26 JUIL. 2025 - 00:00h Zer dira eta zenbateraino dira osasungarriak edulkoratzaileak? Edulkoratzaileak naturalak edo artifizialak izan daitezke. (GETTY IMAGES) Anne Azkona Edulkoratzaileak normalean azukrea ordezkatzeko helburuarekin kontsumitzen dira. Kantitate txikietan har daitezke, betiere azukrea edota edulkoratzailea bera murrizten joateko edo elikagaien benetako zaporeak berreskuratzeko helburuarekin. Azukrea bezain gozoak dira, baina kaloria maila baxuagoa dute. Edulkoratzaileak naturalak edo artifizialak izan daitezke. Naturalak landareetatik eratorriak dira; estebia, adibidez. Edo animalien bitartez sortutakoak; eztia, esaterako. Artifizialak, aldiz, prozesaketa industrial baten ondorioz sortutakoak dira. Azken horiek, oro har, azukreak baino kaloria gutxiagoko edukia dute gramoko. Elikagai fabrikatzaileek erabilitako edulkoratzaile orok erabilera baldintza jakin batzuk bete behar izaten ditu. Hau da, legeak zehazten du zein elikagairi gehi dakizkiokeen baimendutako eta onartutako edulkoratzaileak eta kopuruak. Edulkoratzaileei egiten zaien ebaluazioa gainerako elikagai-gehigarriei aplikatzen zaien bera da, eta eskuragarri dauden datuen eta ikerketen berrikuspenetan oinarritzen da. Datu horietatik abiatuta, efektu toxiko frogagarririk ez duen gehigarriaren gehieneko maila ezartzen da, eta horrekin “eguneko ahorakin onargarria” zehaztea lortzen da. Kontsumitzaileek elikagaietan zer edulkoratzaile erabili diren jakiteko, gozogileen presentzia elikagaiaren edo edariaren etiketan adierazi behar da, bere izenaz edo E zenbakiarekin. Polialkoholak, eritritola (E968), xilitola (E967), maltitola (E965)... Horiek, alde batetik, ultraprozesatuetan topatu ditzakegu; txikleetan, izozkietan, pasteletan, zero, light edo azukrerik gabeko edari freskagarri edo produktuetan, gailetetan, marmeladetan... Eta, bestetik, egoera naturalean, fruta eta barazki batzuetan; txanpiñoi, azalore, ahuakate, sagar eta udarean... Horregatik, nahiz eta osasuntsu elikatu, intolerantea bazara, sintomak izan ditzakezu. Polialkoholek (kaloria gutxiko edulkoratzaileak) efektu libragarria eragiten dutela adierazi behar da. Aspartamoa duten produktuetan, bestalde, fenilananina-iturria direla adierazi behar da, fenilzetonuria duten pertsonek ezin dutelako aminoazido hori metabolizatu. Poliolak ez direnez erabat xurgatzen heste meharrean, odolera iristen den kantitatea irensten dugunaren zati bat baino ez da, eta beraz, azukreak baino odoleko glukosa-aldaketa txikiagoak sortzen dituzte. Hori dela eta, diabetikoentzat edo intsulinarekiko erresistentzia duten pertsonentzat egokiagoak dira. Hala ere, horrek desabantaila ere badu. Xurgatu gabe geratu den gainerakoa heste lodira iritsiko da, eta bertan ehunka bakterio (gure hesteetako mikrobiota) zain egongo dira xurgatu ez den azukre hondar horiek hartzitzeko. Gehiegizko hartzidura horrek ondoeza eragiten du: hantura, beherakoa, gasak, mina... Polialkohol guztietatik, badakigu eritritola heste meharrean %90ean xurgatzen den bakarra dela; beraz, kantitate txiki bat kontsumitzeak ez du gas gehiegirik eragingo, baina kantitate handi batek ondoeza eta hantura, gasak, mina eta gorozki bigun edo leherkorrak eragin ditzake. Hori guztia dela eta, ez dira gomendagarriak hesteetako hantura-gaixotasuna duten pertsonentzat: Crohn, kolitis ultzeraduna edo arazo digestiboak dituztenentzat, alegia. Sintoma horiek badituzu eta halakoak kontsumitzen badituzu, badakizu zerk eragin dizkizun. Zeintzuk dira gomendioak? Edulkoratzaileak elikagai-gehigarriak direnez, ez dago horien kontsumoari buruzko gomendiorik, beste elikagai batzuekin gertatzen den bezala. Hala ere, dastamena zapore ez hain gozoetara pixkanaka egokitzeko estrategia moduan, baliagarriak izan daitezke edulkoratzaileak, azukre gutxiago jaten laguntzeko, elikagaia bera den bezala eta zaporea mozorrotu gabe jatea helburu izanda betiere. Bestetik, pisua galtzen eta kontrolatzen lagun dezakete eta onargarriak izan daitezke diabetesa duten pertsonen gluzemia kontrolatzeko. Azkenik, azukrerik gabeko edari gozoak (edulkoratuak) ez dira uraren ordezko gisa erabili behar.