28 JUIN 2025 - 00:00h Hirigintza kooperatibismotik Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA Ula Iruretagoiena Busturia UEUren 53. Udako Ikastaroetako batek kooperatibismoaren eta komunitatearen arteko loturak eta aukerak aztertu ditu Usurbilgo Udalarekin eta Jakin-ekin batera antolatuta. Kooperatibismoa ikastaro askoren jarduna izan da arestian, eta egun, interesik galdu gabe, askoren ustez, krisialdi garaikide askorentzako erantzun posible bat gordetzen du bere baitan. Kooperatibismoa Ekonomia Sozial Eraldatzailearen sinonimotzat jo zuten ikastaroaren antolatzaileek. Ekoizpen eta ekonomia bat mugitzearekin batera, neokapitalismoaren aurrean alternatiba izan nahi du, langileen burujabetza eta lanaren duintasuna sortzen den zerbitzu/ekoizpenaren muinean jarrita. Kooperatiba asko komunitatetik sortzen dira eta komunitatera begira jartzen dute beraien jarduna; askorentzat, epe luzera begira, helburu estrategikoa lurraldearen burujabetza eskuratzea da. Horregatik, estrategikoa da energia, elikadura, etxebizitza, zaintza eta kultura alorretan eragitea kooperatibismoaren ehundura bat hedatzeko. Interesgarria da kooperatibismoak sorreran eta bidean aurkitzen dituen zailtasunak aztertzea, ereduaz hitz egiten duelako. Kooperatibak publiko-pribatu banaketa kuestionatzen du (publikoa ez dena pribatua ez dela dioelako), bere eragite-esparrua pribatu eta publikoaren interesaren alde egitea da. Zerbitzu publiko bat baina administrazioaren egitura eta ulermenetatik aparte eragiten duelako batzuek galdetzen dute ea ez den administrazioaren lana egiten ari edo benetan administrazio publikoak egiterik ez duena egiten duen. Ikastaroak administrazio publikoekin batera ekitea aldarrikatu zuen, helburuak bateratzean, eragile lokal eta herrikoi baten tresnarekin, politika-publiko eraldatzailea egin daitekeela sinetsita Hirigile bezala herri-kooperatiben ideiak klik handia eragin zidan. Herritarrek beren inguruko egoera ekonomikoa aldatzeko ekimena hartzen dutenean eratzen da herri-kooperatiba. Landa-eremuan ohikoagoa bada ere, hirietako auzoetarako tresna ere izan daiteke. Ekonomia lokala desegiten ari baita lurralde osoan zehar. Herri-kooperatibak, baina, denda bat irekita izatea baino askoz gehiago suposatzen du, biztanleek bultzatzen dute-eta, dirua pilatu ordez, komunitatea egiteko funtzioa duelako. Horregatik ‘herri-kooperatiba’ hitzak afektu-mugimendu bat sortzen duela adierazi zuten kooperatibistek. Arau juridikoetan gabezia handia dagoen bezala, herri-kooperatiben rola hirigintzatik berrikustea beharrezkoa da. Lurraldean eragiteko tresna bat delako, ekonomiarekin eta zerbitzu publikoekin harremanean den edozer gauzatarako baliagarria da herri-kooperatiba. Eraikuntza-lanetarako, lagapen lurzoruetan herri-proiektuak burutzeko edo energia-komunitateentzat. Prozesuaren une jakin batean espazio fisikoak berebiziko garrantzia duela zioten kooperatibistek. Ekimena herritarrek edo auzotarrek burutu behar badute ere, herri-egitura administratiboak (hirigintza barne) prest egon behar du gertatzen direnerako; prestakuntza eta formakuntzarekin batera, lurralde-ehundurak ekimenak jaso eta bidea erraztu behar die ahal duen heinean, lurraldearen mesedetan lan egiteko elkarrekin. •