07 JUIN 2025 - 00:00h Desnutrizioa eta elikadura-segurtasun falta hazi egin dira sei urtez jarraian Elikadura Krisien Munduko Txostenaren arabera, munduko eskualderik zaurgarrienetan goseak mugara eraman ditu milioika pertsona. Seigarren urtez segidan hazi dira elikadura-segurtasun falta eta desnutrizioa. Emakumeak eta haurrak Khan Yuniseko Al Farooq kanpalekuan, malnutrizioa tratatzen den Unicefen klinikan. (Rawan ELEYAN | UNICEF) Maider Iantzi Gatazkak, krisi ekonomikoak, muturreko klima fenomenoak eta behartutako lekualdatzeak elikadura-segurtasun gabeziaren eta desnutrizioaren eragile dira mundu osoan. Eta lehenagotik egoera zaurgarrian dauden eskualde ugaritan, hondamena eragiten dute. Elikadura Krisien Munduko Txostena aurkeztu dute (GRFC ingelesez), eta horren arabera, 2024an, 53 herrialde eta lurraldetako 295 milioi lagunek baino gehiagok gose akutua pasatu zuten. 2023an baino 13,7 milioi pertsona gehiago izan ziren. «Kezkagarria da elikadura-segurtasun faltaren areagotzea, aztertutako biztanleriaren %22,6k jasaten baitute gaur egun», adierazi dute. Bosgarren urtea da dagoeneko zenbakia %20tik gora mantentzen dena. Ez da hori bakarrik: gose katastrofikoari (elikadura-segurtasunaren sailkapeneko bosgarren fasea) aurre egin behar dioten pertsonen kopurua bikoiztu egin da, 1,9 milioira iristeraino. Zifrarik handiena da GRFC 2016an jarraipena egiten hasi zenetik. FAKTORE NAGUSIA, GATAZKA Desnutrizioa, batez ere haurren artean, muturreko mailara ailegatu da Gazako Zerrendan, baita Malin, Sudanen eta Yemenen ere. Orotara bost urte baino gutxiagoko 38.000 milioi haurrek sufritu zuten desnutrizio larria 26 nutrizio krisitan. Elikadura-segurtasun faltaren faktore nagusia gatazka da, aurreko urteetan bezala. 20 herrialde eta lurraldetako 140 milioi pertsonari eragiten die. Gosetea dago Sudanen, Gazako Zerrendan, Sudan Hegoaldean, Haitin eta Malin. GAZAKO EGOERA Gazan, oinarrizko zerbitzuak suntsitzeak eta sarbide humanitario hagitz mugatuak desnutrizioa areagotzea ekarri dute. 2024ko azarotik 2025eko apirilera, Gazako Zerrenda osoa sailkatu zen IPC adierazleko hirugarren fasean edo gorago. Rafah, berriz, fase kritikoan (laugarrenean). Gaza iparraldean, bi urtetik beherako haurren %30 gose ziren 2024ko otsailean, eta 2024ko martxotik uztailera Gaza Hirian eta Gaza iparraldean gosete arriskuagatik alerta ezarri zen. Gorakada ikaragarria izan da, 2023ko urria baino lehenago %0,8k sufritzen zutelako gosea. Txostenak jasotzen duenez, 2024an 6 eta 59 hilabete bitarteko 60.000 haurrek zuten gose akutua, eta haurdun zeuden edo edoskitzen ari ziren 16.500 emakumek. Elikadura-sistemak puskatzeak eta janariaren prezioak goititzeak elikagaien gabezia larria eragin zuten. Sei eta 23 hilabete bitarteko haurren eta haurdun zeuden eta edoskitzen ari ziren emakumeen %90ek bi janari-talde edo gutxiago jaten zituzten egunero. Horrez gain, haurrentzako esnearen formula mugatua zen eta horrek animalien esnea edatera behartu zituen, infekzioak eta desnutrizio arriskua areagotuz. Haur bat Unicefen behin-behineko aterpetxe batean, Turkiako hego-ekialdean, bi lurrikara lazgarri jasan ondotik, 2023an. (Aysegul KARACAN / UNICEF) Uraren eta hondakin-uren azpiegitura ere suntsitu zuten israeldarren bonbardaketek. Gazatar bakoitzak egunean batez beste litro bat ur baino gutxiagorekin biziraun behar zuen. Hori bizitzeko behar den gutxienekoaren azpitik dago nabarmen. Gaixotasun kutsagarrien tasak larriak ziren, eta neguan okerrera egin zuten. Haurren heren bati eragin zioten. Zisjordanian, 0,7 milioi pertsonak (biztanleria osoaren %21ek) zuten elikadura-segurtasun gabezia larria. 2023an baino 0,1 milioi lagun gehiago ziren. 2,5 milioi palestinar errefuxiatu eta asilo eskatzaile zenbatu zituzten 2024an. LEKUALDATZE BEHARTUAK Lekualdatze behartuen ondorioz ere aunitz handitzen da gosea. Kasik 95 milioi pertsona izan dira desplazatzera behartuak -barne desplazamenduak, asilo eskaerak eta errefuxiatuak barne hartuta- elikadura-krisiak pairatzen dituzten herrialdeetan; Kongoko Errepublika Demokratikoan, Kolonbian, Sudanen eta Sirian, errate baterako. Mundu osoan 128 milioi pertsona lekualdatu behar izan dira indarrez. FINANTZAKETA, MURRIZTUA «2025eko Elikadura-krisiari buruzko Munduko Txosten honek itzulingururik gabe salatzen du munduak bere norabidea modu hagitz arriskutsuan desbideratu duela», azpimarratu du Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, Antonio Guterresek. «Luze dirauten krisiak are gehiago larritzen ditu orain egoera horiei erantzuteko finantzaketa humanitarioa hainbertze murrizteak. Gosea ezin da defendatu XXI. mendean. Ezin diegu urdail hutsei esku hutsekin eta bizkarra emanez erantzun», adierazi du NBEko idazkari nagusiak. GRFCren aurreikuspenen arabera, baliteke egoera horrek 2025ean ere irautea. Izan ere, Munduko Sareak elikadura- eta nutrizio- krisiei erantzuteko txostenaren historian izan den finantzaketa humanitarioaren murrizketarik handiena espero du. KRISI EKONOMIKOAK Krisi ekonomikoek -inflazioa eta txanponaren debaluazioa barne- 15 herrialdetan eragin zuten gosea 2024an, 59,4 milioi lagun kaltetuz. Covidaren aitzineko zenbakien bikoitza da hori, nahiz eta 2023an jaitsiera txiki bat gertatu zen. Krisi ekonomikoak izan dira elikadura-krisi handi eta luzeenetako batzuen eragile nagusiak. Halaxe gertatu da Afganistan, Hego Sudan, Siria eta Yemenen. Muturreko fenomeno meteorologikoek, zehazki idorteek eta El Niño fenomenoak sortutako uholdeek, 18 herrialde eraman zituzten elikatze-krisietara, eta 96 milioi pertsonari eragin zieten. Hegoaldeko Afrika, hegoaldeko Asia eta Afrikako adarra dira horren adibide. Ume bat Costa Ricako CATEM instalazioetan kokatutako Haurrentzako Espazio Seguruan. (Ezequiel BECERRA / UNICEF) ERROTIKO ALDAKETA Elikadura-segurtasun falta larria eta desnutrizioa inoizko gehien hazi dira. Hala eta guztiz ere, munduko finantzaketa urtetako jaitsierarik azkarrena ari da izaten eta borondate politikoa ahultzen ari da. «Gosearen areagotzearen eta desnutrizioaren zikloa puskatzeko, errotiko aldaketa ausartak behar dira, ebidentzietan oinarritutako ekintza lehenetsiko dutenak eta inpaktuan zentratuko direnak», defendatu dute txostenaren egileek. Azaldu dutenez, horrek baliabideak biltzea erran nahi du, funtzionatzen duena zabaltzea, eta kaltetutako komunitateen beharrak eta ahotsak erantzun bakoitzaren erdigunean jartzea ere bai. BEREZIKI LANDA GUNEETAN Larrialdiko laguntzaz harago, Elikadura-Krisien kontrako Munduko Sareak tokian tokiko elikadura-sistemetan eta nutrizio zerbitzu integratuetan inbertitzea aholkatzen du, epe luzerako esku hartzeak egiteko eta krisien aurrean erresilientzia sustatzeko, bereziki krisiak jasateko aukera handienak dituzten eskualdeetan, zeinetan landako etxeen %70 nekazaritzaren mende dauden, sostengatzeko eta bizitzeko. Catherine Russell Unicefeko zuzendari exekutiboak hala egin du gogoeta: «Oparotasunaren mundu batean, ez dago aitzakiarik haurrek gosea pasatzeko eta desnutrizioz hiltzeko. Goseak haurren urdailak jaten ditu. Baita beren duintasuna, segurtasun sentsazioa eta etorkizuna ere». «Nola jarrai dezakegu ezer egin gabe munduko haur gosetu guztiak elikatzeko aski eta sobera janari badago? Nola egin diezaiokegu ezikusiarena gure begien aitzinean gertatzen ari denari? Milioika haurren bizitza hari batetik zintzilik dago, nutrizio zerbitzu kritikoen finantzaketa mozten den bitartean». BEGIZATASUNARENTZAKO ERRONKA Hadja Lahbib Europako Batasuneko Berdintasun, Prestakuntza eta Krisien kudeaketaren komisarioak zera erantsi du: «Aurtengo Elikadura-Krisien Munduko Txostenak gosearen areagotzearen bertze irudi gogor eta onartezin bat marrazten du. Hau ez da ekintzarako deialdi sinple bat, betebehar moral bat baizik. Finantzaketaren murrizketak sistema humanitarioa tenkatzen ari diren momentu honetan, munduko gosearen aurka borrokatzeko konpromisoa berresten dugu». Akuzwe, urtebeteko haurra, bere ama Chucraniren besoetan edaten, Goman, Ipar Kivu probintzian, Kongoko Errepublika Demokratikoan. (Esther USHINDI / UNICEF) EBko ordezkariak ziurtatu duenez, ez dituzte ahulen daudenak atzean utziko, batez ere egoera zaurgarrian dauden herrialdeak eta gatazkak jasaten ari direnak. Nazioarteko eskubide humanitarioa defendatzen eta sustatzen segituko dute. «Erronkak inoiz baino handiagoak dira, baina gure elkartasuna ere inoiz baino handiagoa da. Orain da momentua elkarrekin eta erabakitasunez ekiteko eta unerik zailenetan ere gizatasunak erronka gaindi dezakeela eta gaindituko duela frogatzeko». QU Dongyu FAOko zuzendari nagusiak azaldu du Elikadura-Krisien inguruko Munduko Txostena plazaratzean jakitun direla elikadura-segurtasun falta ez dela krisi bat soilik, baizik eta milioika pertsonaren errealitate iraunkor bat. Horietako gehienak landa inguruetan bizi dira. Dongyuk argi du zein den jarraitu beharreko bidea: «Funtsezkoa da larrialdiko nekazaritzan inbertitzea, ez erantzun bezala bakarrik, aldaketa nabarmen eta iraunkor bat eragiteko soluzio errentagarriena delako ere bai». Alvaro Lario FIDAko presidentearen ustez, txostenak garbi uzten du erantzun humanitarioak eta landa garapeneko inbertsioek eskutik joan behar dutela. Baita erresilientzia sortzeak ere, epe luzerako egonkortasuna lortzeko, larrialdiko esku hartzeez gain. «Landako komunitateak, bereziki nekazari txikiak, oinarrizkoak dira elikadura-segurtasunerako, erresilientziarako eta hazkunderako. Eta hau oraindik agerikoagoa da inguru zaurgarrietan», erran du. AUKERAK SORTU Raouf Mazou ACNUReko Operazioetarako Goi Komisario Atxikia da. Honako proposamena egin du berak: «Desplazatuak izan diren pertsonek indar handia erakusten dute, baina erresilientziak, berak bakarrik, ezin du gosea bukatu. Elikatze-segurtasun gabezia larritzen doan heinean eta krisi humanitarioak luzatzen diren heinean, hagitz garrantzitsua da larrialdiko laguntzatik erantzun jasangarrietara pasatzea». Mazouren arabera, horrek erran nahi du benetako aukerak sortu behar direla: «Lurrerako sarbidea, bizitzeko bitartekoak, merkatuak eta zerbitzuak, pertsonak beren kabuz elikatu daitezen eta elikatu ditzaten beren familiak, ez gaur bakarrik, baita etorkizunean ere». Axel van Trotsenburg Munduko Bankuaren garapen eta aliantza politiken zuzendari kudeatzailea da. «Gosearen munduko krisiak ez ditu bizitzak bakarrik mehatxatzen, jendarte osoen egonkortasuna eta ahalmena ere erasaten ditu. Ekintza kolektibo bat behar da, goserik gabeko gero bat eraiki dezagun», adierazi du. BABESAREN PREMIA Cindy McCain Munduko Elikagaien Programako zuzendari exekutiboak bertze ikuspegi bat eman du. Agertu duenez, bertze erakunde humanitarioek bezala, beraiek ere aurrekontu eskasia handia dute, eta horren ondorioz, laguntza programetan murrizketa handiak egin behar izan dituzte. «Gose diren milioika pertsonak galdu dute, edo laster galduko dute, ematen diegun salbamendua. Goseari eta elikagai-segurtasun faltari aurre egiteko konponbideak ditugu, frogatuak eta eraginkorrak. Baina gure emaileen eta aliatuen babesa behar dugu gauzatzeko», ohartarazi du McCainek. Yemengo haur bati desnutrizio azterketa egiten ari dira. (Mahmoud ALFILASTINI / UNICEF) Elikadura-Krisiei buruzko Munduko Txostena urtero argitaratzen du Elikadura-Krisien kontrako Munduko Sareak, Elikadura-Segurtasunari buruzko Informazio Sarearen analisiarekin. Elikadura-Krisien kontrako Munduko Sarea Nazio Batuen, Europako Batasunaren eta gobernuen eta gobernuz kanpoko hainbat erakunderen nazioarteko aliantza bat da. Elikadura-krisiei erantzuteko elkarlanean dabiltza. Unicefek, berriz, lekurik zailenetako batean lan egiten du, egoera larrienean dauden haurrengana iritsi nahian. 190 herrialde eta lurraldetan aritzen da, «egunero, haur bakoitzarentzat, leku guztietan, denontzako mundu hobe baten alde», azaldu du.