzten balkoi horren azpialdetik pasatzen naizenean, asteburuan ondo merezitako atsedena hartuko dutela pentsatzen dut.

Barruko arropa txiki-txikiak zabaldu dituzten beste etxe horretan, bizitza berri bat kontatzen du jaioberriaren arropak. Maindireak zabal-zabal jarri ditu beste horrek baranda osoan, eguzkitan gozo lehortzeko. Kontuan hartzeko luxua da goizean eguzkitan zabaldutako maindire garbitu berrietan oheratzea gau horretan bertan. Gure amonak bere kuleroak sukalde ondoko soka batean zintzilikatzen zituen, ezkutuan bezala, “diskretuago”. Haurrak ginela burua sartzen genuen kuleroen zuloetatik amona zirikatzeko. Erratzarekin ateratzen zen sukaldetik ipurdia berotuko zigula esanez. Oraindik irriñoa sortzen zait. Orain gure esekitokian zintzilik egoten diren kuleroen tamaina ikusita, amonak zein astakeria esango lukeen gustura entzungo nuke. Hor ere bada belaunaldien arteko talka.

Poza eman dit sanferminetako kartel irabazleak, askotan tontakeriak entzuten nekatu baitzaizkit belarriak, arropa kanpoaldean zintzilikatzea “antiestetikoa” dela adibidez. Hori esaten duenarentzat, bizitza bera da antiestetikoa. •