GAUR8

ChatGPT, FOMO eta pertzepzioak

Nire lanean ezinbesteko tresna bihurtu da ChatGPT. (GETTY IMAGES)

Tarteka iraganean idatzitako zutabeak irakurtzen ditut, orduko perspektibak eta egiten nituen hausnarketak edo proiekzioak nola aldatu diren ikustea interesgarria iruditzen zait. Behar izanez gero, errektifikatzeko ere bai. ChatGPTren erabilera zabaltzen hasi zeneko bat irakurri dut gaur; 2023. urteko apirilean idatzi nuen. Esperimentu batzuk egiten hasia nintzela esan nuen orduan. Dokumentuen laburpenak egiteko erabiltzen nuela, batez ere, eta erregulazio eta politika berrien inguruan atera zuten dokumentu tekniko baten laburpen zehatza egiteko moduarekin harrituta nengoela.

Bi urte aurrera egin, eta nire lanean ezinbesteko gailua da. Google bilaketa orria ordezkatu du, ñabardura gehiagotan sakontzeko, finantza informazioa azkar aurkitzeko. Aholkularitza talde batean lan eginda, baimena eskatu behar diegu gure bezeroei haientzat lana egin aurretik; gure ChatGPT pertsonala ere garatu dugu enpresan bertan, LLMak erabiliz. Proposamenak idazterakoan izugarri errazten du prozesua, eta hor ez daude hainbeste traba. Merkatuan gertatzen denari buruzko azken albisteak ezagutzea nahitaezkoa da niretzat eta denbora luzea ematen dut irakurtzen: ikus-entzunezkoetan adituak direnak jarraitzen ditut, merkatuen garapena erakusten duten artikuluak egunero konparatu, enpresen salerosketen balorazio azkarra egin eta antzekoak. Irakurketa horietan, lehentasun zerrenda bat egiten laguntzen dit ChatGPTk eta batez ere, denbora izugarri aurrezten dit.

Testuinguru horretan, lan taldearen ebaluazioa egiten ari ginenean, bi ikuspegi zeharo ezberdin atera ziren: batzuek zioten ez genuela postu baxuetako jenderik behar (bost urte baino gutxiagoko lan esperientzia dutenez ari gara), orain ez daukagulako analisia egiteko jendearen behar bera. Aldiz, esperientziadun jende adituak egiten gaitu desberdin; analisia egiten dutenak ez dira bereizgarriak, gaitasun hori gehienbat automatizatu da, eta denok berdintasunean jarri gaitu. Espektatibak azkar aldatu dira eta, aurrekoan bilera batean esan ziguten bezala, «produktu bera bazarete guztiok, zergatik joan behar dut zuekin?».

Bigarren ikuspegia da bost urteko esperientzia duten horiek, adimen artifizialarekin, beste maila batean jarri direla: lana azkarrago egiten dute, eta pentsatzeko modua eta arazoak ebazteko gaitasuna aldatu zaie. Haien beharra badugu oraindik, baldin eta denbora berean -edo gutxiagoan- kalitatea hobetu dezaketela erakusten badute.

Gaitasunez gain, presentziaren kontua behin eta berriro da eztabaidagai. Bulegoan ez egoteak nolako eragina izan dezakeen ez da kezka nagusia belaunaldi gazteentzat. Aspaldi idatzi nuen, beste zutabe batean, ‘FOMO’ kontzeptuari buruz: Fear Of Missing Out. Alegia, ez bazaude bilera jakin batean edo ez baduzu pertsona bat bi egunez behin ikusten, zerbait galtzen ari zaren sentsazioa sortzen zaizu, hiperkomunikatuta egon beharraren eraginez: besteek jakin dezaten zertan ari zaren lanean eta han zaudela. Gure belaunaldiak hori sentitzen du, beti hor egon garelako eta horrela garatu dugulako pertzepzioaren garrantzia.

Momentuz, ez dugu aurreko urteetan adinako esfortzua egin behar gazteak kontratatzeko. Hemendik sei hilabetera idazten dudanean, esango dizuet ea erabaki zuzena izan den. •