GAUR8

Goseak nola hiltzen dituen ikusi eta jaten jarraitu


Metronomoak erritmo berezia hartzen du egutegiko orriak irailera igarotzearekin batera, ez da oraindik ikasturteko erritmoa, ezta udakoa ere -nahiz eta erritmo azkarregiak markatzen dituen hilabetero-. Orratzen dantza berezia izan ohi da, badirudi ez dela deus gertatzen, baina, era berean, guztia gertatzen da.

Ustez ezer gertatzen ari ez den aste honetan, Israelek Gazako hiria suntsitzeko erabakia berretsi du eta lurreko inbasioa abiatu du. Etengabean arriskuan dauden bizitzetan itxaropena desagertzen ari den honetan, bizi itxaropena ere gainbehera doa: 75 urtekoa izatetik, 40 izatera igaro da azken bi urteetan. Palestinako herritarren %23 gosete arriskuan bizi dela argitaratu berri da, 13 milioi herritar; gosea gerrako arma gisara erabiltzea egotzi diote Israeli NBEren agiri ofizialean. Txirrindularitza lehiaketa batean Palestinaren askatasuna eskatzen zuten protestariek «traba» egin zutela entzun dugu han-hemen, kirolarien segurtasuna arriskuan jarri omen zen, eta alderdiek elkarri seinalatu diote txikitako pistoleroaren jokoa balitz legez.

Gaueko albistegia ikusten ari ginen afaldu bitartean, eta nire begiek datuez haratago irudi gordinekin topo egin zutenean, barrutik atera zitzaidan: «Afaltzen eta irudi hauek… agian telebista itzaliko dut». Mahaikideak «gu behintzat afaltzen ari gara» erantzun zidan tonu baxuan, halakorik nola esan nezakeen iradokiz. Boom. Hankak lurrera ekarri zizkidan kolpe batez, goseak nola hiltzen dituen ikusi eta jaten jarraitzea zer den... Bi urte beteko dira aurki 2023ko urriaren 7az geroztik, genozidio bat sare sozialen bidez zuzenean jarraitzen dugunetik, genozidio bat normalizatzera iristen ari garenaren bertigoa eta beldurra sartu zitzaidan hezurretaraino.

Asteon Nazio Batuen Erakundeak Israeli «genozidioa» egitea egotzi dio, bost ekintza genozidetatik gutxienez lau egiten dituela ziurtatuz: hilketak, kalte fisiko edo psikologiko larriak, palestinarrak suntsitzeko bizi-baldintzak eta jaiotza berriak prebenitzeko neurriak. Aipaturiko kirol lehiaketan Israelen parte hartzea desnormalizatzea lortu dute protestariek; Pello Bilbaok «UCIren hipokrisia» salatu du publikoki. EHUk 247 milioi euroko ikerkuntza-proiektuei uko egin die, Israelgo erakundeek proiektu horietan duten inplikazioagatik. Saioa Alkaizak Igartza Sariaren 10.000 euroko sariari uko egin dio, CAFek -sariaren babesleak- Israelekin duen harremanagatik. Ikamak deituta ikasleen elkarretaratzeak egin dira asteon genozidioa salatzeko.

Hilabeteetako mobilizazio jendetsuen ostean, hamar egunez Ebro ibaitik Kantauri itsasora egin dute martxa ehunka kidek, Tuteratik Hendaiara, genozidioa hemen ere hasten dela aldarrikatuz. «Ibaitik itsasora» esaldia erabiltzen dute palestinarrek beren herriaren askatasuna aldarrikatzeko, eta Euskal Herriak ere Palestinaren askatasuna aldarrikatu du hamaika bider, hamaika modutan. Gaur bertan emango zaio amaiera martxari Hendaian.

Tarteka, genozidio bat guztiz normalizatzen ari garen sentipenaren uholdean argi printza bat sumatzen dut Euskal Herrian. Baina gazta hozkailutik atera eta berriro eseri ginen mahaian, metronomoak markatutako konpasaren erritmoan. •