04 OCT. 2025 - 00:00h Ertzetako lanbideen 40 begirada Portugaleten, tokiko memoriari emanak Nerbioiko Itsasadarrarekin lotuta dauden 40 begirada bildu ditu Sergio Monedero abantarrak «Isladak» erakusketan. Portugaleten daude ikusgai orain, Bizkaia Zubian eta Rialia museoan, eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museora joango dira ondoren. Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo. Nerea Goti Nerbioiko Itsasadarrak haren ertzetan sortutako lanbideen erretratuak ditu ikusgai azaroaren 9ra arte, Portugaleten. Bizkaia Zubiko terrazetan dago lanaren zati bat, 15 erretratu daude guztira bertan. Beste 25eko bilduma bat, handik metro batzuetara, itsasadarraren ertzetako “kriatura” ere baden Rialia industriaren museoan ikus daitezke. Gallartara joango dira guztiak ondoren, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museora; lanaren muinean dauden itsasadarren erroekin lotura zuzena duen beste espazio batera, beraz. Sergio Monedero (Bilbo, 1974) argazkilariarena da lana, bost urtetako prozesu sakon baten emaitza dena. Zuri-beltzeko 40 argazkik osatzen dute “Isladak” titulupean argia ikusi duen bilduma, eta ez dira guztiak, askoz gehiago utzi ditu proiektuak. Argia ikusi duten horiek ikusleari begietara begiratzen diote, zuzenean, aurrean dagoena interpelatuko balute bezala. Indar, mezu eta intentsitate ezberdinetako begiradek informazio handia ematen dute, eskuak jartzeko moduak hitz egiten duen bezala. Bakoitzaren atzean, istorio bat dago, elkarrizketa bat, eta ikuspegi kolektiboago batetik, oroimen ariketa bat ere badira. Txikitan hasi zen argazkilaritzara hurbiltzen Sergio Monedero, kamera analogiko arrunt horietako batekin bizitzaren eszena arrunt horiek argazki bilakatzen zituen aita zaletuaren ondoan; argazki-filma errebelatzera eraman eta bueltan zetozen paperezko emaitza haien iritsiera ospatuz. Zaletasun hura hazten joan zen, eta oso era autodidakta batean hasieran, esperientzian sortutako akatsetatik eta asmatutakoetatik ikastekoak izan ziren lehen urratsak. Gerora, ikastaro eta formazio saio ezberdinak etorri ziren, eta ondoren, konstante bat izan da «pertsonen» argazkilaritzarekiko grina. «Gogokoen dudan generoa da», onartu du. Bide horretan, “Boxeolariak” eta “Errugbilariak” bezalako lanak daude sinatu dituen azken proiektuen artean. Industria-osteko paisaiak ere izan dira inspirazio iturri. Bien arteko nolabaiteko lotura bat dago, biek islatzen dute iragana, nortasuna, erroak... Boxeoaren eta errugbiaren mundura egindako introspekzio fotografiko horietatik hona, kirol pertsonen psikea, sentimenduak islatzea egon da beti erdigunean. Pertsonen alde intimoena erakutsi nahi izate hori azken erakusketa honetan ere badago, eta ondoan, beste galdera batzuei erantzuteko nahia ere bai. Lana garatzeko prozedura aparteko kapitulu bat da istorio honetan. IRUDIEN PROTAGONISTAK ”Isladak” erakusketak ikusgai dituen irudien atzean kolektibo ugari daude, itsasadarraren eguneroko bizitzaren parte direnak, kirola, kultura, musika edota itsasoari lotutako hainbat lanbide eta jarduera. Sardina saltzaileak, aktoreak, musikariak, El Saltillo eskifaiako tripulazioa, portuko gidariak, garbitzaileak eta harri zulatzaileak daude, besteak beste, irudi horien atzeko kolektiboen artean. Baita ekintzaileak ere. «Etorkizuna esku sendoekin eta begirada garbiarekin eraikitzen baita», dio erretratu batek, eta zera gehitu du: «Ahalduntzea erabakitzea, parte hartzea eta lidergoa hartzea da». «Isladak» erakusketa Portugaleteko terrazetan, Bizkaiko Zubian. (Aritz LOIOLA / FOKU) Sona handiko aurpegiak aurkituko ditu bisitariak ikusgai dauden argazkien artean. Besteak beste, Itziar Ituño aktorea, Andoni Goikoetxea Athleticeko jokalari ohia edota Niko Vazquez MCD eta Motorsex banden sortzaile eta “Make Bilbao Grey Again” proiektuaren egilea ageri dira. Irudiekin kontatu nahi duenaz galdetuta, Monederok argi dio itsasadarraren inguruko ideia hori barruan eraman duen zerbait izan dela: «Markatu gaitu sozialki, kulturalki, politikoki... eta hori da buruan izan dudan zerbait, hori izan da haria». Aldarrikapena ere bada lanaren arimaren zati bat. «Nor gara, nondik gatoz eta nora goaz» pentsamendutik sortzen den zerbait dago oinarrian, dioenez. «Nortzuk izan ginen eta zergatik garen garenok», edo beste era batera esanda, leku baten memoria eta izaera osatzen duten kontakizunen erreibindikazioa, «beste pertsona batzuk egon ziren borroka ezberdinetan, beste pertsona batzuek eraman zuten euskara aurrera, eta beste mila gauza. Haien omenaldi bat ere bada». «Gu bagara haiek izan zirelako, eta izango gara. Herri honek demostratu du erresilientzia daukala eta izango duela. Askotan, dena gure kontra egon arren, ekaitzak eta abar, lortuko dugula sinisten dugu, eta hori erreibindikazio bat da, horretaz ari naiz hitz egiten, memoria historikoa da, ez dugu ahazten», nabarmendu du. Irudiek kontatzen dutena dago, eta ondoan, errelato horretaraino heltzeko eramandako prozedura, erabateko garrantzia duena erretratuak sortzea bezain intimoa den genero batean murgiltzeko. Guztira, 250 lagunek hartu dute parte bost urtetan zehar garatu duen proiektuan, hortik irudi bakoitzean agertzen diren urte ezberdinak. Kopuru handiak atentzioa ematen du, baina are deigarriagoa da hartutako bidea. Oso arlo eta lan eremu ezberdinetako 250 lagun biltzen dituen egitasmo bat berez gizartearen aniztasunaren nolabaiteko ispilua ere bada, baina horra heltzeko protagonista bakoitzarekin jarraitutako prozedura ere bada. Bizkaiko Zubiko terrazetan dagoen erakusketaren zati bat. (Aritz LOIOLA / FOKU) «Batzuetan galdetzen didate zelan egin dudan kontaktua pertsona horiekin. Kasu batzuetan itsasadarretik egindako paseo baten emaitza izan da, atentzioa eman didan pertsona batekin topo egin dudanean... Haiengana hurbildu eta azaldu diet zer egiteko saiakeran nabilen, ea proiektuan parte hartzeko prest egongo liratekeen. Ez da erraza izaten, baina esan behar dut gehien-gehienetan onartu dutela, eta uste dut hori mutur handiarekin lortzen dela, baina egia esanda eta batez ere zintzotasunarekin lortzen dela», azaldu du Monederok. Lehen baiezkoaren atzetik, begirada horiek lortzeko konplizitatea izan da gako nagusia, eta horri eskatzen duen dedikazioa eskaini dio. «Pertsona bakoitzarekin gutxienez ordubetez egon naiz hitz egiten, euren bizitza konta ziezadaten, nortzuk diren...», dio abantarrak, eta gaineratu du dedikazio hori dela, bere ustez, sakoneko nortasun horretara heltzeko modu bakarra. Protagonistak aukeratuko ez lukeen irudia heldu da plazara akaso, baina egilearen esanetan, alde emozionalari bizkarra eman behar izan dio une batez edizioa egiteko orduan, esanguratsuak diren eta duten indar bereziagatik erakusketara heldu diren argazkiak hautatzeko. Ariketak, gainera, beste emaitza bat izan du: «Konturatu nintzen kontatzen zizkidaten esperientzia horiek balioa zutela, ezin ziren galdu. Pentsatu nuen elkarrizketa horiek grabatu zitezkeela, eta egin eta YouTuben eskegi nituen». Beste ekarpen bat, oroimenaren ikuspuntutik. Ibon Pelaez eta Niko Vazquez haien erretratuen aurrean. (Aritz LOIOLA / FOKU) Sakonera handiko ibilbide horretaz asko dakien lagun bat izan du ondoan Monederok, Mavi Garcia Zamalloa. Haren erretratua ikus daiteke Bizkaia Zubian. Lanaren aurrean, kontatu du ez dela erraza erretratu baterako pausatu behar izatea, baina prozesua erraza egiten duela Monederok, pentsa dezakezula luzatzen ari zarela, baina elkarrizketa horretan gai batetik bestera pasatzen zarela «konturatu gabe», eta horrek solasaldian aurrez aurre dauden bi pertsonen artean sortzen den loturarekin duela zerikusia, kontatzeko zerbait izan eta entzuna izatearen arteko oreka horretan mugitzen diren uneak. Ezabatzen doaz tentsioak, lotsak, beldurrak... eta gainera itsasadarra zegoen proiektuaren erdian, eta etxeko sustraietarainoko lotura estua izanik, «ohorea» izan da berarentzat itsasadarraz hitz egitea: «Aita gallartarra nuen, harri zulatzailea aitite, aitak meategian egin zuen lan.., eta horrela ematen diot hasiera nire kontakizunari». Zioenez, seme-alaben kolikoen paseoen lekuko izan da itsasadarra, lagunen artekoena... baina «ez da paisaia soilik, munduko gainerakoarekin konektatu gaitu». Gogoratu zuen bertan itsasoratu zela euskal izenik izan ezin zuen itsasontzi bat, portura heltzeko «aukera gehiago izateko horrela; gerratik ihesi milaka haur irten zirela handik 1937an..., eta gogoeta egin du Mondederok: «Zenbat elkarrizketa, gertaera historiko... ikusi ditu leku honek, lekuko izan den guztiaz hitz egingo baligu...».