GAUR8

Esku pilota profesionalari buruzko lehen «fantasy» jolasak arrakasta izan du

Beste hainbat kiroletan ezagutzen ditugun jolasen bideari jarraituz, Ander Mina, Haritz Jamar eta Unai Olaz nafarrek pilotari buruzko «fantasy» jolas bat aurkeztu zuten duela bi hilabete. Esku pilota profesionaleko partiden kinielak egitea da oinarria, baina apurka berrikuntzak gehitzen doaz.

Ander Mina, Haritz Jamar eta Unai Olaz, Katedra aplikazioaren sortzaileak, jolasaren xehetasunak erakusten. (Iñigo URIZ | FOKU)

Duela bi hilabete Ander Mina, Haritz Jamar eta Unai Olaz nafarrek abian ipini zuten Katedra izeneko aplikazioak sekulako arrakasta izan du. Beste hainbat kiroletan ezagutzen ditugun “fantasy” jolasen ildoari jarraituz, aplikazio honek esku pilota profesionalean jokatzen diren partida nagusietan kinielak egin eta kirol horretaz duzun ezagutza erakusteko aukera ematen du.

Proiektuaren sortzaile izateaz gain, pilotari afizionatu aski ezaguna da Ander Mina, eta berak kontatu digu nola sortu zen proiektua martxan jartzeko ideia. «Lagun edo familia artean egiten diren hainbat jolas ezagutzen genituen, Tropela, Comunio eta mota horretako ‘fantasy’ jolasak. Kirol hegemonikoetakoak izaten dira, eta guk pilota klubean ere futboleko bat egiteko asmoa genuen hasieran. Baina horretan ginela, Jamarrek bota zuen ideia: ‘Aizue, eta pilotako bat egongo balitz guk ez genuke jolastuko?’ Olaz informatikaria da, dezente kontrolatzen du, eta berak esan zuen saia zitekeela eskeleto bat egiten, gutxienez etxekoentzat, klubeko pilotarientzat».

Esan eta egin. «Binakako Txapelketan, klubeko kideok ibili ginen probak egiten. Jolas sinplea zen: ea nork emaitza gehiago asmatu. Sailkapen bat egin genuen eta bazkari bat jokatu genuen; sailkapenaren bigarren erdian geratzen zirenek sailkapenaren goiko erdikoei bazkaria ordaindu behar zieten. Apustu sano bat egitea zen asmoa, diru askorik gabe», gogoratu du Minak.

Eta horretan zebiltzala, ustekabean ingurukoen interesa piztu zuten. «Inguruan bagenuen jendea entzuten zuena zertan ari ginen eta ideia ezagutu zuena, eta jolasteko gogoa erakusten zuena. Eta pentsatu genuen: ‘Zergatik ez dugu egiten zerbait orokorragoa, edo ofizialagoa?’ Horretan jarri ginen eta gure kluba erabili genuen, Atarrabiako Beti-Onak, proba bezala. Bertako erabiltzaileei galdetzen genien ea zer gustatzen zitzaien, ea zer hobetu zitekeen, zer botatzen zuten faltan... Eta horrela joan gara pixkanaka-pixkanaka proiektua garatzen, orain arte. Binakako Txapelketa martxoaren amaieran amaitu zen, aplikazioa apiril hasieran atera genuen, eta Buruz Buruko Txapelketa guztia kubritu dugu. Eta jendearen erantzuna pozgarria izan da guretzat; esaten digutenez, pozik daude aplikazioarekin».

BERRITZEN JOATEKO PREST

Jolasaren oinarrizko egitura ez da aldatu hilabete hauetan, baina gehigarriak sartzen joan dira interesgarriagoa egin asmoz. «Kontu bat egiten duzu, eta kontu horrekin aukera duzu talde bat sortzeko edo sortuta dagoen talde batean sartzeko, kode baten bitartez eta talde hori sortu duen erabiltzailearen baimenarekin. Kontu bakar batekin egon zaitezke nahi adina taldetan: familia, kuadrilla, lankideak... Asteburuko partida nagusiak jartzen ditugu, emaitzak asmatzeko. Eta horrekin batera galdera batzuk gehitu ditugu, partidetan gertatzen diren gauzei buruz: zenbatekoa izango den alderik handiena, nor iritsiko den lehenago 12. tantora... Nolabait jendea partidara ‘entxufatuta’ edukitzea da asmoa. Eta jendeak eskertzen du, orain partidak interes gehiagorekin ikusten dituelako», azaldu du.

Etorkizunean ere hobekuntzak egiten joatea da asmoa, baina apurka-apurka, aplikazioaren garapenak bere denbora eskatzen duelako. «Aldaketak egon dira, berrikuntza asko, eta oraindik baditugu beste hainbat ideia. Gainera, orain, jendeak sare sozialen bidez idazten dizkigu mezuak eta proposamen desberdinak -Instagram kontu bat dute-. Eta gu oso eskertuta gaude, nahiz eta hiru pertsona bakarrik garen eta pixkanaka goazen programatzen eta aldaketak egiten. Azkenean gure lanak dauzkagu eta hau hobby moduan egiten dugu. Orain, adibidez, sailkapen global bat atera dugu, non konpara zaitezkeen beste erabiltzaile guztiekin. Eta hori ongi datorkigu zozketak eta abar egiteko. Aroztegi jatetxeak, esaterako, afari bat eskaini digu Buruz Buruko finalaren aitzakian zozkatzeko. Gauza txikiak jendea erakartzen jarraitzeko».

Aplikazioak jada 3.000 erabiltzaile baino gehiago ditu. (Iñigo URIZ / FOKU)

Normala den bezala, pilota eta kinielak aipatzen direnean, jendeari apustuen mundua etortzen zaio burura, baina Mina-Jamar-Olaz hirukoteak oso argi izan du hasieratik Katedra ez zela apustuak egiteko gune bat izango. «Konpartitzen genuen ideia zen. Apustuak egiteko badaude apustu-etxeak, denok ezagutzen ditugunak, baina guk ez genuen jendeak dirua sartzea nahi, ez dugu horretarako aukerarik eman eta etorkizunean ere ez dugu emango. Gure asmoa da adin guztietako erabiltzaileak izatea, bai gazteak eta bai helduak, giro sano batean, nolabait esatearren. Dirua tartean denean sortzen den girorik ez genuen nahi».

ARRAKASTA, ARDURA

Horrelako proiektu bat martxan jartzen denean, zaila da zer harrera izango duen jakitea, baina hasieratik ikusi zuten interesa bazegoela. «Aplikazioa atera genuen egunerako bideotxo bat prestatu genuen, afizionatu mailako bi pilotarirekin, Mariezkurrenaren aitarekin eta nire aitarekin. Aurkezpen moduko bat egin zuten bideo horretan, eta aurreneko egunean bakarrik 900 erabiltzaile inguruk sortu zuten kontua. Guretzat izugarria izan zen hori ikustea. Noski, kopurua ez da linealki igotzen joan, baina gaur egun hiru mila erabiltzailetik gora ditugu, eta atera genuenetik bi hilabete eskas pasatu dira. Oso pozik gaude», onartu du Ander Minak.

Poza, alde batetik, eta bestetik ardura puntu bat ere bai, hiru mila pertsona zure erabakien zain daudela jakitean. «Guk pilota mundua ezagutzen dugu. Hirurok pilotariak gara, pilota gustatzen zaigu eta nahi genuen zerbait sortu jendea frontoira erakartzeko. Jolasen arlo honetan hutsune bat sumatu genuen eta hori betetzea izan zen asmoa. Saiatu gara ahalik eta ongien egiten gauzak, eta 3.000 pertsona izatea bi hilabetetan izugarria da, hasieran ez genuen pentsatzen inolaz ere kopuru horretara iritsiko ginenik».

Eta behin gurpila martxan jarrita, aurrera jarraitzeko gogotsu daude. «Elkartu ginenean brainstorming moduko bat egin genuen, eta pentsatu genuen lehen gauzetako bat izan zen urtea nola antolatu. Hau ez da futbola bezala, hilabete batzuetako denboraldia eta gero udan jai. Pilotariek atseden oraintxe bakarrik hartzen dute, Buruz Buruko finalaren ostean, eta berehala hasten da Nafarroako Lau eta Erdikoa. Horregatik, bururatu zitzaigun urtea lau zatitan banatzea: hiru txapelketa nagusiak -Lau eta Erdikoa, Binakakoa eta Buruz Burukoa-, jada amaitu direnak, eta gero uda sasoia. Udan sartuko ditugu hirietako torneo guztiak eta Caixabank Mastersa, Lau eta Erdikora arte irauten duena. Beraz, udan ere kinielak egiteko aukera egongo da».

Beraz, interesa duenak adi egon beharko du, Lau eta Erdiko San Fermin torneoa jada laster hasiko delako.