12 JUIL. 2025 - 00:00h Euskal Herriko marinelen itsas bidaia, balentria eta aurkikuntzez betea Pasaiako bokaletik abiatuta, euskal arrantzaren historia aberats eta konplexua ezagutu dugu “Sarea Galdu Aurretik” podcastaren bigarren atalean: itsasontzi handietatik emakume arrantzaleen istorio isildu zein Bermeoko atunontzi erraldoietaraino. Epika eta arrazionaltasuna uztartzen dituen bizimodua. Albaola itsas faktorian erreplikatzen ari diren San Joan baleontziaren irudia. (Guillaume FAUVEAU) Hegoi Belategi Pasaiako badiara sartzeko bokalea leku berezia da. Ikusgarria da, bi aldeetako batean eserita, inurri baten gisa sentiarazten gaituzten zamaontzi erraldoi horiek hain kanal estutik lehorrerantz ikustea. Lehen, arrantza-ontziak ziren nagusi; orain, zamaontzi horiek kenduta, yate txiki eta aisialdirako ontziak. Duela gutxira arte pasaitarren arrantzarako ohiko lekua zen bokalea. Orain, San Pedro eta Pasai Donibaneko arraun taldeentzako entrenamenduetarako ohiko eremua ere bada bokalea, baina, batez ere, gero eta gehiago, ibilbide turistiko bilakatu da. Luzez jarduera ekonomikorako gune izan zen bokalea, industria eta arrantza erabilera zuena. Itsasontzi jakin batekin lotzen dugu Ondartxon dagoen ontziola zaharra; portuan luzaroan utzita egon zen eraikin hura. Lehen erabilerarik ez zuen eraikina gaur egun Albaola itsas kultur faktoria da. Ziur asko, euskal arrantzaleek munduko historian izan duten rola ulertzeko lekurik aproposena dugu Albaola. Eta gai kitzikagarri honetaz hitz egiteko pertsonarik aproposena, Xabier Alberdi. Jakingo duzuenez, San Joan baleontzi ospetsuaz ari gara. Pasai San Pedroko Albaolan ari dira berreraikitzen, birsortzen. 1560an Pasaiako badian bertan eraiki eta Ternuako Red Bayn hondoratu zenaren erreplika egiten ari dira, 2014tik. XVI. mendean Atlantikoa zeharkatzeko gai zen Pasaian egindako itsasontzia eta bertakoak ziren eskifaiako arrantzale gehienak ere. Era berean, Xabier Alberdik Euskal Herriko arrantza eta nabigazioaren historian mugarri bat suposatu duen beste aurkikuntza baten berri ere eman digu. Duela urte batzuk Lekeition egindako aurkikuntza iraultza bat da: «Azken garaiko ikerkuntza ikaragarrienetako bat da Lekeitioko Santa Katalinako labarrean dagoen leize-zuloan egindakoa. Bertan frogatu dute duela 15.000 bat urte bizi ziren gizakiek bakailao arrantzatik ateratzen zutela bizimodua. Bakailao hezurrak topatu dituzte. Bakailaoa, gainera, sakonera handiko arraina da. Gure kostaldean bakailaoa zegoen. Sakonera hartara iristeko aparailuak zituzten, ontziak zituzten, beraz, eta nonbait, arrantza espezializatua zen, topatu dituzten bakailao gehienak neurri handikoak baitira, 40 kilo ingurukoak. Bakailaoa ez da bertako baliabidea, ez da ur ertzean harrapatzen den arraina. Ikaragarria da. Azken urteotako aurkikuntzarik aipagarriena da». EPIKA ARRAZIONALA Benetan gustuko dugu gure arbasoen iraganera begiratu eta horri epika eranstea. Nolabait ere erokeriatik gertu legokeen ausardia goraipatu eta aldarrikatzen dugu. Gustuko dugu pentsatzea, Norvegia, Islandia, Ternua eta aurrerago, Patagoniaraino joan ziren arrantzale haiek besteak baino urrunago joateko prest zeudela, mugak besteek baino muturrerago eramaten zituztela. Baina arrazionalagoa da azalpena, ausardia eta epika ukatu gabe. Izan ere, Euskal Herriko Kantauri aldeko isurialdea pobrea izan da beti lur emankorretan, baina aberatsa, aldiz, burdinan eta kalitatezko zuretan. Nork bere esku dituen baliabideen optimizazio horrek espezializazio bat ekarri zuen, urteen poderioz, eta bertako arrantzaleak hain urruti joaten ziren garai hartako espedizio haiek zerikusi handiagoa zuten goi mailako lanbide batekin, baldintza onekin, garai hartan etxean zuten egoerarekin alderatuta. «Gure ikuspegitik, eta itsasontzi horiek dauzkaten ezaugarriak ikusita, motorrik gabe, gailu elektronikorik gabe, epika hori ikusten dugu iragan horretan, eta ez dut hori ukatu nahi. Urtero-urtero arrantzale mordo bat joaten zen eta mordo bat geratzen zen itzuli gabe. Baina esan nahi dut gogortasun hori hemen bertan ere bazegoela. Bizitzaren gogortasuna ez zen soilik hara joaten zirenentzat. Batez ere, arrantzaleentzat. Arrantzale haiek, normalean, udaberrian itsasoratzen ziren Ternuara joateko, udazken amaierarekin batera itzultzen ziren eta neguan hemen jarduten ziren, bisigu arrantzan, batez ere. Neguan, hemen, arrantza oso gogorra izaten zen: txalupa txikietan, hotzarekin, estalkirik gabe, babesik gabe... Oso bizimodu latza zen. Haientzat, Ternuara joatea ez zen bereziki latza, aukera bat zen. Gogorra, gizonentzat zein lehorrean gelditzen ziren eta, arrantza posible izan zedin, ezinbesteko lana egiten zuten emakumeentzat. «Nork egiten zuen lan eskabetxe fabriketan? Emakumeek. Arraina garbitu, ezkatak kendu, puskak egin, frijitu, barriketan sartu, ozpinetan sartu eta merkatariek eramateko prest eduki. Itsaski arrantzan, olagarroak harrapatzen, gehienbat, emakumeak eta haurrak ibiltzen ziren. Baditugu Pasaiako portuan emakumeek txalupekin egiten zituzten beste lanketa batzuei buruzko aipamenak ere, ontzi-zamaketa lanak ere egiten zituztela», dio Alberdik. ITSAS EMAKUMEEN FIGURA «Nire hipotesia da emakume arrantzaleak egon direla, nahiz eta orain horren berri ez izan, hori isilpean gorde dutelako, bai beraiek, bai ingurukoek. Haiek ez badira gai haien burua arrantzaletzat jotzeko, ez haien familiak, ez ondorengoek ez dute hori jakingo. Elkarrizketatu nituen emakume batzuk arrantzan ibili ziren haurtzaroan eta ezkondu bitartean, baina haien ondorengoek ez dute horren berri. Iruditu zitzaidan, beraz, bazela sakondu beharreko alderdia. Ez dut elkarrizketa gehiago egin, baina topatu ditut baxurako ontzietan ibilitako emakume arrantzaleak; beren kasa, ibai bazterretan, salabardo eta kanaberarekin arrantzan ibilitakoak: angulatan ibili direnak; itsaskietan ibiltzen zirenak... Abaniko zabalago bat topatzen ari naiz», nabarmendu du Eider Arruti antropologo eta Orioko Mutiozabal Txo ontziolako langileak. Arruti gai hori ikertzen ari da egiten ari den masterraren haritik. Eider Arruti, Mutiozabal Txo ontziolako langilea. (Maialen ANDRES / FOKU) Zaintza eta arraina deskargatu aurreko zein osteko lana emakumearen gain uzteak itsasontzietan ibiltzeko betoa omen zekarren. Baina Arrutik entzuna du emakumeak arrantza-ontzietan ere aritu zirela eta portuko bizitzan ezinbesteko ardura zutela ere. Oraindik ere hamaika kontu argitu gabe ditugu, emakumea baztertua izan delako arrantza-gizarteetako memoria kolektibotik edo, kasurik onenean, folklorizatua izan delako. «Hasieran planteatu nuen Oria ibaiaren erabilerari buruzko irakurketa feminista bat egitea. Ahotsak fundazioarekin eta Udalarekin elkarlanean, herriko bi eskabetxera eta sare jostun bat elkarrizketatu nituen. Lehen helburua zen, besterik gabe, ikerketa tekniko oinarrizko horiek erabiltzea eta horregatik, antropologian oinarrizkoenak diren ikerketa teknikoak erabili nituen: ahozko memoriaren lanketa eta zuzeneko elkarrizketak. Elkarrizketa horiek egin nituenean atera ziren, oso modu puntualean eta zeharka, arrantza egin zuten emakumeen inguruko istorioak. Batetik, angulatan ibiltzen zen emakume batenak, eta bestetik, Getarian aitarekin baxurako arrantza egiten zuten bi emakumerenak. Hor ikusi nuen bazegoela orain arte ezagutzen ez nuen eta sakondu nahi nuen errealitate bat. Bigarren elkarrizketan, horregatik, nahiz eta saregilea izan, sekulako deskubrimendua izan zen. Izatez, Aginagakoa zen, saregilea zelako elkarrizketatu nuen, baina kasualitatez kontatu zuen nola Aginagan, baserrian, neguan angulatan ibiltzen ziren, eta nekazaritzatik eta baratzetik ezezik, angulen bitartez ere jasotzen zutela elikaduraren zati handi bat neguan. Hor ikusi nuen berak ez zuela bere burua arrantzaletzat jotzen, angulatan egitea beste arrantza batzuk baino gogorragoa izan arren. Ez dut imajinatu nahi emakume bat soinekoarekin, neguan, ilunpean, kandela baten argitan...». «Seguru emakumeak ibili direla arrantzan, behar ekonomiko horiek asetzen lehen lerroan, baina ez zaigu hori iritsi, ez delako herentzia hori jaso, historia jaso duten horiek ez dutelako kontatu, eta horregatik dugu, gaur egun, iruditegi maskulino bat; itsas emakumeen kontzeptu hori ez daukagu, ez dutelako nahi izan». ATUNONTZIAK Hasierako denbora lerrora bueltatuz, garai bateko inperio erraldoia gainbehera etorri zitzaion Espainiako Erresumari XIX. mendean, Hego Amerikako kolonia guztiak galtzeraino. Inflexio puntu hark bat egin zuen industrializazio prozesuarekin Euskal Herrian, baita arrantzaren susperraldi batekin ere; kasu horretan alturako arrantza zen, baina eredu mekanikoago eta industrialago batekin. Lurrun-itsasontziak azkarragoak ziren eta gaitasun handiagokoak ere bai. Arraina kontserbatzeko sistemak izugarri hobetu ziren, eta trenak gure portuetaraino heltzeak dena aldatu zuen. Ia-ia arrain freskoa sal zitekeen Madrilen, Zaragozan edota Okzitaniako Tolosan. 1927an zabaldutako Pisve enpresa dugu aro hartako ordezkari nagusietako bat. Pasaia munduko portu nagusia bilakatzea ekarri zuen enpresa hark, baina baita gaur egun udalerriak jasaten dituen zailtasun ekonomiko eta ekologikoak ere. Gorka Abad, Bermeoko Arrantzaleen Museoko langilea. (Oskar MATXIN EDESA / FOKU) Arrantzaleen bizitza eta lanaren ingurukoak lehen eskutik jasotzeko museo oso egokia dugu Euskal Herrian. Arrantzaleen Museoa du izena eta horregatik ez da harritzekoa Bermeon egotea. Zaila delako herri horren historia bere portu eta arrantzatik banatzea. Kokapena ere ez da edonolakoa, Ertzila Dorretxean baitu egoitza. «XVII. mendea baino lehenago, Bermeo izan zen Bizkaiko hiriburua. Bermeotik ateratzen ziren merkantzia guztiak. Hori XVIII. mendearen hasieran aldatu zen, Bilbora pasatu zen hiriburua eta Bermeok berriz ere hartu zuen arrantza egiteko arima hori», kontatu du Gorka Abadek, Bermeoko Arrantzaleen Museoko langileak. Memoria historikoak badu, era berean, merezitako tartea Bermeoko arrantzaleen museoan, izan zirelako gurean ohiko jardunetik aldendu behar izan zuten arrantzaleak, beraien herria, itsasoa eta askatasuna defendatzeko. Bermeo eta Gaztelugatxe arteko Matxitxako lurmuturraren izena du 36ko gerrak Euskal Herriarentzat zer suposatu zuen ondoen deskribatzen duen batailetako batek. Hain zuzen, gerran eskarmentu gutxi zuten arrantzale boluntarioen talde bat, arrantza-ontzietan, militarrez jositako gerraontzi erraldoi baten aurka. Irabazteko aukera gabe, baina burua ere makurtu gabe: Euzko Itsas Gudarostean aritzeko zortziehun boluntariok parte hartu zuten. Gerraontzirik ez, eta arrantza-ontzi handienak egokitu zituzten: bakailaoa harrapatzeko itsasontziak. Dena eman zuten eta latzak pasatu zituzten gerora ere. XX. mende amaieran hasi zen arrantzaren gainbehera Bermeon, baina ordurako, oraindik ere jorratzen duten bidean murgilduta zebiltzan bertako armadore eta arrantzale asko. Gaur egun hain handiak diren eta Ozeano Barean, Atlantikoan eta Indiako ozeanoan presentzia duten atunontzi-izozkailuez galdetu diogu Gorka Abadi: «50eko hamarkadan bermeotarrak Dakarren kanpainak egiten hasi ziren, atunak harrapatzeko, hegaluzeak harrapatzeko teknikak erabiliz. Bermeotar batzuek inbertitu egin zuten atunontzietan eta gaur egun 54 atunontzi erraldoi dauzkate mundu osoan». Bermeokoak ez ziren Euskal Herriko lehen atunontziak izan ur horietan, inguru horretara joateko apustua egin zuten lehen arrantzaleak lapurtarrak izan baitziren, Ziburukoak. Haiek hasi ziren beita biziaz atunak harrapatzen inguru horretan. Arrantza eredu horren ondorioak hainbat prismatatik aztertu daitezkeen arren, giza istorio bezala miresgarria da ‘afrikanuena’. Orioko Mutiozabal Txo ontziolaren irudia. (Maialen ANDRES / FOKU) Jon Mikel Fernandez kazetari eta arrantzalearen arabera, askotan, “ohitura berriak” zaharrak berak baino ez dira, eta zaharrek ere badute berritasunetik. Horixe gertatu da arrantza teknikekin Euskal Herrian. Aspaldidanik atuna eta antzeko espezieak harrapatu izan dira hemen, baina 1940-50eko hamarkadetan aldaketa handia ekarri zuen beita biziarekin egindako arrantzak. Donibane Lohizuneko bi armadorek Kalifornian ezagutu zuten teknika hori, non arrain biziarekin (antxoa, sardina...) banan-banan arrantzatzen zuten atuna. Hasieran teknikak ez zuen oso harrera ona izan, baina 1947ko udan, Zokoako bapore bat hasi zen beita biziarekin arrantzatzen, Juanito Olaskuaga ‘Zaputza’ patroiarekin. Handik gutxira, teknika euskal kostalde osoan hedatu zen eta arrantza-mugarri bihurtu zen. 1950eko hamarkadaren amaieran, Joxe Basurkok, Donibane-Ziburuko arrantzaleen sindikatuaren presidenteak eta Itsasokoa kooperatibaren sortzaileak, Senegalen arrantza kanpainak egitea proposatu zuen. Horrela, 1955ean lehen euskal ontziak abiatu ziren Dakarrera, eta ondorengo urtean 4.000 lagunek agurtu zituzten arrantzaleak portuan. Haiek izan ziren Afrikan atunaren arrantzan ibiltzen lehenak. 1956an beste portu batzuetatik ere hasi ziren ontziak irteten, baina beti beita biziarekin eta kanaberarekin, gaur egungo atunontzi izozgailuek erabiltzen dituzten sare handien teknika industrialetik oso desberdin.