04 OCT. 2025 - 00:00h Udalekuko dutxak Egunotan sare sozialak asaldatu zaizkigu, udaleku batzuetako dutxa eta aldagela kontuekin. (GETTY) Oier Gorosabel Saturrarango apaizgaitegian maisu zebilela, Joxemiel Barandiaranek ikasleak hondartzara eramaten zituen, futbolean aritu zitezen. Gerra aurreko garai hartan, ordea, eguzkia hartzea ere modan jartzen hasia zen, eta emakumeen izterrak eta besoak ikustean, gazte sotanadunak asaldatzen omen zitzaizkion. Hori dela eta, irakasleak kexa sartu zuen Mutrikuko Udalean, bainujantzi lizun haiek zerabiltzaten andrazkoak Eskilantxarritik harantzagoko haitzetara egoztea eskatuz. Barandiaran oso jakintsua zen, baina baita oso tradizionalista ere; uler daiteke beraz, II Errepublikako gizarte progresista hartan, apaiza lekuz kanpo sentitzea norbere eta inoren gorputzarekiko jarrerotan. Gizartearen joerak dira, denborarekin aldatuz doazenak. Egunotan ere sare sozialak asaldatu zaizkigu, udaleku batzuetako dutxa eta aldagela kontuekin. Ezin da iritzi sendorik eman gertatutakoa ondo ezagutu barik; baina udalekuon antolatzaileen azalpenak datozen artean, eskandaluak lehen aipatutakoarekin zerikusi handia duela esango nuke. Egia da gizakiok gorputzarekiko dugun jarrera konplexua dela, eta nerabezaroak berezko problematika duela; baina arlo hori pedagogian eta talde-dinamiketan kontuan hartzen delakoan nago -gaur, antzina baino askoz ere gehiago eta hobeto-, eta horrenbestez, ez dut uste udaleku batzuetan aleatorioki eta ganora barik erabiltzen diren kontuak direnik. Kontrara, esango nuke neska-mutilak nahastatze hori apropos eginda dagoela, zerbait lortzeko. Pertsona baten bizipenak guztiz pertsonalak izanik, pauta orokor batzuk ere ikus ditzakegu. Esate baterako: etxe batean gurasoek janzteko-eranzteko atea ixten badute, haurrek ikasiko dute hor ikusi ezin den zerbait dagoela; jendea pasilloan larrugorritan ikustera ohitzen badira, berriz, ez diote biluztasunari garrantzi handirik emango. Bi etxeetako haurrak udaleku batera doazenean, ordea, zer egin? Hiru dutxa ordu ipini, bat mistoa eta bi segregatuak? Eta zer gertatzen da norbere generokoen artean ere biluzik deseroso sentitzen diren gazteekin? Eta sexu-desioaren faktorea sartuko bagenu, akabo (heteronormatibotasunarekin batera); zorionez, hori tradizionalistek baino ez lukete egingo, hondartza nudista batean ibili den edonork baitaki sexu-desioak ez duela hor lekurik -ez behintzat, “hondartza textiletan” duena baino gehiago-, eta bai, ordea, forma eta adin guztietako gorputzen onarpenak eta neutralizazioak. Irakaspen onak, inondik ere, dutxa mistoetan deseroso sentitzen den edozein pertsonarentzat. Duela gutxi, hementxe, kexu nintzen gure gizarteak bizi duen Aro Neoviktoriarraz: udan, turistei alkandora barik ibiltzea eragoztea; saunan bainujantzia inposatzea... Eta ez da bakarrik tradizionalismo kristauarekin lotua, zaku berean sartzen baititut emazteari gizonezko medikuarekin egotea debekatzen dion senarra, edo ilea eta gorputza zapiz edo tunikaz estali beharreko gauza lizuna dela uste duten pertsonak (gure birramonek ere uste zuten hori). Esandakoak esanda, erraz sumatuko duzue nik a priori gai honetan dudan jarrera: udalekuko gazte guztiak batera erabiltzearen aldekoa, bai otorduetan, bai aisialdian, bai ikasgelan eta, noski, baita dutxan ere. Eta norbaitek arazoa duenean banaka landu, noski, arazo pertsonal guztiak landu behar izaten diren bezala. www.abante.eus