24 JUIN 2025 - 12:22h Segurak III. Gazteen Dantza Topaketa hartuko du asteburuan Ostiraletik aurrera euskal dantzetan aritzen diren dantzari gazteen topagunea izango da Segura. Ehun gazte inguru bilduko ditu hitzorduak, eta hiru egunetan zehar, tailerrak, dinamika parte hartzaileak, plaza-dantzak eta ekitaldi irekiak izango dituzte, baita desafio batean neurtzeko aukera ere. Gazteen arteko topaketa, hausnarketa eta ikaskuntzarako espazioa izan nahi du Segurako hitzorduak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) GAUR8 Euskal dantzen arloan belaunaldi-erreleboa bultzatzeko xedez antolatua, Gazteen Dantza Topaketak hirugarren edizioa izango du aurten, eta Seguran ospatuko da, herriko kaleak dantzez betez.Jakinarazi dutenez, 15 eta 25 urte bitarteko ehun dantzari inguru bilduko ditu Euskal Dantzarien Elkarteak antolatutako hitzorduak. Ostiralean hasiko da programazioa eta igandera arte luzatuko da.Gazteen arteko topaketak hausnarketa, ikaskuntza eta elkarbizitzarako espazioa izan nahi duela azaldu dute. Hortaz, asteburuan zehar, jarduera eta ekitaldi ugari izango dituzte parte hartuko duten gazteek: tailerrak, dinamika parte-hartzaileak, plaza-dantzak eta ekitaldi irekiak antolatu baitituzte.Dantzen DesafioaAntolatzaileek nabarmendu dute «une berezietako bat» Dantzen Desafioa izango dela, «aurten Urtz taldearen lankidetza bereziarekin» eta irabazleek beren koreografia taldearekin zuzenean taularatzeko aukera izango dutela zehaztu dute.«Gazteen Dantza Topaketa ez da soilik ekimen kulturala, baizik eta gazte dantzarientzako esperientzia eraldatzailea, euren kezkak partekatzeko, sareak ehuntzeko eta euskal dantzekiko konpromisoa indartzeko», nabarmendu dute antolatzaileek.