27 SEPT. 2025 - 00:00h Entrevue USUE MORI CARRASCAL GLADYS SARIAREN IRABAZLEA «Gauza bat falta zaigu eta Adimen Artifizialaren erabilera hobetu lezake: kritiko izatea» Ibilbide zientifiko sendoa du Usue Morik, baina «eliteko» ikerketa eredutik aldendu, eta adimen artifiziala jendearen onurarako erabiltzea lehenetsi du. Hori aitortu diote atzo jaso zuen Gladys Sarian. Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo. Maider Iantzi Usue Mori Carrascalek Gladys Saria jaso zuen atzo bere lantokian, EHUko Informatika Fakultatean, Donostian. Adimen Artifiziala jendartearen ongizatera bideratzeko eta ezagutza transferitzeko urratutako bidea nabarmendu zuen epaimahaiak. Egiten ari den lanaz, bereziki Ondare proiektuaz, mintzatu da GAUR8rekin fakultatean bertan, jende aunitzen zorion agurren artean. Zorionak! Denon ahotan dabilen gai batengatik lortu duzu saria. Nola definituko zenuke Adimen Artifiziala? Eskerrik asko! Esaten da makina batek adimen artifiziala daukala adimenarekin lotzen ditugun ezaugarri batzuk bertan ikusten ditugunean. Bi mota daude: lehena, AA orokorra, gizakiak egin dezakeen edozein gauza egin dezakeen makina da. Halakorik ez dago eta, nire ustez, oso urruti dago. Bigarrena, AA estua, ataza jakinak egiteko gai den makina da. Momentu honetan hori dugu. Makina horrek adimena erakusten duten ataza konkretuak ebazten ditu: plangintzak, iragarpenak, sailkapenak... Horretarako, datu eta adibide pila bat ikusten ditu eta, guk bezala, horietatik ikasten du. AA ez da bakarrik guztion eskuetan dagoen ChatGPT; plangintza gaitasuna edo ikasteko gaitasuna erakusten duen edozein sistema da. Adibidez, irudiak automatikoki etiketatzeko baliatzen da, baita medikuntzan irudietatik diagnosiak egiten laguntzeko ere. Ia arlo guztietan txertatua dago. Berez ikerketa arlo nahiko zaharra da, baina orain txatbot hauekin gorakada handia izan du eta oso modu orokorrean gizarteratu da. Guk ChatGPT atera aurretik ikerketa egiten genuen. Nondik dator AA? Badaude publikoki finantzatutako eta beste toki batzuetatik ateratako ekimen batzuk, libreak, txikiagoak, gardenagoak. Baina denon eskura daudenak teknologia enpresa handietatik datoz. Beraiek dute halako gauza handiak egiteko ahalmena. Hori ez litzateke horrela izan behar, ze badauzka alde ilunak. Nola eraikitzen da? Sistema sortzen duenaren arabera ezaugarri ezberdinak izaten ditu. Batzuetan pentsatzen dugu AAk pertsona izaera daukala, baina algoritmo matematiko bat da, probabilitatea erabiltzen duena. Ez dauka emoziorik eta enpatiarik. Eta noski, akatsak egiten ditu, alborapenak dauzka. Hartzen dituen erabakien arrazoia jakitea oso zaila da. Badaude moduak gauzak hobeto egiten saiatzeko, algoritmo horiek egiten dituzten alborapenak saihesten ahaleginduz, ahalik eta gardenen izaten saiatuz, kode irekia izanez, zein daturekin entrenatu duten jakinez, edozein motatako datuak ez erabiliz... Badaude gauzak sistemaren eraikuntza hobea izateko egin daitezkeenak, ez bakarrik emaitza aldetik, alde etiko eta humanotik ere bai. Zertarako baliatzen da? Berez gauza on askotarako balia daiteke. Azkenean makinek duten gaitasuna da datu pila bat prozesatu ditzaketela, guk baino askoz gehiago. Beste gauza askotan ez dira gu baino hobeak, baina horretan bai. Medikuntzan txertoen formulak bilatzeko edo pazienteak monitorizatzeko erabiltzen da AA. Industrian, anomaliak automatikoki detektatzeko. Denon ahotan ibili diren suteak prebenitzeko edo kudeaketa eraginkorragoa egiteko ere badaude aplikazioak. Gauza onetarako erabil daiteke, baina ez da beti egiten. Nork egiten duen eta zein xede dituen begiratu behar da. Legedia berrien lana izan beharko litzateke hori kontrolatzea. Europan oraintxe atera da legedia berria. Lehen pauso bat da. Zenbait aplikazio debekatuta daude guztiz, eta arrisku handikoak diren edo gai sentikorrak tratatzen dituzten kasuetan exijentzia maila handiagoa daukate. Kasuak ateratzen hasten direnean ikusiko dugu zer gertatzen den. Adimen Artifiziala jendartearen ongizatera bideratzea aitortu dizute Gladys Sarian. AA oso erraz bideratzen da industriara eta nik ere urte asko neramatzan ikerketan industriako problemekin. Momentu batean aldaketa bat behar izan nuen eta hortik ateratzea erabaki nuen. Duela zenbait urte Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektu batzuetan parte hartzen hasi nintzen, politika sozialetan dauzkan zerbitzuak hobeto ulertzeko, adibidez. Iritsi zen une bat konturatu ginena beste pauso bat eman nahi genuela. Proiektu berri bat eskatu genuen, orokorragoa, eta hala sortu genuen Ondare. Diziplina arteko sare bat eratu dugu. Aldaketa handi bat izan da proiektuan Filosofiako, Zuzenbideko, Hezkuntzako eta Soziologiako jendea sartzea. AA ikuspegi oso tekniko batetik egiten ohituta gaude, ez gara alderdi humanistiko guztian pentsatzen jartzen, eta berez bada gai bat hori dena behar duena. Noski behar duela gogoeta bat legediari buruz, hausnarketa filosofiko bat... Aurrerapauso handi bat izan da hori. Unibertsitatean ikerketa taldeetan lan egiten dugu, eta proiektu honen bereizgarri bat da talde ezberdinetako jendea elkartzea. Formazioa ere ardatz duzue. Gizartea eta arlo ezberdinetako profesionalak AAren inguruan formatu ditugu. Hitzaldiak eman ditugu, ikastaroak sortu Zuzenbideko jendearentzat, kurtso mistoak antolatu diziplina ezberdinetako jendearekin, Informatikako eta Filosofiako ikasleak nahastu ditugu... Arlo teknikotik eta akademiatik harago joaten saiatu gara. Adimen Artifizialeko graduko koordinatzailea zara. Egia da gazteak falta direla arlo honetan? Graduko bigarren promozioa atera zen iaz. Taldea txikia da, 40 lagun dira guztira. Ez da sekulako jende masa, baina Informatika ikasten dutenek ere badute ezagutza Adimen Artifizialean. Hemen badago horretan lan egin dezakeen jendea. AArena lau urteko gradu bat da. Lehenengo urtean AA eta Informatika nahiko batera doaz, baina oso azkar banatzen dira ibilbideak. Nik dakidala ikasleak gustura daude. Bigarren eta laugarren mailan ematen dut klasea, eta egia esan oso pozik. Zein da jendarte digital hobe baterako bidea? Gauza bat falta zaigu eta asko hobetu lezake erabilera: kritikoak izan behar dugu. Sentsazioa daukat erabiltzaile bezala iristen zaiguna hartzen dugula, nolakoa den eta nork eta zertarako sortu duen kuestionatu gabe. AArekin are esajeratuagoa da, jendeak gauza guztietarako erabiltzen duelako ChatGPT. Jende askok honek ematen dion erantzuna onartzen du huts egitea ezinezkoa balitz bezala. Eta akats asko egiten ditu. Lehenengo baldintza kritikoak izatea eta ahalik eta formatuen egotea izango litzateke, zer erabiltzen ari garen jakiteko eta zer egin dezakeen eta zer ez bereizteko. Txat baten gisako interfazea dauka eta horrek pertsona bat izango balitz bezala tratatzera eraman gaitzake, baina ez da pertsona bat. Ez du zentzurik ChatGPTri sentimenduei buruz galdetzeak. Ez du psikologo bezala balio. Adibidez, lagungarria izan daiteke testu bat berridazteko edo hobeto idazteko. Gure Informatikako ikasleek programatzeko erabiltzen dute eta erabili behar dute, hor dagoen tresna bat baita, ezin da deuseztatu. Baina hala esaten diegu: ‘Dena ChatGPTrekin egiten baduzue zertarako behar zaituztete zuek?’ AA batek berak bakarrik ez du programatzen pertsona batek bezala. Zertan ari den dakien pertsona bat behar da. AA erabil dezakezu laguntzeko, ataza batzuk azkarrago egiteko, gauza batzuk hobetzeko, baina ez hutsetik dena egiteko. Ulertzeko, ondo ala gaizki dagoen konturatzeko eta zuzendu beharrekoa zuzentzeko gai izan behar duzu. Ez naiz erabiltzearen aurkakoa, inolaz ere. Nik erabiltzen dut. Baina gauza batzuetarako baliatu behar da, eta zer den jakinda. Nola funtzionatzen dute halako sistemek? Sinple esanda, esaldi bat emanda hurrengo hitza edo hitzak zeintzuk diren iragartzen dute, hitzen arteko erlazioen patroietan oinarrituta, ez hainbeste esanahietan. Batzuetan harrigarria da gauza batzuk hain ondo egitea jakinda nola funtzionatzen duen. Egia da informazio pila bat prozesatu duela eta ikasketa prozesua egiteko algoritmo horiek boteretsuak direla. Patroi oso konplexuak aurkitzeko gai dira. Zer suposatu zuen ChatGPTk? ChatGPT atera zenean iraultza handia izan zen, ordura arte egiten zenarekin konparatuta salto izugarria izan zelako. Zientifikoki ere fakultatean honetan lan egiten dugunontzat ezustea izan zen, nahiz eta atzean dauden teknologiak ezagutzen genituen: ‘Benetan hau egin daiteke?’. Baina AArekin kontaktua lehenago hasi nuen. Tesia horretaz egin nuen. Ez ziren hizkuntzarekin erlazionatutako problemak, nik beste datu mota batekin lan egiten dut, denboran jasotako datu numerikoekin. Adibidez, eguraldiaren joera urteetan. Horietatik patroiak ateratzen, iragartzen eta sailkatzen saiatzen naiz. Zertarako baliatzen duzu ChatGPT? Ez dut pila bat erabiltzen. Testuren bat idatzi behar badut hizkuntza pixka bat moldatzeko erabiltzen dut. Gehienbat Matematikako ikasgaiak ematen ditut eta ariketak prestatzeko lagungarri zait. Ematen didana ebaluatzeko formazioa izanda, ariketa baten barianteak sortzeko erabilgarria da. Programatzerakoan ere, lengoia batean egiten ohitua banago eta beste lengoaia bateko kode bat ulertu behar badut, ChatGPTri sartu eta berak azaltzen dit. Zein Adimen Artifizial eredu erabiltzen dituzu? Eredu pila bat daude eta bakoitzak problema ezberdinak ebazteko eta datu ezberdinekin lan egiteko balio du. Gaur egun deep-learning deitzen diren ereduak dira gehien erabiltzen direnak, sare neuronal formakoak. Eredu horietan zure datuak zenbakien bitartez adierazten dituzu. Horiek sarean sartzen dira, eta hor barruan operazio matematiko pila egiten dira. Imajinatu sailkapen bat. Txakurren eta katuen irudiak ditugu eta irudiak bata ala bestea diren jakin nahi dugu. Irudi bakoitza sarean sartu, kodifikatu, operazio matematiko pila bat egin, eta irteeran txakurra ala katua aterako litzaiguke. Ereduek entrenamendu fase bat daukate non irudiak sartzen ditugun eta irteera benetako irudiarekin konparatzen dugun. Hor sortzen den errorea kontuan hartuta eredu barruan dauden eragiketa horiek pixka bat egokituko ditugu errorea txikiagoa izateko. Hori da prozesua. Sare bat edozeinek egin dezake, gauza da teknologia handiek arkitektura zehatz batzuk dauzkatela ez dakizunak nola osatuak dauden. ChatGPTren eredua pribatua da. Beste eredu bat eraiki dezakegu antzeko atazak egiteko; halako sare bat entrenatu ahal izateko ahalmen handia behar da, ordea. Fakultatean Latxa eredua egin dute, euskarazko testuak erabiltzen dituena. Nola ari da eragiten AA gure bizitzetan? Eta nola eragingo du etorkizunean? Eragiten du, ze erabiltzen ditugun aplikazio eta gauza askotan txertatua dago, batzuetan ez konturatu arren. Nola eragiten duen? Badaude aplikazio on batzuk, eta medikuntzan eta beste zenbait arlotan aurrerapenak ekarriko ditu. Bestalde, gauza txarrak ere ekarriko ditu. Adibidez, nahiko modan dago Israelek erabili duen Lavender sistema, zeini eraso egin aukeratzeko. Gauza txarretarako erabil daiteke, noski. Gizakiok egingo bagenu ez dakit askoz hobeto egingo genukeen, baina arazo etiko nabarmenak daude hor. Modu gertukoagoan, gure egunerokoan, batzuetan erabili behar ez dugunerako erabiltzen dugu AA. Atera dira kasuak psikologo bezala erabili duen jendearenak. Bikote bezala ere tratatu dute halako txatbot bat. Halako arazoak ekarriko ditu. Guk hezkuntzan kopiatzearen arazoa daukagu. Gizartea prestatu eta aldatu beharko da halako gauzei aurre egiteko. Zein da honen guztiaren kostua, ekonomikoa eta ingurumenean duena? Aipatu ditugun eredu horiek oso ahaltsuak dira zenbait gauza egiteko, baina beren entrenamendua oso garestia da konputazionalki. Horrek esan nahi du ordenagailu askok aritu behar dutela aldi berean lanean hilabeteetan. Oso kontsumo altua daukate. Bestalde, eredu horiek datuetatik elikatzen dira. Batez ere Internetekoetatik. Datu horiek guztiak biltzeak ere kostu izugarria dauka. AAk daukan kostua eta ingurugiroan daukan eragina ukaezina da. Ataza berdinak ebazteko eredu txikiagoak erabiltzen saiatzen ari dira, baina kostua altua da oraindik. Pribatutasuna urratzeko arriskua du AAk? ChatGPTn idazten dituzun gauza guztiak eredua entrenatzeko berrerabiltzen dituzte. Batzuetan galdetzen du: ‘Gustatu zaizu eman dizudan erantzuna?’. Horretaz kontziente izan beharko genuke. Arazoa ez dira hainbeste zure datu partikularrak. Enpresa horiei ez zaie axola zutaz jakitea, baina jende guztiaren datuekin patroiak atera ditzakete. Gizarte osoaren informazio orokorra dute eta hori bai da tentsoagoa, ez dakigulako informazio hori zeinek duen eta zertarako erabiliko duen. Praktika on batzuk gomendatuko zenituzke? Gaur egun egoera dagoen moduan oso zaila da hortik ateratzea eta, adibidez, Google ez erabiltzea. Nik erabiltzen dut, baina gutxienez kontziente naiz ez dela debalde; produktua ni naiz. Alternatiba garden eta libreagoak ateratzen badira, horietara joko dut. Badaude batzuk, baina ez publiko orokorrak hain erraz erabiltzekoak. Nola irudikatzen duzu etorkizun hurbila? Adimen Artifiziala gero eta gehiago txertatuko da gauza guztietan eta poliki-poliki moldatzen joan beharko dugu. Hezkuntzan, adibidez, gogoeta sakon bat egin beharko dugu, eta egiteko moduak teknologia honen existentziara egokitu. Kritikoak bagara eta etorriko denaz kontziente bagara, egokitzen saiatuko gara. Egoera datorren bezala hartzen badugu, ostera, gainera etorriko zaigu. Ondareri jarraipena emanen diozue? Proiektua abenduan bukatuko da eta hemendik aurrera zein forma eman aztertzen ari gara. Ideia ezberdinak ditugu; unibertsitate-gizarte gela bat sortzea, adibidez. Oraintxe hortxe gaude. Dauzkagun proiektuekin segituko dugu eta, orain arte bezala bada, gauza berriak aterako dira denbora osoan. Hasi ginenetik hala izan da etengabe, guri gauza pila bat bururatzen zaizkigulako eta oso erantzun ona lortu dugulako jendearengandik. Ekintza batetik beste bat ateratzen da. Formakuntzako gauza dezente dauzkagu eta generoari eta Adimen Artifizialari buruzkoak ere bai. Fakultatean emakume ikasleen talde bat sortu dugu, Hack Morea. Eskoletara bidaltzen ditugu praktikak egitera eta generoa lantzera. Ondare barruan talde bat sortu dugu generoan lan egiteko eta proiektu dezente dauzkagu ildo horretan. Hack Moreaz gain, Zarauzko Emakumeen Etxean hitzaldiak emango ditugu abenduan. Ideia da hitzaldi hori beste toki batzuetan egitea. Bi saio izango dira: Zer da Adimen Artifiziala? Eta zein alborapen ditu? Publiko orokorrarentzat izango da. Material idatzia ere prestatzen ari gara gaiari buruz. Indartsu dago generoaren arloa Ondaren. Emakume pila bat gara taldean, eta hori Informatikan oso arraroa da. Ikerketa talde ezberdinetakoak elkartu gara eta emakume asko gaude. Bada gai bat kezkatzen gaituena eta dezente lantzen ari gara.