26 JUIL. 2025 - 00:00h Mantsoago ibili, astoak bidelagun Mendiko bordetara bidean, astoen laguntzarekin. (Josu MARTIN) Josu Ozaita Astoak lagun, mendi itzuli berezia egin dugu mendietan barrena, artzainen bizimodua ezagutuz, ardi borden funtzionamendua ikasiz, eta lurralde bat gazta forman dastatuz. Astoaren erritmoan, pausoa beraiek markatuz, bestela sentitu dugu ingurua 2025. urtean. XX. mende hasieran ere udatiarrak etortzen ziren Berastegi (Gipuzkoa) herrira. Bai, turistak. Batik bat, Donostia eta Madriletik, herriko hotelean ostatu hartu edota etxeak alokatzen zituzten. Herri txiki baten bizimodua ezagutu eta ondo jateaz gain, astoak hartu eta txangoak egitea izan ohi zen plana. Garai hartan, basoetako airea oso ona zela esaten zen, kukutxeztula oso zabaldua baitzen (bordetella pertussis bakterioak sortua). Arnasbideetako gaixotasuna zen, oso kutsakorra. Eta naturako airea zen sendagai onena. Ehun urte geroago, astoak hartu eta inguruko mendiak ezagutzeko aukera dago Astotrek proiektuari esker. Aritz Aierbe eta Elena Irigoienek sortu zuten, munduan barreneko bidaia luze batean, bizitzari buruzko hausnarketa sakonaren ostean: lurrarekin eta naturarekin harreman estuagoa izateko beharra sentitu zuten, hori irakatsi zien bidaiak. Baratzetxo bat, animalia batzuk, asto bat inguruko belarrak jateko... Eta pandemia osteko albo onurak: astoarekin itzuli bat egin mendian, eta hor sentitu zutena partekatzeko beharra. 2021. urtetik, hamaika asto lagun, mendi txangoak eskaintzen dituzte Leitzaran inguruko mendietan. Asto bat bidelagun, markaturiko bideak egin ditzakezu lagunartean edo familian. Baita luzeagoak ere. Baina guk “artzain kultura, mendiko bordetara” egin genuen, astoekin eta Aritzekin berarekin batera. Haurrak ederki moldatzen dira astoekin. Eta astoek ere tentu handiagoa izaten omen dute umeekin. Josu OZAITA ARTZAIN BORDAK LEITZARANEN Asto gainean zakutoak jarri eta plazatik abiatu gara. Soka motz batetik daramat “Jai” astoa, irribarrea ateratzen zaidala. «Soka horrek lasai egon behar du beti, irribarre formarekin», gidatu nau Aritzek. Lasai dago astoa, eta patxada hori transmititu dit. Bidezidorretik Berastegiko herri gainetako bideetara goaz. Behin altura pixka bat hartuta, astoa geratu egin da. Tarteka, belazeetan barrena, artaldeak ikusten dira. 1.000 biztanleko herrian, 2.851 ardi daude. Ia hiru ardi biztanleko. Paisaia hori ardiek egin eta zaindua da. Eta Aritzek, tarteka, geldialdiak aprobetxatzen ditu istorioak kontatzeko. Lehen, 1810. urtean, “borden loraldia” gertatu omen zen. Juan Inazio Elosegiren ikerketari esker dakigu berrehundik gora artzain borda zeudela martxan Leitzaran bailaran. Astoa hartu eta mendira igotzen ziren artzainak janaria eta behar zituzten tresnak hartuta. 1-3 egun bitarteko egonaldiak egiten zituzten, artaldea zainduz. Ostera, berriro behera jaisten ziren baserrira lanera. Astoa ere artzain zen garai hartan. Baina baita beste lanetako lankide ere. Astoetan eramaten zituzten esne marmitak. Astoekin zabaltzen zuten simaurra soroetan. Astoekin gerturatzen zuten garia eta artoa errotarako bidean; azokarako garraiolari, edo, batzuetan, baita lurra landu ere. Paperek diote, 1881. urtean, 131 asto zeudela herrian. Astoari igurtziak egin muturrean, eta begiekin zintzotasuna transmititu dit. Nire aurreiritzietan, egoskor fama dutela esan diot Aritzi. Haiekin egonda, uste hori irauli zait, ordea. Aritzen hitzetan, astoei lehen tratu gogorra ematen zitzaien, eta haien protesta modua zen, “honaino, txo!” esanez bezala. Berez, gozoak omen dira astoak. Lehen 25 urteko bizi itxaropena omen zuten, eta, orain berriz, 45 urtekoa, haien bizi kalitatearen hobekuntzaren seinale. Aritz Aierbe, astoarekin, taldeari jarraitu beharreko norabide erakutsiz. Josu MARTIN ASTOEN JAKINTZA «Astoak azkarrak dira. Behin bide bat eginda, memorizatu egiten dute. Sokan zein doan begiratu eta gizakia behatzen dute, eta umea bada, tentu handiagoa izaten dute», dio Aritzek, esperientziatik hitz eginda. Atzeraka ikusteko gaitasuna dute, zehar begiratu bereziarekin, haien kuriositatea asetzeko. Astoak elkarri ipurdia emanez jartzen direla esan dit, elkarri euliak uxatzeko isatsa astinduz. Eta anekdota bota digu, herriko adineko bati entzundakoa, astoekin batera oinez goazen bitartean. «Behin Berastegiko aitona batek kontatu zidan, 7 urte zituela, amak astoarekin bidali zuela Leitzaranera, osabari arropa eta janaria eramatera, hiru egun zeramatzalako handik jaitsi gabe. Astoak erakutsi zion bidea, asto gainean joan zen. Negar asko egin omen zuen bidean, eta ingurura iritsi eta osabak entzutean, korrika jaitsi eta blusan bildu omen zuen. Txokolatea eman omen zion. 70 urte pasatuta ere, oso bizi kontatu zidan». Bidean goazela, borda baten parean geratu gara, eta borda alboko lizarraren garrantziaz ohartarazi gaitu: «Borden inguruan lizarrak daude. Badakizue zertarako? Etxe sarreretan jartzen zen, etxea babesteko. Trikuharri askoren alboan ere lizarra ageri da. Horrek erakusten du arbasoek errespetua ziotela. Artzainentzat ere bedeinkatua da: txabolak babesten ditu tximistetatik. Lizarrak artaldeari itzala ematen dio. Lizarrak jaten ematen die ardiei: elikagai ona omen zen, pentsurik ez zegoen garaian. Udazkenean mozten ziren adarrak, bi urtekoak. Hosto lehorrak kendu eta ganbaran jasotzen ziren, gero ardiei jaten emateko. Adarrekin, sutarako txotxak, babarrun pardak egiteko zuzenenak, baita ketak egiteko ere: hesi moduko itxiturak egiteko, arkumeak bereizteko...». Lizarren inguruan tertulian, bideari ekin diogu. Mendira korrika joatea ohiko bilakatu den garai honetan, mantso ibiltzearen plazera gogoratzen laguntzen ari zaigu ‘Jai’ astoa. Berriro geratu da minutu batzuez ibili ostean. Behi bat ikusi du, eta hari so dago. Ederra da momentu hori, gu ere geratu arazi egin gaituelako. Bera kuriosoa da, eta kuriositate hori konpartitu nahi izaten du. Geldialdi batean, mando bat ikusi du urrunean. Begira geratu da. Gu orduan konturatu gara detaile horretaz. Behin geratuta, zentzumenak ere aktibatu egiten dira beste modu batean; arreta jarri diogu bide osoan soinu banda dugun txorien txio kantuari. Txori kantuaz gain, paisaia zabalari begira geratu gara. Itsaso berde baten tankerakoa da ingurua, liluragarria. Berastegin oraindik mantentzen diren harri itxituren albotik goaz; bideari halako xarma berezia ematen diote, eta jakintzari errespetua, historiara bidaiatuz. Bagoaz, San Anton ermitara gerturatuz, eta animaliei eskainitako erritu baten berri eman digu Aritzek (oraindik ere herrian mantentzen dena). Animalien festa egun handia zen lehen, erritu garrantzitsua. Ermita kanpoko belazera astoa, behia, zaldia, ardia, ahuntza, txakurra... eraman eta apaizak bedeinkatzen zituen osasuna izateko. Animaliek egun horretan jai izaten zuten, ez zuten lanik egiten, eta otordu berezia ematen zitzaien, esker ona adierazteko, gizaki eta ez-gizakien harreman berezien seinale. Karobi batean egin dugu geldialdia, eta hantxe, karobien funtzionamendu eta garrantziaz hitz egin digu Aritzek. Berastegin 84 karobiren aztarnak aurkitu omen dira. Imajinatu zein garrantzia izan zuten! Mantso ibili bagara ere, denbora airean pasatu zaigu. Konturatzerako iritsi gara artzain bordara. Astoaren soka “irribarre” forman, eta irribarrea gure ahoan. Mahaitxo batean, bi gazta zati eta sagardoa atera ditu orduan Aritzek. Hamaiketakoa eta tertulia, uztartuta. Artzain bordek 80-100 metro karratu izan ohi zituzten; 20 luzeran eta 5 zabaleran. Ganbelak bi alboetan izaten zituzten, pago enbor luzeak, azuelaz hustutakoak. Bertan botatzen zitzaien ardiei belar ondua eta lizar hostoa. Ganbaran garo zimela, lizar makilak hostoekin eta belarra. Borden funtzioa mendiko artzaintzaren lagungarri izatea zen: ardien zainketa, eguraldi txarrarekin ardiak babestea, janaria ematea… Alboan txabola txiki bat egon ohi zen, artzainak lo egiteko. Arropa eta erremintak gorde eta sua egin zezakeen berotzeko. Garai hartako artzaintza ez zen gazta egiteko. Gazta gutxi batzuk egiten ziren etxerako, baina batez ere arkumetarako izaten zen, arkumeak saltzeko. Garai hartan, ardi-ileak ere asko balio zuen. Badakizue zertarako? Oherako koltxoiak egiteko, galtzerdiak… Urtean behin, makilarekin jotzen zuten koskak kentzeko. Larruarekin ere abarkak egiten zituzten. Udan tarteka joaten ziren; neguan, gehiagotan. Urdaia, txistorra, babarrunak… egiten zituzten. Elurra egiten zuenean, zakuan belarra sartu eta astoarekin joaten ziren jaten ematera. Elur handiak izaten omen ziren, eta beharrezkoa zen sua piztu eta goxatzea. Han lo egin, eta berriro behera baserriko lanak egitera. GAZTAREN DASTAMEN ONDORENA Gaurko itzuliaren ostean, munduko gaztarik onena iruditu zait jan duguna. Askotan, zaporetik haratagoko iruditeriak ere, momentuak berak, konpainiak... markatzen dutelako sentsazioa. Astoa lagun izanda, duela hamarkada batzuetako bizimoduak bizia hartzen du, eta errelato horrek, kontakizunak, bestelako indar eta benetakotasuna sentiarazten du. Bizimodu hura, historia, balioan jarri dugu, astoari zor genion errespetua eman diogu, gazta baten atzean dagoen paisaia ikusi dugu. Eta bai, astoari esker, bizimodu honetan mantsoago ibiltzen ikasi dugu, tarte batez bada ere. Jakin beharrekoak Astotrek Aritz Aierbe eta Elena Irigoienek martxan jarritako proiektua da, astoekin bidaiatzearen plazera partekatzeko asmoz jaio zena. Egun erdi eta hiru egun bitarteko irteerak eskaintzen dituzte normalean, baina bidaia luzeagoak antolatzen ere lagun dezakete. Mendian patxadaz ibiliz inguruaz ikastea izaten da helburua: Leitzarango historia, artzainen bizitza eta ohiturak, gaztandegien lana...