27 JUIN 2025 - 14:08h Laudiok Lipmesarako duen proposamena: lurren berroneratzea eta etxebizitza-eredu berriak Lurzoruen berroneratzea, espazio publiko komunitarioak sortzea eta etxebizitza-eredu berriak, tartean izaera sozialekoak, eraikitzea aurreikusten dituen proposamena aurkeztu berri du Laudioko Udalak Aretan, antzina Lipmesako lantegikoak izan ziren lursailetarako. Lipmesako lantegiko lurzoruetarako proposatutako diseinua. (Laudioko Udala) GAUR8 Lipmesa lantegiak okupatzen zituen lurzoruei buruzko proposamena aurkeztu berri die Laudioko Udalak Aretako bizilagunei, lurzoru industrialak berroneratu, espazio publikoak indartu eta etxebizitza-eredu berriak uztartzen dituen proposamen bat mahaigaineratuz. Azaldutakoaren arabera, Laudioko HAPOaren (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra) aurrerapen-zirriborroak, udalerriaren «etorkizuna definituko duen proiektuak», hainbat ardatz finkatu ditu, industria-lurzoruak berroneratu, bizipen komunitarioko espazio publikoak indartu eta etxebizitza berriak aktibatzeko, bereziki «gizarte-premia berrietara hobeto egokitzen diren ereduekin, arreta alokairu sozialean eta gazterian jarriz». Ildo horretatik, Lipmesako lurretarako duen hirigintza-proposamena ezagutarazi dute auzo batzarrean Aretan. Celada-Ubieta arkitektura estudioko erredaktore taldeak proposatu du ekimena. Gainera, «lurzatiak jabe bakarrekoak direnez eta urak hartzen ez dituen eremuetan daudenez, nahiko azkar» gara daitekeen proiektua dela adierazi du alkateak. Nabarmendu dutenez, egitasmoak erabat aldatuko luke Aretako herrigunearen egungo irudia. «Geltokiaren eremua, adibidez, une honetan Lipmesako industria-aurriek itota dagoena, oinezkoentzako kale berri bat bihurtuko litzateke eta El Tunel tabernaren erakinarekin bisualki lotuta egongo litzateke», azaldu dute udal iturriek. Irudian, proiektuaren zati bat. (Laudioko Udala) Etxebizitza sozialeko bi bloke Proiektuak etxebizitza sozialak egiteko bi bloke sortuko lituzke, «mailakatuak eta portikoetako zokaloetan merkataritza-guneak ahalbidetzen dutenak». «Plazak geltokiarekin dituen irisgarritasun-arazoak konponduko lirateke, eta plazari ekitaldi eta jardueretarako estalki bat emango litzaioke», gehitu du Gastakak. Herrigunetik hurbilen dagoen zatirako proposamena da hori, baina autobiatik hurbilen dagoen eremurako, «logistikako antzinako zati horretan, eraikinen garaierari lehentasuna ematea proposatzen da, lurzoruan azalera askatzeko». «Horretarako, terraza komunitario bat jarriko da, hirugarren sektoreko erabilera izango duen estalki berde ekologikoarekin, bai eta 10 solairuko hiru dorre ere, 110 etxebizitza librekoak», zehaztu du Gastakak. Azpimarratu duenez, «ideia orokorra Aretako geltokiaren inguruan alokairuko etxebizitza sozialak (80 etxebizitza) eta familia gazteei zuzendutako sistema aurrefabrikatuen eraikuntza (110 etxebizitza) bateratzea da». «Proposamen honek Areta biziberritzea du helburu, orain, eta Aretako bizilagunekin proiektua partekatu ondoren, gainerako alderdiekin adostasun politikoa lortu behar dugu», gaineratu du.