24 MAI 2025 - 00:00h Leizeetan bizi zen Euskal Herrira bidaia, bi paleontologorekin 150.000 urtetan zehar bizi izan ziren Euskal Herrian, arbaso komuneko gure ahaide zaharrak ziren neandertalak, gizaki kulturalak, kanibalak batzuetan eta lehen ehorzketen egileak agian. Andereren mundu hartara joan da Durango, paleontologoek irudikatutakoa imajinatuz. Monika Villalba de Alvarado eta Asier Gomez Olivencia, Durangon emandako hitzaldian. (Aritz LOIOLA | FOKU) Nerea Goti Museoen Nazioarteko Egunaren atarian eskainitako hitzaldi batek leizeen garaietara eraman zuen Durangoko Kurutzesantu Museoan beteriko areto bat, neandertalen eta historiaurreko hartzen mundura bidaiatzeko. Museoen ospakizunak eta historiaurreak komunean zer duten izango da irakurlearen lehen galdera. Bada, Mañarian dagoen Hontza Zientzia Museoak 10. urteurrena ospatzen du. Aukera ezin hobea zen ikusgai dituen eta paleontologoei hitz egiten dieten aztarna horiei testuinguru zientifikoa eman eta, aldi berean, asteburu osoan zehar doan ikusteko parada emateko. Asier Gomez Olivencia eta Monica Villalba de Alvarado adituek 150.000 urtetan zehar Euskal Herrian bizi izan ziren neandertalen inguruan dauden ikerketak erakutsi zituzten eta euskal hartzen habitata zen lurraren argazkia osatu zuten. Lehen zehaztapen bat egin zuen Gomezek gaia kokatzeko. Homo generoaren arbol genealogikoari erreparatuta, argitu zuen neandertalak ez direla gure arbaso zuzenak, baina arbaso komun bat partekatzen dugula haiekin, «aitite-amama moduko bat, nolabait esateko». Zorabiatzeko modukoak dira datu kronologikoak, duela milaka eta milioika urtera arte zenbatzen diren urte urrunetara eramaten gaituztenak. Arbaso komun hori, adibidez, duela 500.000 eta milioi bat urte artean bizi izan zen, ehiztari biltzaileak ziren, nomadak... Neandertalen denbora-espazioa, beraz, berantiarragoa da. Duela 40.000 urte inguru desagertu ziren. «Familia arbola bat egingo bagenu, bi leinu daude: gu sapiens-ak izango ginateke, neandertalen lehengusu-lehengusinak», zehaztu zuen EHUko ikertzaileak. Arbaso komun bat partekatzen dugu haiekin, bai, baina aurreneandertalak ere egon ziren, eta La Sima de los Huesos, Atapuercan aurkitutakoak, izango dira agian famatuenak», gogoratu zuen. DNA zaharrera aplikatutako teknika berriek familia arbola hori osatzeko datu gehiago eman dute, Denisovako gizakia gehituz, «ekialdeko neandertalak» bezala har daitezkeenak. Gomez Olivenciak aipatutakoaren arabera, ez dira populazio isolatu gisa hartu behar: «Ikusi duguna da gizatalde hauek guztiak haien artean gurutzatzen zirela, distantzia genetikoak ez zirela hain handiak». Karrantzan dagoen Polvorin kobazuloa. (Javier TRUEBA-POLVORINEKO IKERKETA TALDEA) Horrek ez du kentzen, halere, ageriko desberdintasun anatomikoak antzematea, eta ez bakarrik garezurrean, hezurdura osoan baizik. Gurearekin alderatuta, historiaurreko ahaide urrun haien morfologia fisikoa nahiko desberdina zen: «Zabalagoak dira, hezurdura pisutsuagoa dute eta artikulazio handiak, baina desberdintasunak atal anatomiko txikienetan ere geratzen dira, estribuan, adibidez». Adierazgarriena burmuinaren hazkuntzan dago, dioenez. «Bi leinuetan burmuinaren hazkuntza eman zen, eta neandertalek batez beste burmuin handiagoa zuten, baina gurean forma globularra du burmuinak», argitu zuen adituak. Teknika berriek ahalbidetu dituzte gorputz atalen eraikuntza birtualak, datu eta hipotesi berriei bidea eginez. Europan, Asian, Ekialde Hurbilean eta Siberian ere aurkitu dira aztarnak, eta klima hotzarekin lotzen ohi baditugu ere, ez ziren bakarrik inguru hotzetan bizi, oso ohikoak baitziren Europako hegoaldeko penintsula guztietan. KANIBALISMOA ETA EHORZKETAK Gure ahaide urrun haiek gizaki kulturalak ziren, eta ez egitura kultural bakarrekoak, gainera. Zergatik ondorioztatu da hori? Hildakoekiko zuten jokabidea adibide gisa jarrita. «Ikusi duguna da leku desberdinetan kasu batzuetan kanibalak zirela, eta tresna batzuk giza hezurrekin egiten zituztela, baina beste neandertal batzuen kasuan, aldiz, hildakoak ehorzten zituztela ikusi da». «Posible da, agian, lehengo ehorzketak neandertalenak izatea eta, aldiz, gureak edo guk ikasitakoak haiengandik ikasi izana. Kronologiaren aldetik, hor bada eztabaida bat eta posible izango litzateke lehenengo ehorzketak edo zaharrenak Ekialde Hurbilean gertatu izana eta Afrikatik kanpo dauden ehorzketak Sapiensenak izatea, pixka bat berriagoak», esan zuen Gomezek. Adituentzat, ez da zaila kanibalismoa antzematea. Praktika hori adierazten dute fauna hezurretan barreiatuta duten eta haiek bezala apurtuta agertzen diren giza hezurrek, ebaketa zantzuak dituztenek..., azaldu zuen Gomezek, eta perkusio markak dituztenek, apurtzeko emandako kolpeen ondorioz, hezur barrukoa jaten baitzuten. Nazioartean paper garrantzitsua jokatzen dute Euskal Herrian neandertalen inguruan egindako aurkikuntzek, hala azpimarratu zuen doktoreak. Gurean, 25 aztarnategitan aurkitu dira neandertalen zantzuak, leku ezberdinetan, gehienak kobazuloetan, baina ez horietan bakarrik, aire zabalekoak ere badaude. Dimako Axlor aztarnategian jarri zuen fokua EHUko adituak, normalean aurkitzen diren laginez hitz egiteko. «Gehienbat prozesatutako faunaren aztarnak bilatzen dira, apurtutako hezurrak behin jan eta gero, tresna asko ere bai, eta lantzean behin giza fosilen bat ere topatzen da, nahiz ez den ohikoena. Polvorineko ikerketa taldea lanean. Javier TRUEBA-POLVORINEKO IKERKETA TALDEA) Animalien hezurrek informazio mota bat ematen dute, harri tresnek beste bat, eta neandertalen hezurrek beste hainbat datu ematen dituzte. Fauna aztarnek ehizatzen zituzten animaliez hitz egiten dute. Bisonteak, errinozeroak, elur oreinak edota mamutak dira, besteak beste, aurkitzen diren animalien zantzuak, baina Ekialde Hurbilean, ekosistema ezberdinetara egokitu ziren, eta gazelak, gamoak edota oreinak ziren ohiko jana. Euskal Herriko neandertalen kasuan, aldiz, basahuntzak, oreinak, zaldiak eta bisonteak. Bitxia bada ere, noizean behin beste lagin batzuk agertzen dira, eta horrela, Amalda aztarnategian lehoinabar baten metapodo bat agertu zen, ebaketa batekin, gainera, Azala eta haragia erabiliko zituzten agian. MILA URTETAN ZEHAR DESAGERTUTA Harri tresnei erreparatuta, mugitzen ziren eremu geografikoa ere marraz daiteke, silexarekin egindako tresnak erabiltzen bazituzten; silex mota horiek leku jakin batzuetan agertzen baitira. Aztarnategi batean Trebiñuko silexa eta kostaldeko flyscharen silexak ere ager daitezke. Horrek esan nahi du «talde horiek mugitzen ari zirela kostaldean zein barnealdean, eremu horiek ustiatzen zituztela lanabes mota ezberdinak egiteko, eta arroka mota ezberdinak ezagutzen zituztela eta lortu behar zituztela». Egurrezko tresnen aurkikuntzari dagokionez, Joseba Rios Garaizar ikertzaileak egindako lana azpimarratu zuen Gomezek, ez baita batere ohikoa horien arrastoa aurkitzea, arin usteltzen dira eta desagertzen dira, eta horrek ia ikusezin egiten baititu. Era berean, neandertalen desagertzearen zergatia dago argitzeke. Horretarako faktore batzuk egon daitezke. Dentsitate txikiko populazioak ziren, eta gerta zitekeen aldi hotz batean, baliabideak bilatzeko zailtasun handiak zeudenean, komunitate batzuk desagertu izana. Dataturiko azken neandertalak 40.000 urte dituzte. Kultura aldaketa bat eman zela adierazten du erregistro arkeologikoak. Gauza da badirudiela Euskal Herrian mila urtetan zehar ez zela neandertalik izan. «Agian gertatu zena izan zen neandertalak bertatik desagertu zirela eta Iparraldetik beste kultura batekin etorritako neandertalak ezarri zirela, lanabesak egiteko beste modu batekin. Hau da orain pil-pilean dagoen eztabaida bat», azpimarratu zuen. Askondoko leizeko hartz baten garezurra, Mañariko Hontza Museoko bildumakoa. (HONTZA MUSEOA) Beste faktore bat da sapiensak ekuazioan sartu zirela, eta haiekin, hezurrak lantzeko eta apaingarriak egiteko eztanda bat izan zela, zeren badaude batzuk neandertalei lotuta, baina oso kopuru mugatu batean eta bat-batean biderkatzen da. «Azterketek adierazten dutena da neandertalak desagertu zirela, baina Europara heldu ziren lehenengo sapiensak ere segur aski desagertu zirela, ordezkorik gabe, eta gero beste talde sapiens berriak sartu zirela behin eta berriz», argitu zuen Gomezek. Ikerketa, beraz, zabal-zabalik jarraitzen duen argazki bat osatzen ari da, neandertalen eta sapiensen arteko marra fin hori ezberdintzen, laginak alderatzen, teknika berriek ematen dituzten abantailak baliatzen. Eta orduan jakin ahal izango da egunen batean Andere -Karrantzako El Polvorinen aurkitutako giza aztarna zaharrena, segur aski duela 150.000 urte baino gehiagokoa- nola hil zen, nola eta noiz heldu zen aztarnategira, zein zen zegoen klima... denboran atzerago oso urrun dagoen istorioa eraikitzeko. HIRU HARTZ ESPEZIE EUSKAL LURRETAN Monica Villalba de Alvarado historialari eta paleontologo extremadurarra ursidoen paleontologian aditua da. Madrilgo Unibertsitate Konplutensen egin zuen tesia, eta egun, Euskal Herriko ikertzailea da, eta hainbat aztarnategitan ari da lanean arrastoek kontatzen duten historia marrazten. Kasualitatez, Durangaldean bertan izan zen ehizatua Bizkaiko azken hartza, Mañarian, gaurko Urkiolako parke naturalean. Aipamen idatziak daude, era berean, XIII. eta XIX. mendeen artean, eta orokorrean hartzak (eta otsoak) ehizatzeagatik emandako ordainsariei buruzko araudien izkribuak dira. Baina denboran askoz atzerago joanda, historiaurreraino, hartzen populazioak beste dimentsio bat zuen, eta gizakien eta animalien arteko gatazkak haitzuloen inguruan ebazten zirenean, ez bat, gutxienez hiru hartz espezie bizi ziren euskal lurretan. Iberiar penintsulan hiru espezie zeuden: gaur egun Kantauriar Mendikatean eta Pirinioetan bizirauten duen hartz arrea, Europan Pleistozenoan zegoen hartz beltz asiarra eta desagertu zen leize-hartza. Hiru familiak duela 2,5-3 milioi urteko leinu zaharrago batetik datoz, “Ursus minimus”-etik, hain zuzen ere. Zaila da «forma primitibo batzuetan» hartz arrea eta leize-hartza desberdintzea. Hartz arreen kasuan, gutxiago dira aztarnategiak eta kopuru txikiago batean aurkitu dira aztarnak. «Espazio berberetan leizeetako hartzen askoz aztarna gehiago daude hartz arreenak baino», zehaztu zuen Meridako ikertzaileak. Hipotesietako bat da leize-hartzek haitzuloetan hibernatzen zutela. Hartz arreek, aldiz, «plastikotasun» handiago bat zuten espazioak aukeratzeko, eta lurrean hondeatutako zuloetan molda zitezkeen, «eta horrek eragina izan dezake kontserbazioan». Euskal Herrian, Koskobiloko aztarnategian, Nafarroan, hartz arrearen zenbait arrasto aurkitu izan dira, beste espezie batzuetakoen ondoan, baita Arlanpen ere, Lemoan. Bertan egin zen DNA azterketa batek ondorioztatu zuen hango hartzak Alaskan ere aurkitu diren fosilen antzeko DNA duela. Gizarte haientzat zuten garrantzia ere islatuta geratu da. Esan zuenez, «duela 14.000 urte inguruko errepresentazioak daude Ekainen, Santimamiñen, Isturitzen... eta morfologikoki antz handia dute egungo hartz arreen burezurrekin, frontalaren aldea lau samarragoa da, ez dauka leize-hartzetan duen koska tipikoa». Hartz beltz asiarraren arrastoa txikiagoa da Euskal Herrian. Duela 600.0000 eta 80.000 urte artean Europako eremu batzuetan eta Iberiar Penintsulan bizi zen espeziea. Azken honetan oso urriak dira aztarnak, eta bost lekutan baino ez dira aurkitu, Koskobiloko aztarnategia da horietako bat. Espezie batzuek zuten hibernazioari buruzko informazioa ere aurkitu dute ikertzaileek: «Epe luzeetan hibernatzen zutela badakigu hartz gazteagoen aztarnak daudelako, hala nola esne-hortzak, eta zahartzaroko aleenak. Horrek esan nahi du bai gazteek bai zahartzaroko aleek orokorrean gosez hiltzeko aukera gehiago zutela». Euskal Herriko hartz zaharrenen aztarnen presentzia adierazten duten puntuak marraztuko bagenitu mapan, Lezetxiki (Arrasate), Koskobilo (Olatzagutia), Santa Isabel de Ranero (Karrantza) edo Salbatore (Itziar) nabarmendu beharko genituzke, besteak beste. Hontza museoan Mañariko Askondo kobazuloko leize-hartzen bildumaren parte bat ikusteko aukera daukagula gogoratu zuen, eta egoera «bikainean» daudela azpimarratu zuen Monica Villalba de Alvarado ikertzaileak. Izan ere, 2011. urtean egindako indusketetan ikusi zen hartz hauek 40.000.