13 SEPT. 2025 - 00:00h Jolasa eta dibertsioa Maddi Aiestaran Bertsolaria Lehen-lehen-lehen, futbolean ibiltzeko aprobetxatzen nuen parkean ematen genuen denboraren tarte handiena. Ordua ailegatzen zenean, gustura joaten ginen karatera, pinturara, eskola-kirolera. Etxera joandakoan, afalordua iritsi aurretik, telebistaren parean dantzan aritzen ginen askotan. Kotxe bidaietan, musika talde maiteenen abestiak kantatzen genituen ozen, mikro imajinarioa eskuetan. Eta opor garaian, denbora libre bihurtzen zirenean egun oso-osoak, poz-pozik jaisten ginen etxepeko plazatxora, patinetea, diaboloa, pilota, goma eta margoak hartuta. Gero, noizbait, hori guztia egiteari utzi genion. Jolas egiteko modu horiek guztiak ze gustuko genituen komentatu dugu uda honetan lagunok; ze gustuko izan genitzakeen egun oraindik. Hartu dugu etxean topatu dugun material mordoa, eta zita jarri dugu ez-dakit-nongo kanpinean. Hiruzpalau egun igaro ditugu elkarrekin pintatzen, baloiarekin jolasten, diaboloa aireratzen eta partxisean elkarren fitxak jaten. Gustura, ikaragarri. Lehen-lehen-lehen, ia modu automatikoan heltzen ginen jolasera; orain-orain-orain, ahaztu egiten gara askotan jolas egiteko modu horiez. Pena da. “Iraileko sukarrak” ardura eta erronka “askoz inportanteagoei” heltzeko presio egiten digun aldi honetan, nahi nieke tarte bat eskaini egun oraindik horren gustuko ditugun jolas horiei. Kontuan hartzen saiatuko naiz, aurtengo ordutegiak eta ibilerak agendan apuntatzen ditudanean; adibidez, “asteartea, arratsaldeko seietatik zazpietara: jolasa eta dibertsioa”. •