07 JUIN 2025 - 00:00h Poliziaren eskuetan hildako bat izatetik, arrazakeriaren aurkako ikur bihurtu zen George Floyden heriotzatik bost urtera, Ameriketako Estatu Batuek oso desberdinak dirudite. Orduan bezala Donald Trump dago orain ere agintean, baina antzekotasunak hortxe amaitzen dira neurri handi batean. George Floyden hilobia Minneapolisen, Minnesotan. (Billy BRIGGS / EUROPA PRESS) Urtzi Urrutikoetxea Orduko hartan agintaldiaren amaieran zegoen presidentea, harro beti bezala, baina oso higatuta, era berean. Pandemiak dena hankaz gora jarri zuen, Trumpek neurririk hartzen ez zuen jakin, eta demokratak eta gobernuaren aurkari gehienak indarrez ari ziren salatzen Etxe Zuriaren noraeza, eskuin muturreko politikak. Testuinguru horretan, George Floyden hilketaren bideoak, zeinetan Derek Chauvin polizia bere lepoan zortzi minutuz belauniko egon zen, kaleetara eraman zituen milaka lagun, protestara. Poliziaren barruko arrazismoa beste behin agerian geratu zen, eta herritarrek aginteari erantzukizuna eskatzeko ardura azpimarratu zioten. Hala, garai hartan 17 urte zituen Darnella Frazier-ek heriotza bere mugikorrarekin grabatu izana berebizikoa izan zen mundu osora zabaldu zen erreakzio-katea pizteko. Bideoaren egileak eta hura zabaldu zuen “Star Tribune” kazetak Pulitzer saria eta aipamen berezia jaso zituzten. Poliziaren erreformarako ikerketak eta defund (finantzaketa eten) aldarrikapenak lau haizeetara zabaldu ziren. Oraingo honetan, Donald Trump ez dago agintaldiaren amaieran, hasi baino ez da egin. Administrazioa ez dago ohiko belatz militaristez edo kontserbadore neoliberal tradizionalez osatuta, horren aurretik Trumpekiko leialtasun itsua daukaten figurak dira. Era berean, presidentearen inguruan antolatutako MAGA mugimenduak inongo disimulurik gabe aurkeztu du bere agenda autoritarioa, herrialdearen oinarrizko egiturak astintzeraino. Gizarte-zibiletik antolatu den trumpismoaren aurkako erresistentziak oso isla txikia izan du eremu politikoan; alderdi demokrata ez dago alternatibarik eratzeko moduan orain bertan, Trump administrazioaren diskurtso xenofobo eta baztertzailea aurrez aurre borrokatzeko. Gauzak horrela, ACLU bezalako eskubide-zibilen aldeko elkarteek eta migratzaileen eta beste kolektibo batzuen aldeko erakundeek auzitegietan aurkitu dute trumpismoaren gehiegikeriak mugatzeko bide bakarra. Jadanik ez dago poliziaren finantzaketa murrizteaz mintzo den politikaririk (are gutxiago hura eteteaz), aldarrikapen horrek une honetan onura baino kalte handiagoa dakarrela barneratuta. Antzera gertatu da orduko beste aldarrikapen batzuekin: migratzaileen aurkako gorrotoaren aurka mundu osoari buelta eman zioten kaioletan sartutako haurren irudiek. Egun, «muga zigilatzea» demokrata askok ere onartzen duten politika da, eta kanpotarrekiko oldarrak ez du etenik. KALETIK DESAGERTZEN Black Lives Matter “beltzen biziek axola dute” lelo indartsua behinola izandakoaren itzala da. Washington hiriburuan, Etxe Zuritik iparralderantz abiatzen den 16. kaleko lehen bi blokeen tarteari “Black Lives Matter Plaza” izena eman zion Muriel Bowser alkateak, Floyd hil eta bi astera. Ordutik, hiriko gunerik ikusgarrienetako bat zen AEBetako boterearen erdigunean halako mezua ikustea. Letra hori eta handiz idatzarazi zuen alkateak lelo ezaguna; kale-ertzetik baino are irudi nabarmenagoa zen airetik hartuta. Urteotan, Estatu Batuetako elkarretaratze garrantzitsuen topaleku izan da Black Lives Matter Plaza. Floyden omenez Minneapolisen bere izena daraman plazan margotutako murala. (DPA / EUROPA PRESS) Jada ez dago plaza hori. Trumpek aurretiaz iragarri zuen hiriburua estu hartzeko asmoa zuela, eta plazan bertan jarri zuen behin baino gehiagotan arreta. Aurtengo martxoan, Bowser alkateak presioari men egin zion: plazaren izena kendu eta zoruan marraztutako esaldia ezabatu zuen; Etxe Zuria oldar betean zen, eta DEI (dibertsitatea, berdintasuna eta inklusioa) bereziki jomugan zeukaten. Datorren urtean herrialdeak independentzia aldarrikatu zueneko 250. urteurrena ospatuko duen aitzakian, gertaera haren oroimenezko diseinu berria iragarri dute (esklabotza bizi-bizirik zegoen garaia zen, bistan da). Testuinguru honetan, maiatzean zurrumurru esanguratsua piztu da: Trumpek Derek Chauvin poliziari indultua emango ote dion. Bere belaunarekin Floyd ito zuen agenteak 20 urteko zigor federala du, eta 22 urte eta erdiko Minnesotako estatuko zigorra. Hilketan lagun izan zituen beste hiru agenteetatik bi azken hilabeteetan geratu dira libre, eta hirugarrena aurtengo azaroan da espetxetik irtetekoa. Chauvinek beste 12 urte egin beharko ditu gutxienez preso. Hilketa gertatu eta bi urtera Minneapoliseko George Floyd Square plazan ateratako argazkia. (CONTACTO / EUROPA PRESS) Tim Waltz Minnesotako gobernadoreak, presidenteorde izateko hautagai ohiak, salatu zuen Trumpek Chauvini barkamena eman ziezaiokeela, eta balizko gertaera horretarako prestatzen ari zirela esan zuen. Trumpek zigor federala kenduko balio ere, estatuko 22 urteko zigorrak indarrean jarraituko luke: «Presidenteak bere eskumen konstituzionala baliatuta barkamena ematen badu, guk Derke Chauvin Minnesotara mugiaraziko dugu 22 urte eta erdiko zigorra bete dezan». Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak martxoan esan zuen barkamena Trumpek, une horretan, ez zeukala gogoan. Baina eskuin muturretik geroz eta ozenago ari dira eskatzen, orain arteko Trumpen jardunak indartuta: agintea hartu zuen egun berean eman zien barkamena 2021eko urtarrilaren 6an Kapitolioaren aurkako erasoagatik zigortutako guztiei. Geroztik, ustelkeria, iruzurra eta eskupekoak hartzeagatik kondenatutako arduradun ugariri eman die indultua. Hala, Elon Muskek esana du ondo ikusiko lukeela indultua, eta Marjorie Taylor Green kongresukide eskuindarrak ere esana du barkamenaren alde dagoela.