24 MAI 2025 - 00:00h Genozidioaren ekonomia eten Koldo SAGASTI Aste honetan, Espainiako Kongresuko gehiengo zabal batek 53/2007 legearen erreforma aintzat hartzea bozkatu du. Balizko erreforma horrek genozidioagatik ikertutako herrialdeei arma-enbargoa ezartzea ahalbidetuko luke. Nolanahi ere, ekimenari ibilbide luzea geratzen zaio, gauzatuko bada. Parlamentuko batzorde batean eztabaidatu, zuzenketak aurkeztu, eta behin betiko testua adostutakoan, Kongresura bueltatuko da, berriz ere bozkatzeko; eta orduan, agian, Espainiak Israelgo erregimen kriminalari armak saldu eta erosteari utzi beharko lioke. Prozesu luzeegia Palestinan egunez egun zomorroen antzera akabatzen ari diren errugabeentzat. Zergatik ez dute Ministro-Kontseilu batean dekretu bidez onartu eta bihartik aurrera erregimen sionistarekiko arma-merkataritza bertan behera utzi? Errazagoa zatekeen, praktikoagoa, eta prozedura administratiboak irauten duen bitartean hilko diren milaka pertsonaren bizitzak aurreztuko zituzketen. Parlamentuko ekimen horren atzean Nazioarteko Justizia Auzitegiaren agindu bat dago. Hagako Gorteak, uztailean kaleratutako ebazpen batean, neurriak exijitu zizkien herrialdeei «Israelek Palestinako Eremu Okupatuetan sortutako egoera ilegalari eusten dioten merkataritza-harremanak edota inbertsioak saihesteko». Palestinako kolonizazioa sostengatzen duten harreman ekonomikoak eteteko agindua arrazoi nahikoa izan bada arma-enbargoa ekar dezakeen prozedura bat abian jartzeko, zergatik ez dute berdin jokatzen kolonizazio bera sostengatzen duten beste eragile ekonomiko batzuekin? Iragan martxoaren 9an, Jerusalemen, Benjamin Netanyahu gerra-kriminalak ekialdeko kolonia ilegalak hirigunearekin lotuko dituen trenbidearen linea gorria inauguratu zuen. Harekin, orpoz orpo argazkian Mickey Raviv zegoen, CAF konpainiak Israelen duen ordezkaria. Erretratu historiko hark agerian utzi zuen Beasaingo multinazionala leporaino sartuta dagoela Palestinako okupazioaren azpiegituren eraikuntzan. Izango al dute kontuan lege-proposamenaren egileek? Edo beste behin ere nazioarteko zuzenbide erakundeen ebazpenak ezerezean geratuko dira? •