09 OCT. 2025 - 12:34h Zinea eta ingurumenaren aldeko sentsibilizazioa asteburuan, BBK Kliman Ingurumenaren aldeko sentsibilizazioarekin lotutako jarduerak egingo dituzte larunbatean BBK Kliman. ‘Robot salvaje’ animaziozko filmaren proiekzioa da proposamenetako bat, baina bertako zuhaitzak landatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Espezie autoktonoak landatuko dituzte Lurgaia Fundazioaren laguntzarekin. (Gorka RUBIO | FOKU) GAUR8 BBK Klima kultur hitzordu berri baten agertokia izango da larunbatean, hilaren 11n, ‘Robot Salvaje’ animaziozko filmaren proiekzioarekin. ‘Udazkeneko Zinema’ programaren barruan kokatzen da hitzordua. Era berean, BBK Mendi Martxak erronka egingo dute, Lurgaia Fundazioarekin batera.Filmari buruz aurreratu dute antolatzaileek «bisualki zirraragarria» dela, «abentura, samurtasuna eta teknologiaren eta naturaren arteko harremanari buruzko hausnarketa uztartzen» dituena. Filma publiko guztientzat da egokia, baina txikienentzat bereziki gomendatuta dago, adiskidetasuna, ingurumenarekiko errespetua eta bizikidetza bezalako balioei buruz hausnartzera gonbidatzen baitu. Sarrerak sarrerak.bbk.eus web orri ofizialean daude eskuragarri, bi euroan.Iazko edizioaren arrakastaren ondoren, egun horretan BBK Mendi Martxak Erronka ere ospatuko da. BBK Banku Fundazioak Lurgaia Fundazioarekin elkarlanean antolatutako jardunaldia da, ingurumenaren aldeko sentsibilizazioa eta baso autoktonoen lehengoratzea helburu dituena. 300 zuhaitz eta zuhaixka Jarduera horretan, Lurgaia Fundazioak Mape edo Amunategi ibaiaren haranean kudeatutako lurretan espezie autoktonoen 300 zuhaitz eta zuhaixka landatuko dira, eta parte hartzaileei aukera emango zaie inguruko basoak berreskuratzeko lanetan zuzenean inplikatzeko.Arratsaldean (15.00etan) BBK Klimaren instalazioetan showcooking agroekologikoa egingo da Ortutik Ahora Catering-en eskutik. Bertan, bertako baratzeko produktuekin errezeta sortzaileak prestatzen irakatsiko da, elikagaiak alferrik ez galtzeko.Beranduago, 16.30etik 18.30era, bost jarduera paralelo eskainiko dira espazioko hainbat puntutan, txandakako dinamikekin, ahalik eta parte hartze handiena lortzeko.