GAUR8

Puritanoak gara


Espainiako Gobernuak kerik gabeko eremu gehiago ezarriko ditu. Lege aurreproiektua prestatzen ari da, eta hilabete batzuetan indarrean sartzen denean, erretzea debekatuko da bus markesinetan, eskola eta unibertsitateetako patioetan, tabernatako terrazetan, diskoteketan eta festa guneetan. Zigarroaren keak kalte egiten dio osasunari, baina herritarrak gero eta debeku hertsiagoekin hezteko joerak ez ote gaitu zeharo puritanoak bihurtzen?

Ke artetik ere uler dezaket norbanakoen eta kolektiboen eskubideak zaindu egin behar direla, baina nago kontzientzia puritanoa ezartzen dela.

Kerik gabeko lobbyak lixibatan igurtzi nahi ditu bizi-eremu guziak, agian erretzaileak leku barik geratu eta beren ketan ito daitezen, edo ito aurretik damutu eta ez-erretzaile bihur daitezen.

Nago, hainbeste debeku baino, hobe genukeela zentzuarekin gehiago jokatu, ze eskubideak babestearen aitzakian lobby puritano-puristak garai ilunetara itzularazi nahi gaituzte moral zintzo eta garbia ezarriz eta heresia sutan errez.

Aurrerantz ote goaz…

Niri erretzea gustatu egiten zait, zer esanik ez post-koitala... Xigarroa prestatzen hasi aurretik, pentsatzen hasi orduko ari naiz salibatzen eta sentitzen gastronomia ariketa natural betean, plazerez blai.

Salatuko naute nikotinak heldu nauelako, salatuko naute alkoholak heldu nauelako, baina bizitzak eskaintzen dizkigun bizioetatik oraindik nahi dudanari heltzeko askatasuna dut. Adibidez, La Faraona Bierzoko ardotxo aparta edateko aurre-fasean, bitartean eta ondoren sentitzen dudan plazer adierazi ezina luze gozatzea, eta salatuko naute alkohol madarikatuak hereje bilakatu nauela-eta. Herejeak sutara eta, alkohola moralaren aurka doanez, botilak estraza-paperezko poltsatara kondenatuko dituzte.

Vade retro kea eta alkohola! •