05 JUIL. 2025 - 00:00h Euskaltzaletasun garaikidearen zizelkaria Joxe Azurmendi 1982an Donostian, Korrikaren bigarren edizioaren amaieran. (Arturo DELGADO | KUTXATEKA) Idurre Eskisabel Larrañaga, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia Gerra aurreko eta eskolarik gabeko gure amonak jakin bazekien euskara baztertu eta gaztelerarekin ordezkatzea aukera instrumentala erruz gainditzen zuen galera itzulerarik gabea zela. Horregatik egin zen oso gazte zela Emakume Abertzale Batzako kide, horregatik lotu zitzaion antzerkiari, dantzari... Hau da, hizkuntza min horretatik abiatuta, eta min hori sendatzeko premiak ez ezik, mina bera ulertzeko, izendatzeko eta besteekin partekatuz zentzu bat emateko senak, plazara eraman zuen, ekitera, politikara. Gerra inoiz sendatuko ez zen mutilazio errotikoa izan zen gure amonarentzat, eta haren bide bertsuan politizatu ziren milaka emakumerentzat. Hegoak ebaki zizkieten. Baina eutsi zioten ahal izan zutenari, gure amonaren kasuan, adibidez, gerraosteko Iruñea laiotz hartan, seme-alabak euskaldun iraunarazteari. Kosta ahala kosta. Jakin bazekielako hori zela azken erresistentzia gunea. Erraietatik zekien hori guztia amonak: ezagutzaren ernamuin den senetik. Baina hainbatetan hitzak falta zitzaizkion, kontzeptuak, norbere baitatik haragoko zentzuak, min eta galera haiek izendatu eta besteekin elkarbanatzeko. Ebaki zioten plaza, politika. Erauzi mundua. Hurrengoengan hazia landatuta zegoen, ordea. Gerra ondorengo gure amak tabu, hitz-erdi eta debekuen gainetik jakin bazekien euskara baztertu eta gaztelerarekin ordezkatzea aukera instrumentala erruz gainditzen zuen galera itzulerarik gabea zela. Horregatik hurbildu zen ezkutuko bileretara, ikastolen mugimendura... Eta hura ere, mina sendatzeko premiak ez ezik, mina bera ulertzeko, izendatzeko eta besteekin partekatuz zentzu bat emateko senak plazara eraman zuen, ekitera, politikara. Hegal berriak janztera, Pizkunde berri batera. Ordurako gerraosteko belaunaldia ari baitzen euskarazko eta euskarari buruzko pentsamendua ongarritzen. Euskararen mundua eta mundua euskaraz eraikitzen. Eta, jakina, Joxe Azurmendi, hargin nagusien artean; are, hargin maisu. Izan ere, Azurmendik zizelkatu du, hein handi batean, euskaltzaletasun garaikidea. Eman digu, tresneria ez ezik, zorua ere gure amonek senez zekitenari hitzak jartzeko, izendatzeko, ulertzeko, kokatzeko, zentzua emateko... Gure min edo auzi fundazionala plazara, ekitera, politikara eramateko. Ikusarazi digu gizaberetxook hizkuntzan hartzen dugula geure buruaren jabetza, eta, horrenbestez, euskara dela mundu baten lehengaia, gure munduarena, gutasun baten argamasa. Eta irakatsi digu garaiko pentsamendu ildo, eztabaida eta auzi orohartzaileekin elkarrizketan baino ezin dugula osatu gure mundua, baina mundua osatzeko gure baitatik, euskaratik, pentsatzea ezinbestekoa dela. Eta dudarik gabe, auzi garaikide eta orohartzaileekin zabaldu dituen elkarrizketetan punta-puntako ekarpenak egin ditu. Horren seinalerik behinena, hark irekitako bideak arakatzen dabiltzala, gaur egun, milurte honen ertzetan jaiotako ikerlari eta pentsalari gazteak, Azurmendiri hitzak ebatsiz, “oraingo gazte eroak”. Eta Joxe Azurmendiren arrastoan, ulertarazi digutela, esaterako, hizkuntza zapalkuntza egiturazko zapalkuntza dela; klasearekin, sexu-genero zapalkuntzarekin eta menderakuntza kolonialarekin batera, munduaren gaur egungo aldaera bizigaitz hau zutointzeko ezinbesteko osagaia, hain zuzen ere. Are, haren emaria inoiz baino egoki, garrantzitsu eta bidezkoagoa gertatzen da, diruaren morrontza globalizatuari men eginez, politika esanahiz, eta, batik bat, egiteko gaitasunez erabat hustu diguten XXI. mendeko lehen laurden larri honetan. Izan ere, erosgarri diren produktu eta bizipenen desirak baino mugiarazten ez gaituen jende homogeneizatu eta identiko behar gaitu logika bizigaitz honek gurpil zoroan segitzeko. Mundu-ikuskera bereko milioika eta milioika gizaberetxo. Ondorioz, bestelako mundu-ikuskerei eustea, desagertuta edo altxorrera murriztuta nahi gaituzten hizkuntza eta hiztun komunitateei eustea, dugu azken erresistentzia gunea. Ondoan ageri den testu pasartean dio Azurmendik -Joxe Austin Arrietaren “Berriro eta behin: euskara dela eta (Txillardegi gogoan)” liburuaren hitzaurrean-: «Mundu-ikuskera galdu edo apurtua berreskuratzen, berria eraikitzen: euskararen unibertsoa. Konbentziturik munduak guri eta guk munduari egin ahal diogun oparirik ederrena horixe dela». Ausartuko naiz Azurmendirenari eranstera: oparia baino gehiago, euskararen unibertsoa berreraikitzea munduarekiko dugun betebeharra da, baldin eta oraindik sinesten badugu berdintasun eta justizia senak gidatuko duen mundu batean. «BERRIRO ETA BEHIN» LIBURUAREN HITZAURREA (2013) «Nik esango nuke, gerraosteko belaunaldiak euskaltasunaren definizioan eta autokontzientzian zerbait erlatiboki berririk ekarri badu, horixe izan dela: «Herri baten izakera eta bere hizkuntza elkarri josirik, loturik eta iratxekirik daude errotik», Txillardegirekin esateko (gizakia abere razionala da, definitzen denean ere, hiztuna da -logos-, ulertu behar da: arrazoitu hizkuntzarekin egiten da). Euskal Herria ez da euskara bakarrik, baina lehen-lehenbizi euskara da. Kontzientzia hori ez zen berria. Gerraostean, alabaina, erresistentzia politikoaren trabengatik ere, efikazago agertzeko chance berri bat izan du, eta ikastolen mugimendua, euskararen batasuna eta normalizazioa, euskalduntze eta alfabetatze kanpainak, literaturaren birloratzea, kanta berria, etab., uhin handia altxarazi du hizkuntzaren alde.(...) Bai, zerbait berririk egon bada gerraosteko belaunaldiaren kontzientzia abertzale eta euskaltzalean, hori izan dela esango nuke: nazioa lehen-lehenik hizkuntza delako uste sendoa,eta hizkuntza bat mundu-ikuskera bat dela. Tribuak atzera utzi, eta nazio izaten ahalegindu gura izan dugu. Hizkuntza nazional bat batzen, nazio batua izateko. Mundu-ikuskera galdu edo apurtua berreskuratzen, berria eraikitzen: euskararen unibertsoa. Konbentziturik munduak guri eta guk munduari egin ahal diogun oparirik ederrena horixe dela.»