29 SEPT. 2025 - 13:20h Etorkizuneko elikadura mintzagai gaur Zarautzen, Patxi Larunberen eskutik Etorkizuneko elikadura mintzagai izango dute gaur (irailak 30) Zarautzen, Patxi Larunberen eskutik. Elikagai biosintetikoen sorrera izango dute hizpide Modelo Aretoan, Cocuus enpresaren proiektuak hartutako bide berritzaileak ardatz hartuta. Irudian, hiztaldia eskainiko duen Patxi Larunbe ingeniaria. (ZarautzOn Elkartea) GAUR8 Elikaduran jarri du fokua ZarautzOn elkarteak ikasturtea zabaltzeko antolatutako lehen hitzaldian. Horretarako, Patxi Cocuus-eko sortzaileetako bat den Patxi Larunbe gonbidatu dute. Bihar, irailaren 30ean, da hitzordua Zarauzko Modelo Aretoan, 19.30ean, eta gaztelaniaz izango da hau.Cocuus enpresa nafarra da. Zizur txikian kokatuta, «mundu mailako arazo larri bat konpontzea» du helburu: «gosearekin eta haragi proteinen faltarekin amaitzea», aurreratu du elkarteak, hitzaldian jorratuko duten gaia kokatzeko.Negozio ideia horren «sortzailea» eta «sustatzailea» da Patxi Larunbe ingeniaria. «Kontua da ekuaziotik animalien sakrifizioa» atera nahi dutela eta «elikagai biosintetikoak ekoizteko gai dira, modu tradizionalean lortzen diren mantenugai eta proteina berdinekin», zehaztu dute.Nabarmendu dutenez, landare eta animalia jatorri duten haragi produktu alternatiboen elikaduran zentratu da enpresa. «Irtenbide disruptiboak dira», eta Larunberen esanetan, elikagaien laser bidezko transformazioa eta 3D inprimaketarako munduko lehen teknologia fabrikatzen eta merkaturatzen du. Larunberen biografiaz azaldu dute 3D inprimaketa laborategietan aritu zela duela urteak, eta era berean, medikuntzan, automobilgintzan eta sektore aeroespazialean aritu zela. «Orain, agroelikaduran hasi da berbera egiten, gure plateretan bidea urratzen», gaineratu dute.