13 SEPT. 2025 - 00:00h Eskolako atean (Omar ASHTAWY | ZUMA-EUROPA PRESS) Nerea Godoy Hezitzailea eta Bizipozako kidea Nire izena Hayat da; jaio nintzenean, amamak bere izena oparitu zidan. Txikia nintzen orduan, orain handia naiz, sei urte ditut. Hiru zaletasun ditut; beharbada, lehen baino gutxiago. Nire nebekin jolastea gustatzen zait edo, gustatuko litzaidake. Harrapaketan, sokasaltoan, kaniketan… ezkutaketan jolastea ere atsegin nuen lehen, baina orain beldurra ematen dit. Bi arrazoirengatik ematen dit beldurra: lehenengoa, aurkituko ez nauten beldur naiz eta bigarrena, haiek ez aurkitzeak ere izugarrizko beldurra ematen dit. Ikaragarri atsegin dut jatea, batez ere oilaskoa eta arroza, nahi baino gutxiago egiten dudan arren. Eta gehien-gehien gustatzen zaidana zenbatzea da. Amatxok zenbakien abestia kantatzen zidan sehaskan eta segituan lasaitzen nintzen. Ama abesten hasten zenean, aitak beti egiten zuen irribarre berezi bat, egun osoan zehar ez bezalakoa. Amaren ahotsa ahazten ari zait eta horregatik, behin eta berriro abesten dut, amaren kantua eta aitaren irria nire ezpainetan bizi daitezen. Filosofoa. Aziz nire neba zaharra da, nik baino 10 urte gehiago ditu, 16 urte. Aziz altua eta indartsua da eta lurretik zerura bota eta besarkada batez harrapatzen nauenean barrez lehertzen naiz. Duela 55 egun ikusi nuen azken aldiz, zenbaketa mingarria izan da, ez dut batere gozatu. Azizek beti esaten dit handitan filosofoa izango naizela, burua txoriz betea daukadalako. «Ez diezazutela esan txoriburua zarenik, Hayat! Burua txoriz betea duzu, zure irudimena infinitua da». Faltan ditut txoriak eta euren txorrotxioak, aspaldian ez dira gure etxe ingurura etorri, ezta gertu ere. Azizek olerkiak idazten ditu, edo hori dio berak, nik ez baitakit irakurtzen. Egun bakarra falta da eskolan hasteko eta irakasleari Azizen poemak irakurtzen irakasteko desiratzen nago. Horrela, bere ahotsarekin irakurriko ditut eta gogora etorriko zait. Artista. Mousta nire neba ertaina da, Moustafa, familiako izenik luzeena da, zazpi letra ditu. Sukaldeko aulki baten hanketako batean idatzi zuen labana batekin, ama eta aita izugarri haserretu ziren berarekin. Hantxe zenbatu nituen letrak eta oraindik gogoratzen naiz. Afalorduan, denok mahai inguruan elkartzen ginenean eguneko kontuak kontatzen genizkion elkarri eta Moustak ez zuen inoiz ezer kontatu nahi, gurasoak haserretuko zirelakoan. Berak 10 urte ditu; bi zifra dituen lehenengo zenbakia da hamar. Bihotz onekoa da, ez lioke inori minik emango sekula, gauzak bere erara egitea gustatzen zaio. Aitak askotan eskatzen dio Allah-ri Mousta bide onetik eramateko, baina nik ez dut uste bide txarrean dagoenik. Moustak esaten dit «Hayat, eskolak aspertu egingo zaitu, baina zuk, segi ametsetan!». Ez du eskolara joatea gehiegi atsegin, ezin duelako etengabe marraztu. Nahiago luke harresia goitik behera margotzeko eskatuko baliote, baina ezin da. Aitari harresia botatzea gustatuko litzaioke, lurra zabalagoa dela zin egiten dit eta nik sinetsi egiten diot. Moustak egin zuen azken marrazkian txoriak marraztu zituen harresiaren gainetik hegan, bera eta biok txoriak bagina bezala. Berarekin eraman zuen eta hitzeman zidan elkar ikusten genuen hurrengoan oparitu egingo zidala. Eskolako lehenengo eguna. Nire izenak arabieraz “bizirik dagoena” esan nahi du eta horixe da nire errealitatea, bizirik nago. Ez dakit ama, aita, Aziz eta Mousta non dauden, ezta bizirik dauden ere. Eskolako atean nago eta dagoeneko ikasi nahi ez nuen zerbait ikasi dut, pertsonak hiltzen direnean hotz gelditzen direla, estu besarkatu arren. Zerutik lurrera datozen bonbek ez didatela barregurarik eragiten, Azizekin jolasten nintzenean bezala. Eta ezin dudala ametsik egin, Moustak esan zidan moduan, gauean esnatu egiten naizelako. Ez dakit dagoeneko txoririk ote dudan buruan, baina gure etxea errautsetan txikitu zuen eztandak eragindako txistu fin bat entzuten dut. Eta amestu nahi nuke, berriro denak mahaiaren inguruan elkartuko garela gure kontuak kontatzeko. Horrela ez nituzke nire saihetsak zenbatuko, aitak eta Moustak irensten dituzten oilasko zatiak baizik; amak, Azizek eta hirurok barrez so egiten diegun bitartean, bakoitzak gure zatiak polikiago dastatuz. Amestu nahi dudalako etorri naiz eskolara, hezkuntzak mundua alda dezakeelako eta badirudi guk ez dugula munduan lekurik. Eskolako atean nago oraindik, atea besterik ez baita geratzen. Hamabost letra daude eskolako atean, Moustaren espraietako batekin idatzita daudela dirudi. Inshala, irakurri ahal banitu: PALESTINA ASKE.