15 SEPT. 2025 - 06:00h Iruñeko San Kristobalen fusilatutako 203 pertsona identifikatu zituzten gaurko egunez 2006an 2006ko irailaren 15ean jakinarazi zuen Ahaztuak elkarteak San Kristobalgo gotorlekuan hildako 203 pertsona identifikatu zituztela. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak eta Txinparta Elkarteak erregistroetan bilatutako informazioari esker lortu zuten identifikazioa. San Kristobal gotorlekua. (WIKIMEDIA COMMONS) GAUR8 Gaur bete dira 19 urte Ahaztuak elkarteak Iruñeko San Kristobalen hildako 203 pertsona identifikatu zituztela jakitera eman zutenetik. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak eta Txinparta Elkarteak elkarlanean egindako ikerketak ahalbidetu zuen identifikazioa. San Kristobal gotorlekuan fusilatutako edo beste arrazoiren bat tarteko hildako 203 pertsonaren gorpuzkiak identifikatu zituzten, denak 36ko gerran edo bukatu eta bi urte igaro baino lehen lurperatu zituzten. Identifikatutako gorpuzkietatik 30 euskal herritarrenak ziren, baina aurkitu zituzten Cubako edo Argentinako borrokalarien arrastoak ere, besteak beste. Aurretiaz identifikatutako 131 presoei gehitu zitzaizkien 2006an identifikatutakoak, denak gotorlekuaren aldameneko hilerrian lurperatuak. Elkarteetako kideek emandako informazioak egin zuen posible identifikazioa, ateratzeak egon zirela jakinarazi baitzuten. Izan ere, deigarria iruditzen zitzaien egun bakarrean dozenaka preso hiltzea traumatismoen ondorioz, erregistroetan zekarrenaren arabera. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkartea eta Txinparta Elkartea batera aritu izan dira lanean Nafarroako memoria historikoaren alde eta, bereziki, hildakoen identifikazioaren bidean. Horrela, datuak erregistro zibiletatik eta elizaren erregistroetatik lortu zituzten.