09 AOûT 2025 - 00:00h Ziba-dantza Itzea Urkizu Modak agintzen zuen orduan ere. Nobedadeak tantaka-tantaka hasten ziren azaltzen patioan, ia beti erosotasun ekonomiko handiena zuten gurasoen haurren eskutik. Gero, aste pare bateko kontua izaten zen herriko dendetan modako jostailua edo sasi-jostailua mostradorean ikusgai izatea. Horrela bete zizkiguten eskuak eta apalategiak, kanikek, eskuekin katramilatzeko gomek, kromoek, tazoek, zibek. Batzuek ez zuten lanik eskatzen. Beste batzuek, ordea, dedikazioa eskatzen zuten gozatuko baldin bazenituen; denbora, saiakera, pazientzian trebatzea. Nolabait, ezinbestekoa zen jostailuak eta zuk elkar ondo ezagutzea: zuk haren bihurguneak eta hark zure eskua. Urteak pasatu ditut zibarik hartu gabe. Baina, joskintzan nola, jostailugintzan hala itzultzen dira tendentziak, patroiak ezer gutxi aldatuta, eta haurraren ziba hartu nuen lehengoan, esperantza gutxirekin. Soka hartu, ziba zein norabidetan inguratu behar ote den pentsatu, kiribildu, lotu, bota… eta dantzatu zen. Zenbat eta gehiago altxatu besoa eta soka, zenbat eta gehiago urrundu zibagandik, orduan eta dotoreagoa zen bere bira-dantza. Pentsatu nuen horrelakoak behar luketela laguntasun guztiak, horrelakoak direla maitasun onenak: elkarren onena eta txarrena ezagutu, elkarrekin gozatu, komeni den distantzia hartu, eta hurrengo enkontruan denbora horren guztiaren zentzua eraitsi, dantza bakarrean. Baditut ziba-lagunak, eta zorte neurrigabekoa da horretaz jabetzea; haiekin dantza eta bira eta salto eta barre eta negar eta berriz dantza egiteko habia bat betirako izango duzula sentitzea, denbora pasatuko ez balitz bezala. •