25 SEPT. 2025 - 08:00h Monbar Hoteleko atentatuaren 40. urteurrena 1985eko irailaren 25ean, GALek lau euskal errefuxiatu hil zituen Baionako Monbar Hotelean. Atentatua oso gogoratua da, hildako kopuruarengatik eta Kortatu taldeak gertatutakoaren oroimenez sortu zuen ‘Hotel Monbar’ abesti ospetsuagatik. Estatu terrorismoaren biktimei omenaldia Monbar hotelean. (Patxi BELTZAIZ) GAUR8 40 urte igaro dira GALek Baionako Monbar Hoteleko tabernan lau euskal errefuxiaturen aurka egindako atentatutik. Ez zen GALen lehen erasoa izan, ezta azkena ere, baina bai gogoratuenetako bat, hildako kopuru handiarengatik eta Kortatuk handik gutxira eskaini zion abestiagatik. 1985eko irailaren 25ean, bi mertzenario armatu sartu ziren Monbar Hotelean eta tiroka hasi ziren: Agustin Irazustabarrena Urruzola 'Legra', Inaxio Asteasuinzarra Pagola 'Beltza', Jose Mari Etxaniz Maiztegi 'Potros' eta Sabin Etxaide Ibarguren 'Eskumotza' errefuxiatuak jo zituzten. Lehen hirurak berehala hil ziren, eta Etxaidek bi ordu geroago eman zuen azken hatsa Lapurdiko hiriburuko ospitalean. Tiroketa ostean, Pierre Frugoli eta Lucien Mattei pistolariak –Marseillako mafiarekin lotutako mertzenarioak, Espainiako Barne Ministerioak kontratatuak– oinez ihes egin zuten Baiona Ttipiko kaleetan barrena. Hala ere, herritarren erantzunari esker ihesa zapuztua izan zen, mertzenarioek Errobira armak bota ostean. Segituan atxilotu zituen poliziak. Lau errefuxiatuen gorpuak euren herrietara iritsi ziren larunbat hartako goizean, irailaren 28an. Gipuzkoak egun bat lehenago geldirik egin zuen, Herri Batasunak, Amnistiaren Aldeko Batzordeek eta KASek deitutako greba orokorraren ondorioz. Monbarreko atentatua herri-memorian geratu da, batez ere eragindako sarraskiarengatik, baina baita Kortaturen 'Hotel Monbar' abesti famatuari esker ere. Taldeko kideek pertsonalki ezagutzen zituzten hildako militanteak.